argia.eus
INPRIMATU
Berako 1822ko eskuizkribu bat orain argitara
“Uscaldunak garen ezquero...”
  • Berako Udaleko artxiboan gorderik dagoen 1822ko dokumentu batek agerian uzten du aginduzko agiri ofizialek ezkutatzen zuten errealitatea: euskaraz aritzea ezinbertzekoa zen herri mailako erakundeetan, “elkar hobeki aditzeko”. Lerroz lerro, gerra jasan berri zuten herritarren problematika sozial eta linguistikoak aletu daitezke, euskara eder batean.

Mikel Taberna Irazoki 2019ko ekainaren 17a
Bera. Edward Hawke Locker marrazkilari ingelesak 1813an eginiko grabatua. Eskuizkribua idatzi zenean, oraindik ere jasaten ari ziren Frantsesteak (1808-1814) eskualdean eragindako kalteak. (Irudia: ZM Museoa)
Bera. Edward Hawke Locker marrazkilari ingelesak 1813an eginiko grabatua. Eskuizkribua idatzi zenean, oraindik ere jasaten ari ziren Frantsesteak (1808-1814) eskualdean eragindako kalteak. (Irudia: ZM Museoa)

Ustekabe koxkor bat ekarri zigun 1981eko udak. Berako sanestebanak iragartzeko Udalak urtero argitaratzen duen programaren barrenean, Berako Oihua ere erraten zaion gehigarrian, herritar letrazaleek huntaz eta hartaz idatziriko testuekin batera, euskarazko izkribu zahar bat heldu zen, inolako oharrik gabe, ez nork txertatu zuen, ez nondik hartua zen, ez zergatik sartzen zen han: “Uscaldunac garen ezquero, sala unetan arquitcen garen guciyec, uscaraz esplicatcia iduritu zaigu, errespetuz beteric, gaur emen tratatcera duayen asuntuba, elcar obequi adituric, acertatceco. Aiñ andiya eta importantia da, gure ustian, escu artian dugun asuntuba, non unen acertatciac edo utseguitiac ecarri biartio Veraco erriyari probechu larriyac edo calte lastimagarriyac”.

Testu zaharra zen, bai, 1822koa –data bertan heldu zen–, baina hain urtetsua eta jatorrizkoaren argazkia izanagatik aisa irakur zitekeen. Euskara ederrean eta, gainera, ez zen testu erlijiosoa, herriko barbera (sendagilea) hautatzeko kontuan hartu beharreko irizpideak proposatzen baitzituzten sei sinatzaileek: “Tratatcen da Barberaren nombramentubaz. Tratatcen da, osasuna edo eriyotcia emaiten duben oficiyo delicaduba artaz…”.

Hogei urte geroago etorri zen Imanol Trebiñoren Administrazio zibileko testu historikoak lana, historian zehar euskaraz idatziriko gisa horretako testuen bilduma joria, ikertzailearen bilaketa eta bilketa oparoaren emaitza. Berako udal artxiboan aurkituriko batzuk ere bazeuden tartean, baina ez hemen aipagai duguna.

Ezin jakin zehatz-mehatz zer urtetan ibili ote zen EHUko liburuzaina Berako Udaleko agiri bilduma miatzen. Dudarik gabe, orain hizpidera ekarri dugun hau ez zen gainerakoekin batera izanen, hark begi eman izatera bildu izanen baitzuen. Non ote zegoen edo nork ote zuen? Gaur egun Berako artxiboan dago, geronek egiaztatu ahal izan dugunez.

Harritzekoa bada ere, sanesteban haietatik honat ez dugu inon sumatu orain dela ia berrogei urte herriko etxe guzietara sartu zen eskuizkribu honen oihartzunik. Armiarma webguneko Klasikoen Gordailuan ez da ageri, eta bertzetan ere ez dugu honen arrastorik ikusi. Eta argitara agertzea erabaki dugu.

