“Gure borrokan sinisten dutenek babesa eskaini beharko ligukete, ez garaile aterako garenaren bermea eskatu”

  • Madrilen jaioa da Geni Gómez López, baina 90eko hamarkadan Nikaraguara jo eta han eman ditu 27 urte. Ekintzaile feminista, Articulación Feminista de Nicaragua (Nikaraguako Artikulazio Feminista) eta Red de Mujeres de Matagalpa (Matagalpako Emakumeen Sarea) taldeetako kidea da. Nikaraguako krisi politikoak eztanda egin eta hiru hilabetera, Espainiara bidaiatu zuen, familia bisitatzera. Bueltatuz gero atxilotua izatearen beldurrez, Madrilen geratzea erabaki du. Segurtasun distantzia horretatik dihardu Nikaraguako egoeraren berri ezagutzera ematen. Euskal Herrira egin duen bisitaldia aprobetxatu dugu berarekin hitz egiteko.

2018ko uztailean Nikaraguatik abiatu eta oraindino ez zara itzuli. Esperotakoa baino gehiago luzatu zaizu Madrilera bidaia.

Ni ez nintzen geratzeko asmoarekin etorri, baina buelta egitekoa nintzela hango adiskideek esan zidaten egoera oso ezegonkorra zela, atzeratzeko pixka bat itzulera. Hilabete itxarotea erabaki nuen, baina egoerak ez zuen hobera egin, eta hemen nago oraindik. Gainera, Nikaraguan errepresio olatu bat bizi dugunez, garrantzitsua bilakatu da gertatzen ari dena herrialdetik kanpo salatuko duten ahotsak izatea.

Nikaraguako krisi politikoak iazko apirilean egin zuen eztanda, baina ondorioztatu dezaket gatazkak denboran atzerago duela jatorria.

Nikaraguan diktadura ari zen eratzen. 2007an Daniel Ortegaren Gobernua boterera bueltatu zen, iraultzaren bigarren zatia beteko zuela promes eginez. Gobernuak bere burua ezkerreko eta anti-inperialistatzat errebindikatu zuen, baina egiatan guzti horrekin kontraesankorra den politika burutu du.

Mugimengu feminista aspalditik zetorren norabide aldaketa hori kritikatzen, ezta?

Nikaraguako feminismoak denbora dezente darama Fronte Sandinistaren norabidearekiko kritiko izaten, batez ere 1998an Ortegaren alabaorde Zoilamérica Narváezek aitaordearengandik jasandako abusu sexualak salatu zituenetik. Ostean etorri zen, estatua eta instituzioen gaineko kontrola elkarbanatzeko asmoz, Ortegak Alderdi Liberal Konstituzionalista eskuindarreko Arnoldo Alemánekin egindako paktua. Hori gutxi ez, eta 2006ko hauteskundeen aurretik, abortuaren penalizazioaren bitartez, eliza kontserbadoreenekin —katolikoak zein ebanjelikoak— egin zuen paktua. Penalizazio horrek indarrean dirau, eta emakumeen eskubideen kontra egiten duten diskurtso eta politikei eman die bide. Guzti honekin batera, herrialdearen funtzionamendu demokratikoan atzerapausoak eman dira: gobernuak estatuaren botereen gainean duen kontrola areagotuz joan da, erabatekoa izan arte. Dena pasa da alderdiaren kontrolpean egotera, eta errepresio giroa geroz eta handiagoa da. Guzti honen aurrean jendartea nahiko desmobilizaturik zegoen, bere salaketekin kalean mantendu izan den mugimendu feminista salbu.

Apirileko matxinadetan, aldiz, jendarteko sektore askok parte hartu zuen. Jendartea mobilizatuz joan den seinale.

