argia.eus
INPRIMATU
Bidaietako notak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko ekainaren 18a
Azken gaua hirian. Postal Kolekzionistak. Autoekoizpena 2019.

Talde berri bat da Postal Kolekzionistak, Tolosaldekoa, duela urtebete inguru sortua. Iñigo Asensio (ahotsa, gitarra, ahosoinua), Ander Zubillaga (gitarra), Juanjo Falcon (baxua), Irene Lopez (teklatua) eta Michel Longaron (bateria) dira partaideak. Talde trinkoa osatzen dute, eta elkarrekin jotzen ederki moldatzen direla antzeman daiteke, giro onean aritzen direla.

Musikari bikainak dira, eskarmentu handikoak, besteak beste, Iker Lauroba, Izaro, Maider Zabalegi, Zesuma, Governors, Labrit, Manent, Imanol Larzabal, 21 Japonesas eta Duncan Dhu taldeetan arituak. Irene Lopez izan ezik, talde batean jotzen duen lehen aldia baita harentzat.

Iñigo Asensiok sortu ditu doinuak eta hitzak, eta kantak sei urtean hogei herri baino gehiagotara egin dituen bidaietan idatzitako postalak direla esan daiteke. Pop-rock kutsuko kantak dira. Pasarte lasaiak eta indartsuak entzun daitezke, ongi osatuak eta jantziak, melodia politekin, eta erritmo eta kolore ugarirekin.

Zenbait toki eta egoera ageri dira kantetan, eta entzuterakoan une gazi-gozoak eta hunkigarriak suma daitezke. Bidaietan bizi daitezkeen sentimenduak eta emozioak, baina batez ere, bakardadea, nostalgia, maitearen ondoan egoteko desioa: “Nire bidaia koadernoan idatzita daramatzat zure izenaren alboan azken tren geltokian esan nizkizun hitzik ederrenak, eta ondoan bakardadea daramat, arima maleta barruan” (Azken gaua hirian), “Zure bila dabilen nomada sustraitua naiz” (Hareazko erlojua), “Ez zaitzala inork gelditu edonorako itzuleran, bueltan nahi zaitut” (Bueltan), “Egunik luzeenetan eguzkipean dator denboraren epaiketa” (Uda garaiak).

Laura Lizumak egin du diskoaren azala, Ander Zubillaga arduratu da ekoizpenaz, eta grabazio saioetan kolaboratzaile hauen laguntza izan dute: Xabier Zeberio, Markel Zeberio, Elene Arandia, Lide Hernando, Charlie Atkey, Iker Lauroba, Olatz Salvador, Leire Berasaluze, Elene Arandia, Jon Martin, Aitor Zorzano, Nicolas Andino eta Beñat Larrauri. Diskoa jendaurrean aurkezteko emanaldia maiatzaren 10ean egin zuten Tolosako Leidor aretoan, eta datozen asteetan kontzertu gehiago egiteko asmoa dute