Herritar guztiei zuzendua, etxejabe zein maizter

Sei gizonek sinatzen dute testua. Haietako hiru, elizaren zerbitzariak ziren, herriko erretorea, Juan Estevan Irazoqui, eta herriko bi apez, Martin Josef Hualde eta Juan Esteban Garmendia –idazkerari erreparatuta, azken hau dugu idazlea–; gainerako hiruretako bat, militarra, gradu altu samarraren jabe zena, Gregorio Echegaray, eta bertze biak, Garmenditxipia jauregiko nagusia, Francisco Estevan Echenique, eta haren seme Santos Echenique.

Seiek euren izenak elkartu eta herri osoari adierazpen bateratua zuzendu zioten. “Alcate, Erregidore, Vecino, eta habitante Veracuac”. Erran nahi baita, alkatea, zinegotziak eta gainerako herritarrak: etxaldekoak, etxearen jabe zirenak (vecino), eta etxe propiorik gabeak, maizterrak (habitante).

Testu zibila izanagatik, estilo erretorikoari erreparaturik, idazkiari prediku usaina dario, pulpitutik irakurtzeko prestatu balitz bezala, baina lehenbiziko lerroetan jartzen duena irakurrita garbi dago bertzelako eztabaidagune baterako zela: sala hura Herriko Etxeko aretoa izan behar zuen. Hain justu bertan bildu ziren Batzarre Orokorraren bilkura egiteko, artxiboko bertze agiri batean egiaztatu dugunez.

Barber ona, ezkongabea izan edo ez

Sinatzaileek pentsatu zuten lehen baino lehen zerbait egin behar zutela, ikusirik Berako herriak problema larria zuela: herriko medikua, Juan Manuel Moleda Lostra zugarramurdiarra, hil egin zen ustekabean, gazterik. Haren hutsa beteko zuena agudo hautatu behar zen. Sendagilearen heriotza 1821eko abenduaren 26an izan zen, eta idazkia urtarrilaren 12koa da.

Iduri duenez, mediku jaunak, lehendik alargun izaki, bazuen bere kargu alaba gazte bat bederen. Nonbait, herrian zenbaitek uste zuten zirkunstantzia hori kontuan hartu behar zela barber berria hautatzeko eta ezkongabea zen medikua ekarri beharko zela, umezurtzaren bizilagun –bizitzarako bidaide– ere izan zedin.

Gero erranen dizu gaur egungo jende bere ustezko jakintsu zenbaitek hemen geronek utzi dugula mendez mende euskara zoko batean usteltzen, euskara gero eta gutiago erabili dela geure borondatez, guk geronek hala nahita, “zeren herriak ez baitu hainbeste estimatzen euskara”, Gandiagak zioen bezala.

Testuaren sinatzaileek aitortzen dute haiek ere bat egiten dutela alaba urrikalgarriari laguntzeko borondatearekin, baina arrunt arriskutsua iruditzen zaiela lagundu nahi izate hori sendagilea hautatzeko prozedurarekin nahastea. Haien ustez, hori ez bertzelako arrazoiak hartu behar ziren kontuan. Nolabait ere, bermatu behar zen herritarren osasunaz arduratuko zenak izan behar zuela, batez ere, mediku ona: “…barber yaquintsu bat, practicua eta esperimentatuba, eta albada hospitaletan obserbacione anitz icusi eta icasi tubena”.

“Necazale miserable batec eztu mediyoric”

Horretaz aparte, sinatzaileek herriko diru kutxaren egoeraren berri ere ematen digute: “Eguiya da: erriya pobre arquitcen da: demborac, gure desgraciyaz, tristiac dire. Envidiya andi bat diogu guc Erribera aldeco Vera bezalaco erri batzubei, ceñetan errenta onac baldin badira, eztire gutiyago Barber onac eta famatubac: nola diren Caresan, Tafallan, Peraltan, eta guisa unetaco bertce erri anitcetan. Ecin compara guitezque erriya equin ontasunetan.”

Bera oraindik ere jasaten ari zen Frantsesteak (1808-1814) eskualdean eragin zuen deskalabru ekonomikoa, kanpoko nahiz herriko historialariek euren azterlanetan behin baino gehiagotan aipatu dutena.