2011n, gobernuak Ozeanoarteko kanalaren mega-proiektua onartu zuen, eta beronen eraikuntza lanak Txinako enpresa bati esleitu. Horren aurrean, bereziki kanalak kaltetuko zituen komunitateetako norbanakoek osatutako nekazarien mugimendu bat hasi zen eratzen, eta honek ere gobernuaren errepresioa pairatu zuen. Ondoeza pilatzen zihoan. Apirilean Indio Maíz biosferako erreserba batean jazotako sute batek ere protestak abiarazi zituen, jakina baita nekazaritzara bideratutako lurren inbasioa eta trafikoa gertatzen ari dela. Hau gutxi ez, eta aste gutxiren bueltan jubilatuen pentsioak jaitsi eta kotizazioak igotzen zituen gizarte-segurantzako erreforma onartu zuten, protestak eraginez. Protesta hauek bortizki erreprimitu zituzten, eta errepresio horrek jende gehiago bultzatu zuen protestetan parte hartzera. Protestak areagotu ahala, errepresioa ere areagotu egin zen, eta hainbat herritar hil zituzten: lehendabiziko bizpahiru asteetan hogeitik gora ziren hildakoak, ia denak gazteak. Hilketok eztandarazi zuten egoera, protestak herrialde guztian zehar hedatzea eraginez. Errepresio eta bortizkeria guzti hori tarteko, gizarte-segurantzaren karira sortutako gatazka zerbait handiagoan bilakatu eta jendartearen eskakizuna aldatu zen. Gizarte-segurantza erreforma erretiratzea eskatzetik [gobernuak gerora erretiratu zuen], Ortegaren Gobernuak agintea uztea eskatzera pasa zen jendea. Ordurako herriak zera nahi zuen: batetik, errepresioaren biktimentzat justizia; eta bestetik, hauteskunde plural, libre eta gardenak bermatuko dituen demokratizazio prozesua abiatzea. Iazko apirilean egin zuen eztanda guzti honek, eta gaur gaurkoz gatazkak bere horretan dirau.

"Giza Eskubideen Nikaraguako Zentroaren datuen arabera, 326 dira hildakoak, baina badira hildakoak 500etik gora direla dioten giza eskubideen aldeko erakundeak"

Zein da egoera orain?

Iazko apiriletik uztaila hasiera bitartean protestak izan ziren kalean, baina uztailean errepresioa indartu zuen gobernuak, armak eskuan protesta publikoak etetea erabaki baitzuen. Hildako andana utziz bidean, helburua betetzea lortu eta estatu polizial bat ezarri zuen, zeinetan ezinezkoa den inolako mobilizaziorik egitea. Protesta egiten ahalegintzen den jendea atxilotu egiten dute, berauen kontrako prozedura judiziala abiatuz gehienetan. Ildo horretan, uztailean lege erreforma egin zuten, gobernuarekin kritikoa den ezein ekintza terrorismotzat edo terrorismoaren finantzaketatzat jotzea ahalbidetzen duena. Dena da terrorismoa.

Itzelak dira errepresioak utzitako biktimen zifrak: Giza Eskubideen Nikaraguako Zentroaren datuen arabera, 326 dira hildakoak, baina badira hildakoak 500etik gora direla dioten giza eskubideen aldeko erakundeak.

"Nikaragua dolu-aldian dago", irakurri daiteke errepresioaren hildakoak oroitzen dituen pankartan (Argazkia: Red de Mujeres de Matagalpa)

Amnistia Internazionalak txosten bat atera zuen, Nikaraguako errepresio estrategiez. “Hiltzera tirokatuz” du izena.

Titulu hori darama, protestetan gertatutako hilketek eredu berari jarraitzen ziotelako: buruan, lepoan eta toraxean tirokatu zituzten biktima guztiak. Hiltzera tirokatzen zuten, eta horrekin batera gobernuak zaurituak ez artatzeko agindua eman zien ospitale publikoei. Informeetan dokumentatuta geratu denez, errepresioa bermatzeko xedez estatu mailako koordinazio bat eman da, eta instituzioak honen zerbitzura aritu dira: osasun sistema, sistema judiziala, Fiskaltza,… baita hezkuntza sistema ere, ikasleak kontrolatuz eta gobernua babesteko erabiliz. Instituzio oro errepresioaren zerbitzura aritu da. Ondorioz, momentu hauetan justizia eskaria ezin dezake konpondu sistema judizialak.

Ortegak, baina, Nikaraguako egoera guztiz normala dela dio.

Kaleko mobilizazioak galaraziz, gobernuak normaltasun itxura eman nahi du. Beren diskurtsoa da herriaren altxamendua kanpotik antolatutako estatu kolpe saiakera izan dela, AEBek eta indar inperialistek finantzatutakoa. Estatu kolpea desarmatu dutela eta dagoeneko normaltasuna dela nagusi diote.

Beren diskurtsoa etengabe aldatu dute: hasiera batean dena ukatu zuten; hildakoak gezurtatzea ezinezko bilakatu zitzaienean, hilketak protestan ari zen jendeari leporatu zizkieten; paramilitarren presentzia salatu zenean zein ziren ez zekitela adierazi zuten, kolpistak zirela iradokiz; orain gutxi berriz, polizia buru batek esan du beren lana isilpean egiten ari ziren poliziak zirela.

