Lan arloan, ari gara iristen puntu batera non enplegu bat lortu nahi dutenek langile gisa dituzten eskubideei uko egin behar dieten.
Gogora etortzen zaizkigu langileak herri eta hirietako plazetan edozein prezio eta baldintzatan kontratatzen zituzten garaiak. Espainiako Estatuko “Trantsizio” deituriko horretan hainbat oinarrizko eskubide konkistatu ziren: lan harremanen legea, grebarako eskubidea, aurrerapen zibil, sozial eta laboralak –opor egunak tarteko, zenbaki honetako erreportajean azaldu bezala–, eta azkenik, Langileen Estatutua 1980an, jadanik zaharkituta dagoena. Ondoren, Kapitalaren zerbitzura zeuden lan erreformekin, egoera makurtzen joan zen eta aurrerapen horiek erabat mugatuta geratu dira. Berrikuntza teknologikoek, herritarren kontra ezartzen direnean –riders edo trade delakoak kasu–, lan harremanen hondamena sakondu besterik ez dute egiten.
Duela gutxi Bartzelonan hil da Pujam Koirala, ibilgailu batek harrapatuta. Glovo banaketa enpresak azpi-alokatutako lana egiten ari zen bizikletan. Badirudi langile hark ez zuela eskubiderik. Ez al zuen? Zein egingo da orain bere heriotzaren kargu? Hain justu, oraintxe hasi da Espainiako Estatuan gehiegikeriaz jokatzen duten plataforma digitalen kontrako makro-epaiketa –Glovo eta antzeko enpresak haien bidez elikatzen dira– eta 532 banatzaileri eragiten die.
Halakoxe basatia da inguruan daukagun kapitalismoa, batzuek apur bat edulkoratzeko liberalismo deitzen dioten arren. Baina ez. Kapitalismoren bertsio krudelenaren aurrean gaude eta XIX. mendera itzularazten gaitu. Beste lan erreforma bat behar da koiuntura honi aurre egiteko. Ez badugu fronte solidario antikapitalista bat osatzen, egunero eskubiderik gabeko langile gehiago egongo da, eta oihaneko legeak jarraituko du!