argia.eus
INPRIMATU
España Suma
  • Eratu dira udal berriak eta ezin esan ezusteko handirik egon denik. Udal hauteskundeen emaitzekin eta ondorengo itun iragarpenetik, dena edo gehiena aurreikusia zegoen. Beste behin ere, ezustekorik izatekotan Nafarroako herriren batzutan izango zen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko ekainaren 19a
Enrique Maya Iruñeko udal plazan alkate izendatua izan ondoren.
Enrique Maya Iruñeko udal plazan alkate izendatua izan ondoren.

Baina ez, PSNk eskuinari eman baitizkio beretzat ez ziren alkatetza guztiak. Navarra Sumarekin (NS) egindako ituna argia izan da: aldaketaren alderdi abertzaleei apurrik ere ez, PSNk goberna zezakeen lekuetan NSk sostengua eman dio eta NSk goberna zezakeenetan PSNk agintea eman dio. Navarra Suma gehi PSN, oraingoan España Suma bihurtu da. Iruñea, Eguesibar, Barañain, Burlata, Lizarra eta beste asko Nafarroako erregimenaren esku geratu dira. 2007ko abuztukada ospetsua ekainkada bihurtu da.
Orain  ikusi beharko da horrek nola eragiten dion Nafarroako Gobernuaren eraketari. Udaletako jokaldiak erakutsi du Maria Chivite izan daitekeela lehendakari, baina NS-ren sostenguarekin. PSN, Geroa Bai, Podemos eta I-Eren aukera ere hor dago, baina lehen oso zaila bazen, orain ez da ia zirrikiturik ikusten.


EAEri dagokionez, EAJ-PSEren nagusitasunak bere bidea egin du, eta herritarren egonkortasun zoriontsuak beste urrats esanguratsu bat eman du. EH Bilduk hamaika lekutan lortu du herri plataformen sostengua eta hainbatetan Ahal Dugurekin jardungo du gobernuan. Gaur gaurkoz, altenatibarik nonbait egosteko aukerarik bada, hortxe da. Egia esan, aurrerantzean ez litzateke batere txarra hauteskunde garaiko sigla sopa –eta zaparrada– gutxiago entzungo balitz eta herritarrentzat onuragarriak diren programa eta edukiak gehiago aipatuko balira.