Elizarekin paktuak, abortuaren penalizazioa,… burututako politikek emakumeen eskubideei dagokienez atzerapausoak ekarri dituztela pentsatu daiteke.

Alde batetik, emakumeez hitz egiten dute eremu sozialeko protagonista eta politika publiko askoren jomuga bagina bezala, baina era berean ikusmolde erlijiosoekin nahasitako diskurtso oso kontserbadore eta familista batez, zeinak feminismoa etsaia bilakatzen duen. Gobernuak feminismoa emakume nikaraguarrentzat kaltegarria den influentzia atzerritartzat aurkezten du. Ortegarekin atzerapauso ikaragarria eman da indarkeria matxistaren aurkako politiken alorrean.

Zein da momentuotan feministok daukazuen egitekoa?

Hiritarren matxinadaren parte gara, eta uste dut oso ekarpen garrantzitsua egin dugula ondoko ideia helarazten: borrokak biolentoa izan beharrik ez duela. Horrez gain, autozainketatik borrokatu beharraren ideia ere mahaigaineratu dugu, ulertzera emanez kontua ez dela arriskuan jarri eta bizitza ematea, baizik eta duinki bizitzeagatik borrokatzea. Arrastaka genekarren kultura politiko heroiko eta militarista aldatzen lagundu dugu: 80ko eta 90eko hamarkadetako “Aberri librea ala hil” lema, “Aberri librea bizitzeko” lemagatik aldatu da. Aldaketa kultural esanguratsua dela deritzogu.

"Badago sektore bat ez duena kontsideratzen nikaraguarrok badugula gaitasuna errealitatea analizatu eta geure kriterioaren arabera jarduteko"

Badago inperialismoaren txotxongilotzat jo eta Venezuelako opositoreekin alderatzen zaituztenik.

Hala da, badago sektore bat ez duena kontsideratzen nikaraguarrok badugula gaitasuna errealitatea analizatu eta geure kriterioaren arabera jarduteko. Uste dut errespetu falta nabarmena eta jarrera kolonialista erakusten dutela. Jende horrek behatu, ezagutu eta entzun beharrean, aldez aurretik eratutako marko baten arabera aztertzen du errealitatea. Guk ez dugu ukatuko AEBek Nikaragua beren agendan dutenik eta egoera honen bitartez ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatuko direnik. Baina matxinada hau ez da antolatu Nikaraguatik kanpo, herrian bertan sortu zen, eta gazteek zerikusi handia izan dute herrialde guztia mobilizatzeko orduan.

Nikaraguako herriak beste behin erakutsi du 70eko eta 80ko hamarkadetan erakutsitakoa: luzaz jasan dezakeela, baina ez denbora osoz. Somozaren kontra borrokatu zuen jendeak, iraultzan parte hartu zuten pertsonek, matxinada honetan parte hartu dute. Somozaren diktaduraren kontrako borrokan gertatutako hainbat kontu errepikatu direla sentitzea oso esanguratsua izan da.

2018ko uztailean egindako protesta bat (Argazkia: Jorge Mejía Peralta)
2018ko uztailean egindako protesta (Argazkia: Jorge Mejía Peralta)

Klase dirudunetakoak izatea ere leporatzen dizuete.

Hori oso erraz gezurtatzen da: nolatan beteko ziren kaleak dirudunekin? Nikaraguako errealitatea dena izanda, estatistikoki ezinezkoa da. Behatu diezaietela presoei, kartzela herrialdearen errealitatearen isla baita: baliabide urriko jende txiroa da nagusi.

Hurbildu, behatu, entzun eta aurreiritziak alde batera utzi beharko lituzke halakoak leporatzen dizkigunak. Onartu behar dute gauzak aldatu egiten direla, eboluzioa edo inboluzioa izan dezaketela, eta egungo Fronte Sandinistak 80ko hamarkadakoarekin zerikusirik ez duela.

Aldaketa posible batek eskuineko gobernu bat ekarri dezakeenaren beldurra omen dute zenbaitzuek.

