argia.eus
INPRIMATU
Arnas luzez
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2019ko ekainaren 18a

Zer da hauteskundeetan emaitza onak lortzea? Ideologikoki, statu quo-arekin bat datozen alderdiek botere instituzionala eskuratzea izan ohi dute xede, eta gainera analisi politiko guztiak horretara makurtzea hobesten dute. Hauteskundeetan saritzen da ondo eginda dagoena. Eta kito. Hori ez litzateke onartu beharko; hala ere, erakundeak helburu politiko zabalago baten baitan kokatzen dituzte (ezkerreko) proposamen apurtzaileak dituzten alderdiek. Botere instituzionala hanka bat gehiago izan daiteke, funtsezkoa agian, baina jendartearen eraldaketan sakontzeko tresna gisa ulertuta betiere. Zertarako bestela?

Gaitz erdi litzateke PSNk gobernatzea eta ez izatea UPN edo Navarra Sumaren gobernu bat berriz ere. Batetik, modu bakarra delako hamarkadatan eraikitako botere sare klientelarra desegiten jarraitzeko eta muturreko bazterkeria gainditzeko

Nafarroan (Nafarroa Garaia) esaterako, zaila da esatea Geroa Bai eta EH Bilduren emaitzak ez direla onak izan. Ez dira, alabaina, lauko gobernuari eusteko adinakoak. Aldaketa egiturazko zenbait faktore soziologikok eragin zuten, baina baita uneari eta abaguneari lotutako beste askok ere. Gogoratu behar dugu zenbakiak eta eserleku banaketa doi-doi geratu zirela boto gutxi batzuk gorabehera. Hein batean behintzat, gobernu aurrerakoia osatzea Podemosen ingurumariari esker izan zen posible, eta beste horrenbeste gertatu da orain kontrara, boto horiek lauko gobernuaren eremutik at geratu eta gehienbat PSNra joan direnean. Edonola ere, iragan hurbileko minak alde batera utzi eta hotzean begiratuta, gaitz erdi litzateke PSNk gobernatzea eta UPN edo Navarra Sumaren gobernu bat berriz ere ez izatea. Batetik, modu bakarra delako hamarkadatan eraikitako botere sare klientelarra desegiten jarraitzeko eta muturreko bazterkeria gainditzeko. Bestetik, PSNrengan aldaketa bultzatuko lukeelako, gutxika EAEn duen posiziora ekarrita. Urtetan erregimenaren eusle eta parte izatetik beste jarrera batzuk hartzera eramango luke. Ez dago garbi Madriletik rol aldaketa hori ahalbidetuko duten ala ez: Nafarroa estatu auzi da, atzo, gaur eta bihar. Batera zein bestera, aldaketa ahalbidetu zuten egiturazko joera horiek indartzen jarraitzea da erronka, eta, bidenabar, desmotibazioa eta frustrazio desmobilizatzailea ekiditea. Hauteskundeen aurretik posible zen eta hala da oraindik ere.

EAEn EAJk goranzko joerari eusten dio. EAJren marka-balio nagusi bihurtu dira moderazioa eta egonkortasuna, eta bertan hartu du aterpe tradizionalki eskuma espainolistara zihoan boto askok. Baina ez multzo horrek bakarrik, erdiguneko kokapenak alde guztietatik bozak harrapatzeko beta ematen baitio, esker/eskuin, aberri/patria. Herri ikuspegi batetik, zer nahi duzue esatea, hobe Alderdi Popularrak ordezkaritza politikoa galtzea eta epe luzera identitateen bilbaduran ere inpaktua izatea. Egia da, EAJ dela hauteskunde-zioen arabera mugitzen den alderdi horietako bat, eta sektore espainolista horretatik gizentzeak posizio subiranistetatik urrundu dezakeela. Halaber, PSErekin duen akordioa da aipatutako botere kuota hori bermatzen diona. Bestalde, EH Bilduren emaitzak ere kuantitatiboki oso onak dira. Oreka zailagoa du, ordea, hauteskundeek bultzatzen duten moderazio antzuaren amaraunetik ihes egiteko eta aldi berean bere eremua handitzen jarraitzeko. Akordioen jokoan ere aukera berriak ustiatu beharko ditu, betiere, helburu zabalago baten baitan. Izan ere, badirudi gauzak ez direla ezer aldatzen, baina aldatu aldatzen dira, eta, batez ere, aldatzeko aukera dago. Horri eutsi beharko.