Hala, pobreen defentsan agertzen dira. Sendagile ona hautatu behar da, herritar guzientzat ariko dena. Aberatsak ez duke halako kezkarik, dezakeenak badezake; ez duenak, ordea: “Ceren ongui dagona ichian, biartcen bada estutasun batian Barber on batez, ecarrico du campotic bere gostura bederen; biño necazale miserable batec eztu mediyoric izanen”.

Euskaraz, elkar hobeki aditzeko

Testuak eskaintzen dizkigun jakingarri mamitsuak alde batera utzirik, sinatzaileek adierazpen latza egiten digute izkribuaren hasieran berean, ederra bezain krudela.

Testuaren sarreran, hain zuzen ere, justifikatu egiten dute zergatik erabaki duten azalpenak euskaraz ematea: “Uscaldunac garen ezquero…”. Alegia, euskaraz aritzea erabaki zuten, elkar hobeki konprenitzeko, euskarak ematen baitzien euren artean gaizki-ulerturik ez izateko ziurtasuna. Euskaraz esplikatzera behartuak sentitzen ziren, baina “errespetuz beteric”, bazekitelako ez zela norma –bertzelakoa zela agindua–, eta, nonbait, ez zutelako nahi inork haiei kargu hartzea.

Gero erranen dizu gaur egungo jende bere ustezko jakintsu zenbaitek hemen geronek utzi dugula mendez mende euskara zoko batean usteltzen, euskara gero eta gutiago erabili dela geure borondatez, guk geronek hala nahita, “zeren herriak ez baitu hainbeste estimatzen euskara”, Gandiagak zioen bezala.

Barber euskalduna

Izkribuak ez dakar sendagile lanpostua betetzeko hautagaien hizkuntz eskakizunen gaineko aipamenik, baina udal artxiboan bildurik dauden agirietan –horiek denak gaztelaniaz– ikusi dugu oposizioa egin zela Iruñean, bi hautagairen artean bat hartzeko, eta Pedro José Goizueta Alcasena hautatu zutela, sortzez lesakarra eta Igantziko sendagilea zena (eta ezkondua!); bertze hautagaia Manuel López zen, ez dakigu nongoa.

Nekazari nafarrak XIX. mendeko lehen erdialdeko grabatuan.

Epaileen iritziz, bietako edozeinek ongi beteko zuen sendagile lana, baina Berako Udalaren borondatea kontuan hartuz (“…con arreglo á los deseos de Ayuntamiento para el mayor acierto en la eleccion, y mas escrupuloso informe…”), lesakarra hobetsi zuten. Ez dute zehatzago argitzen hautespen horren arrazoia, baina litekeena da, hain zuzen ere, haren euskalduntasuna kontuan hartu izana, zeren geroagoko bertze agiri batean, Berako Udalak 1831n bertze mediku bat hautatu behar izan zuen garaian, espresuki aipatzen baita hautagaiek euskaldunak izan behar dutela: “…los pretendientes deven poseher el idioma bascongado…”.

Izkribua osorik eta hizkuntz azterketa ere bidean

Herritarrei zuzendurik eta herritar guziek ulertzeko asmoz eginiko euskarazko testua izanik, izkribuan bertako hizkera erabiltzen saiatu izanen ziren, nahitaez. Sinatzaileek izanen zuten horretarako gaitasunik aski, seiak Beran jaioak baitziren, elizako datuen artxiboan ikusi dugunez.

Hori kontuan hartuz, interesgarria litzateke hizkuntzaren aldetik aztertzea eta alderatzea lehendik bilduak diren garai bertsuko idazki zibilekin nahiz erlijiosoekin –Berakoak zein ingurukoak, mugaren bi aldeetakoak–,  bai baitira halako bat baino gehiago.
Horretarako, izkribua osorik laster argitaratuko da aldizkari espezializatuan, eta Ekaitz Santazilia hizkuntzalari adituaren iruzkina ere agertuko da bertan, halako eginkizuna ez baitago gure esku, zeren hori bailitzateke, izkribu zaharraren egileei ikasi diegun erranera ederra baliatuz,  “…sagar omuac escatcia bezala elorriyari…”.