Hala diote. Tamainako sarraski baten aurrean, uste dut berdin dela ezkertiarra ala eskuindarra den gobernua, ezin daiteke inolaz justifikatu zigorgabeki jendea hil eta kartzelaratzea. Eta gainera, Fronte Sandinista ez da ezkertiarra, ez duelako ezkerreko politika egiten: izen bat dauka, Frente Sandinista de Liberación Nacional (Askapen Nazionalerako Fronte Sandinista), bere garaian sigla horien esanahiarekin bat egin zuena; eta kolore eta sinbolo batzuk ere baditu, iraganarekin lotura egiten dutenak. Baina gobernuan emandako hamabi urte hauetako praktikaren bidez erakutsi du bere politika ekonomikoa neoliberala eta extraktibista dela, diskurtsoz anti-inperialista izan arren praktikan kanpoko inbertsoreei eskrupulorik gabe eskura ematen diela herrialdea, eta alor sozial eta kulturalean oso kontserbadorea dela.

Zer nolako gobernua izango dugun trantsizio baten ostean? Ba ez dakigu. Baina eskuineko gobernu bat ekiditeko hauteskundeak bertan behera uztea justifikaezina litzateke. Jendea bere herrialdean hala jokatzeko prest baldin badago isilduko naiz, eta denok hartuko dugu bide hori. Baina ez, hemen kontua da jendeak eskatzen digula Nikaraguan daukagun egoerari eustea, gaiztoagoak izan daitezkeen batzuen balizko etorrera ekiditeko. Ezerk ez du ziurtatzen etorri daitekeena indar progresista bat denik, baina horretan sinisten dugunok horren alde borrokatuko dugu. Gure borrokan sinisten dutenek babesa eskaini beharko ligukete, ez garaile aterako garenaren bermea eskatu. Ezin dezake inork halakorik eskaini.

"Iaioak izan dira eta historia pribatizatu dute, bere memoria eta sinboloekin. Daniel Ortegak iraultza ordezkatzea nahi izan zuten, baina iraultza beti izan da pertsona bat baino askoz gehiago"

Hondurasko Gobernua babestu eta presidentziara heltzean Bolsonarori oles egin arren, ezkertiar figura mantentzen du Ortegak.

Esango nuke kontu emozionala dela. Orokorrean, uste dut 80ko hamarkadako iraultzaren ametsarekin emozionalki oso lotuta dauden 50 urtetik gorakoak direla ikuskera hori mantentzen dutenak. Iraultza idealizatu zuten, aldarean daukate eta ez dute ukitu nahi. Ez dute errealitatea ikusi nahi. Iraultza sandinista duela urte dezente amaitu zela eta dolua egin behar dela diogu guk. Iaioak izan dira eta historia pribatizatu dute, bere memoria eta sinboloekin. Daniel Ortegak iraultza ordezkatzea nahi izan zuten, baina iraultza beti izan da pertsona bat baino askoz gehiago. Ortegak eta berekin dauden kideak iraultza traizionatu dute.

Ortega dinastia bat eratzen ari dela irakurri nion Gioconda Belliri.

Zehazki diktadura dinastiko bat bizi izan zuelako, Nikaraguak debekatua zeukan presidentziarako berrautaketa kontsekutiboa, eta Ortegak hautsi egin du arau hori: sistema judiziala kontrolpean duenez, berrautaketa ahalbidetzen zion epai bat lortu zuen, eta ostean konstituzioa aldatu. Lehen presidentzia aldian bere emazte Rosario Murillok ez zeukan kargu publikorik, konstituzioak familiako kideek kargu publikoak izatea debekatzen baitu, baina arau hori ere hautsi zuten eta Murillok gidatuko zuen Komunikazio eta Herritartasun Kontseilua sortu zuten. Azken hauteskundeetan presidentziarako hautagaia izan da. Semeei dagokienez, bata petroleo kontuen kargu dago, beste bat Ozeano arteko kanalaren negoziaketen arduraduna da, beste hiruk azkenaldian kontrolpean hartutako hedabideak dituzte kargupean… hala bada, bai, dinastia bat da. Antzekotasun gehiegi ditu…

Somozaren diktadurarekin?

Bai. Ez dakit, agian psikoanalista izan beharra dago dinamika hau ulertzeko, zeinaren bidez behinola borrokatu zenuen norbait imitatzen amaitzen duzun [ironiaz]. Antzekoagoak ezin ziren izan. Adibidez, alderaketa bat egin da Somozaren garaiko egunkarien eta gaur egunekoen portadekin, eta antzekotasunak izugarriak ziren: berdin-berdin deskalifikatzen dituzte protestetan parte harzten duen jendea, alferrak eta terroristak bezalako adjektiboez, eta herrialdea galbidera daramatela ematen zaio ulertzera irakurleari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nikaragua
2021-11-08 | Leire Artola Arin
Daniel Ortegak bozken %75 lortu du Nikaraguan lehen emaitzen arabera

Nikaraguako egungo presidenteak bosgarren agintaldia izango du, FSLN bere alderdiak lortu baitu babes handiena momentuz. Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, %64eko parte hartzea egon da. Hedabide batzuek zabaldu dute hauteslekuak hutsik egon direla.


