argia.eus
INPRIMATU
Eskuinok ere
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2019ko ekainaren 11
Mila ezker. Garbiñe Ubeda. Susa, 2009.

Garbiñe Ubedari irakurri dizkiodanak denak egin zaizkit atsegingarriak: Ideia zabaldu tour 95, Negu Gorriak musika taldeak Europan zehar eginiko bira baten kronika (zeinarengandik atera nuen nire banda maiteenaren gaineko artikulu bat idazteko aitzakia); Hobe isilik, aitona noiz desagertu zen, nora, galdu ote zen erabat eta benetan ezagutu nahi duen bilobaren eleberria (zeinaz kritika batean esan nuen urte luzetako esperientziarekin ondua zegoela zirudiela); ahaztu gabe, noski, ugari sinatu dituen kazetari lanak.

Mila ezker da atseginez irakurri diodan beste lan bat, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzko saiakera. Testu laburrez osatutako saiakera laburra, hunkitzen diena bereziki populazioaren %10-12 diren ezkerrei –“%10-12 horren bi heren gizonezkoei dagozkie, eta beste herena emakumezkoei”–. Denboran atzera gaitz gisa hartua, errebindikazio moduko bat egiten da hemen, edozein milikeriatatik urrun dena dela –“Nahiz eta ezker jenialak, zintzoki esanda, jenio ezkerrak baino askoz ere sarriago aurkitu”–, arteak, kirolak, zientziek kondizio hori nola ispilatu duten erakutsiz. Pertsonaia zerrenda ekarrita gainera: Julian Ajuriagerra sendagilea, Ned Flanders dendaria, Martina Navratilova tenista adibide gisa. Joan Inazio Retegi eta Paul Wittgenstein lotzen ditu, luze gabe, eta gogora ekartzen Esku ezker bakarrarendako kontzertua: “Konposizio musikal liluragarri bat baino gehiago, zailtasunaren aurrean amore ematen ez duenari, ametsak galtzen ez dituenari eskainitako omenaldia bezalakoxea da”.

Azken batean ez baita bakarrik ezkertasunari buruzko liburua, ez bakarrik “papera trabeska ipini, ukalondoa gorputzetik urrundu, eskumuturra barrualdera bihurritu eta postura guztiz nabarmenean idazten” dutenei buruzkoa. Nola edo hala asimetriko garen guztiok –“unibertsoa bera da asimetriko. Bizitza bera da asimetriko”– plazer hartuko dugu bertan, irakaspen: “eskuinik ez dago ezkerrik gabe eta ezkerrik ere ez eskuinik gabe”. Mila ezker, beraz, saiakera atsegin eta gomendagarria, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzkoa, eskuinok ere gustura asko irakurtzeko modukoa.