argia.eus
INPRIMATU
Erditu
Ana Mendia 2019ko ekainaren 11

Zutik erditu zen. Belaunak apur bat tolestuta. Zabal-zabalik begiak ilunpetan. Izerdiak berrorraztutako melena aurpegian pega-pega eginda. Ezpain-ertzetan listu arrasto zurixkak. Arnas-hartze sakonen hotsa barealdietan eta erraietatik ernatutako orroa tarteka-marteka. Emagina belauniko eta eskuak gertu haurra lurrera eror ez zedin ongietorrirako prest. Garrasi zorrotzagoa bat-batean. Sua baginan. “Hemen da”. Hankartetik amaren besoetara haurra. Odol zurrusta izterretan behera. Giharrak dardarka. Bigarren erditze-gelako lurra odolez, likido amniotikoz eta kakaz orbanduta.

Nago gehiegi hitz egiten dela erdiminaren inguruan eta ezer gutxi dakigula errespetatutako erditze-lanak dakarren ahalduntzeaz. Eta pena da, baina zinez da herrena mediku esku-hartzerik gabe erditzea nahitaezko sufrikario gisa ulertzen duen sistema.

Nago gehiegi hitz egiten dela erdiminaren inguruan eta ezer gutxi dakigula errespetatutako erditze-lanak dakarren ahalduntzeaz. Eta pena da, baina zinez da herrena mediku esku-hartzerik gabe erditzea nahitaezko sufrikario gisa ulertzen duen sistema

Gure gizartean erditzeak min ematen du, gehienetan. Ados. Dena den, nahita diot gure gizartean; ezin ahaztekoa baita erdimina egoera emozional, kognitibo eta soziokulturalek baldintzatzen dutela. Alegia, “minez erdituko duzu” ez zen debaldekoa. Hala ere, benetan da sinplista erditze-esperientzia minari soilik erreparatuta labur daitekeela sinestea. Eta ez da iritzi kontua, ebidentzia kontua baizik: ikerketek frogatu dute minaren intentsitatea ez dela faktore esanguratsuena erditze esperientziaren asetasunari dagokionean; haatik, erditzean zehar hartzen diren erabakien gaineko norberaren kontrolak asetasunarekin lotura estua du. Horregatik, erditzearen gogobeteko bizipena badugu xede behintzat, ezinbestean ulertu behar dugu haurdunena dela erabakitzeko boterea. Ze, erditze normala ez da jazoera patologikoa, bizipen sexuala baizik.

Hala ere, zenbaitetan kontzeptuak nahasten ote ditugun egiten dut zalantza. Kezkatu egiten naiz erditzeak azterketa ideologikoaren tankera hartzen duen bakoitzean. Erditzean ez dago zer frogaturik. Ez da amatasunerako sarrera-froga. Ez da koherentziaren erakusleiho. Ez da norgehiagoka. Erditzea aurreikusi ezin den amaieradun bidaia emozional ezezaguna da eta norbera bere motxilarekin heltzen da irteera-lekura.

Finean, erditzea haurdunak bere kabuz jorratu beharreko zeharbidea da; lagunduta jakina, baina hark bakarrik. Eta emaginona da norbere iritzia alde batera utzi eta emakumeak nahi duen gisan erdi dezan konfiantzazko ingurune aske eta segurua eraikitzeko zeregina. Egin dezala, beraz, norberak ahal duen eran nahi duena eta nahi duen eran ahal duena.