2021-11-08 | June Fernández
Allison Belli eta Geni Gómez | Nikaraguako feministak
“Autonomiaren aldeko apustua egiteagatik gaude Daniel Ortegaren jomugan”

Ignacio Ellacuría saria jasotzeak Estatu-errepresioaren aurkako borrokari eusteko indarra eta egungo eskubide urraketen berri emateko aukera eman dio Nikaraguako Artikulazio Feministari. 155 preso politikok tortura-baldintzak bizi dituztela salatu dute, baita... [+]


2021-10-27 | ARGIA
2021eko Ignacio Ellacuría saria, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Apirileko Amen Elkartearentzat

Nikaraguan emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan egiten duten jardunagatik saritu dituzte.


Sei buruzagi indigena hil eta hamar bahitu dituzte Nikaraguan

Nikaragua iparraldeko Mayagna Sauni As komunitateak sei buruzagi indigenen hilketa eta hamarren bahiketa salatu zuen urtarrilaren amaileran. Komunitateko gainontzeko biztanleek alde egin behar izan dute, erasotzaileek –80 pertsona armatutik gora, komunitateak azaldu... [+]


2019-08-07 | Z. Oleaga
Hego eta Ertamerika disputan

Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde... [+]


“Nikaraguako borrokaren lidertzan emakume asko daude”

Tantaka eta lerroburuka heltzen dira, Euskal Herrira, Nikaraguan azken hilabeteotan gertatzen ari direnak. Herri-matxinada baketsua defendatzen dute batzuek, eta estatu kolpea egotzi, besteek, eta gatazkaren hiru bertsio daude gutxienez, mahai gainean: Daniel Ortegaren eta... [+]


2018-05-16 | June Fernández
Iraultza

Poztu ninduen Madrilen Nikaraguarekiko elkartasun ekitaldi bat antolatu zutela jakiteak. Bilbon egindako lehenengo elkarretaratzean, nire neskalaguna eta biok izan ezik, Moyua plazara hurbildutako guztiak Nikaraguako etorkinak ziren. Ekitaldi horretan abestu behar zuen musikari... [+]


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
Nikaraguako Gobernuak atzera bota du gizarte segurantzaren erreforma, protestetan 30 hildako egon ostean

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak elkarrizketarako deia egin dio oposizioari gizarte segurantzaren erreforma bertan behera utzi berritan. Joan den asteazkenetik 30 manifestari hil ditu poliziak eta ugariak izan dira denden arpilatzeak. Manifestariek kalean jarraitu dute.


Askapena
30 urte mugaz gaindi eragiten

Askapena erakunde internazionalistak hiru hamarkada daroatza Euskal Herriaren eta munduko herrien artean elkartasun zubiak eraikitzen. Ezin uka, aldaketa ugari dakartela 30 udaberrik; are gehiago, borrokan murgildurik dauden lurraldeez edo herri zapalduez mintzo bagara. Horretaz... [+]


2016-11-07 | Ainhoa Bretos
Ortega izango da berriz ere Nikaraguako presidente, zenbatutako lehen botoen arabera

Bozken %71,3 eskuratu du Daniel Ortegak, mahaien %66,3 zenbatuta. Maximino Rodríguez izan da bigarrena, eta José del Carmen Alvarado hirugarren. Presidenteordea, Asanblea Nazionala eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko ordezkariak ere hautatu dituzte herritarrek.


Nikaraguako kanal berriaren aurka milaka pertsona atera dira kalera

10.000 lagunetik gora atera dira kalera larunbatean Nikaraguako Juigalpa hirian, gobernuak egin nahi duen kanalaren aurka protesta egiteko. 44 mila milioi euroko kostua izango duen makro proiektuak beren lurretatik bota nahi dituela salatu dute.


Ozeanoarteko kanala egiteko obrak hasi dira Nikaraguan

Atlantikoa eta Ozeano Barea lotuko dituen kanala egiteko obrak hasi dira Nikaraguan. Kritikak eta zalantzak sortu ditu proiektuak, kanala fenomeno meteorologikoek kaltetutako gune batean egin nahi dutelako.


Eguneraketa berriak daude