argia.eus
INPRIMATU
Mikel Garcia Idiakez eta Pape Niang, "Hasiera berri bat" liburuaz
“Bidean geratu direnen mezua helaraztea garrantzitsua da”
  • Bilboko kale saltzaile senegaldarren egoera ezagutzera eman asmoz, Bizkaiko hiriburura abiatu zen ARGIAko kazetari Mikel Garcia Idiakez 2018ko apirilean. Horixe izan zen kale saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole elkartearen eta ARGIAren lehen harremana, elkarlanean oinarritutako bide emankorraren abiapuntua. Bide horretan ezagutu du kazetariak Pape Niang, orain hamaika urte Senegal utzi eta Europara bidea hartu zuen migratzailea. Bere historia jaso du Pape Niang: Hasiera berri bat liburuan.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko ekainaren 05a
Argazkia: Dani Blanco

Mikel, zuri galdetuko dizut lehenengo, eta gero zuri, Pape. Nola ezagutu zenuten elkar?

Mikel Garcia: 2018an, Senegalgo kale saltzaileen inguruan ARGIArako erreportaje bat egitera etorri nintzen Bilbora. Zein baldintzatan bizi ziren azaltzeaz gain, ordurarte kotizatzen eta legalki aritutako senegaldarrak klandestinitatera eta berriro ilegal izatera kondenatuko zituen lege bidegabearen berri ematea nuen helburu. Egoera ezagutzera etorri, eta hor hasi genuen elkarlana eta elkar ezagutza Bilboko Mbolo elkartearekin. Pape bertako lehendakaria zen.

Nola sortu zen liburua sortzeko ideia?

Garcia: Mbolokoak kale salmentan jasaten ari ziren injustizia ezagututa, ikusi genuen bazegoela Inor ez da ilegala aldarria proiektu bihurtzeko modua, beronen bitartez bai Mbolo bai ARGIA indartzeko. Elkarlanean, proiektua martxan jarri eta Inor ez da ilegala kamisetak atera genituen, euskaraz eta wolofez. Helburua zen aldarri hori plazaratzea eta era berean hortik ateratako diruarekin bi proiektuak laguntzea. Abiapuntua hori izanik, urrats berriak eman ditugu: poltsak egin genituen, eta urrats natural gisa atera zen liburuaren ideia ere. Liburuarekin proiektua indartzen dugu, eta zehazki, oraingoan ateratako irabazien zati bat liburuaren wolofezko bertsioa argitaratzera bideratuko dugu. Xedea da liburua Euskal Herrira iristen diren migratzaileen artean doan banatzea, aurkituko duten errealitatea ezagutu dezaten. Besteak beste, liburuak baliabide zerrenda bat du bukaeran, Euskal Herrira iritsi berri den migratzaileak zein ate jo ditzakeen jakin dezan.

Zergatik izan da Pape testigantza emateko aukeratua?

Garcia: Paperena ezagutzea merezi duen bizitza bat delako, eta era berean, badelako migratzaile askok bizi dutenaren isla ere. Oso nobela-itxurako bizitza du, erraz irakurtzen da liburua, eta horrez gain zeresan ugari du Papek. Gogoetarako eta eztabaidarako gai asko mahaigaineratzen ditu, eta bere bizitzaren kontakizunaren bitartez bere mundu ikuspegia ere ematen du, baita ikuspegi hori nola joan den aldatzen ere, migrazio prozesuaren ondorioz. Irakurtzea eta ezagutzea merezi duen mundu ikuspegia dela iruditzen zait.

Nolakoa izan da prozesua?

Garcia: SOS Arrazakeria elkartearen Bilboko egoitzan bildu gara astero. Beti oso eskuzabal jokatu dute gurekin, espazio hau oso gure sentitu dugu, bertan lasai ederrean hitz egin ahal izan dugu. Papek eta biok, elkarrizketak baino gehiago solasaldiak izan ditugu. Honetaz eta besteaz hitz egin, hausnartu, eztabaidatu eta gogoetatu dugu. Bere bizitza ezagutu eta apunteak jaso ditut, eta gero guztia paperera eramatea izan da nire lana.

Mikel Garcia Idiakez: "Oso nobela-itxurako bizitza du Papek, eta aldi berean, gogoetarako eta eztabaidarako gai asko mahaigaineratzen ditu liburuan. Migrazio prozesuaren ondorioz, munduarekiko ikuspegia aldatzen joan da bera"

Liburuak badu epilogo bat, emakumezko migratzaile baten esperientzia jasotzeko beharretik sortua.

Garcia: Liburu honek Paperen bizitza kontatzen du eta esan bezala migratzaile askok bizi dutenaren isla ere bada. Aldi berean, ordea, migratzaile bakoitzak migrazio prozesu propioa dauka, errealitate oso ezberdinak baitaude, gehienak oso zailak. Paperena horietako bat da, mahai gainean jartzea merezi duena, baina ez ditu bere gain hartzen prozesu guztiak. Hori hala, zertzelada batzuk emanez besterik ez bada ere, Afrikatik migratzen duten emakumeen errealitatea islatzeko beharra izan dut, aipatzeko emakume askok ere migratzen dutela eta oztopo erantsiak dituztela. Horretarako Irungo Harrera Sareko Anaitzek emandako informazio eta dokumentaziotik tira egin dut, berak emakume asko ezagutu dituelako migratze prozesu hori aurrera eraman dutenak.

Zuri, Pape, aurpegia eta testigantza emateak egoera zaurgarrian jar zaitzake, paperik ez duzulako. Hala ere, pausoa eman ematea erabaki duzu. Zerk motibatuta?

Pape Niang: Nik ez daukat arazorik aurpegia emateko edo biharko egunean poliziak harrapatua izateko, berdin zait, egiten ari naizenak zeozertarako balio duela uste baitut. Bizitzen eta sufritzen duguna kontatzen badugu, agian jendeak migrazioa zer den ulertuko du. Migrazioak dakartzan zailtasunez ere hitz egin behar dugu: aditzera emateko migratzailea beti dagoela poliziari erne, nola biziraun pentsatzen, bizi duen egoeratik aterabideak bilatzen. Bada jende gehiago kontatzeko ugari duena, egiten ari naizena egin ahalko lukeena, baina aipatutako guztiagatik, agian, beldur dira.

Liburuak entzunak ez diren edo bidean geratu diren migratzaileen testigantza ere izan nahi du. Testigantza bakarrak badu mezu bikoitza: bata migratzaileentzat eta bestea jatorriz bertakoak garenontzat.

Niang: Mezua da garrantzia duena. Migrazio prozesuan bidean geratu den orok kontatzeko asko zuen, beren jaioterritik abiatze hutsagatik esperientzia askoko norbanakoak ziren. Pertsona horien guztien mezua helaraztea garrantzitsua da, jakinarazteko beren herrialdetik alde egin bazuten bizimodua aurrera ateratzeko izan zela. Ez dugu soilik esan behar Mediterraneoan jende asko hil dela, horren zergatia azaldu beharra dago: jende hori bizia aurrera eramateko saiakeran hil da, helmugatzat zutena beren abiapuntua baino hobea zela pentsatuta.
    Migratzaileok hutsaren hurrena bagina bezala hautematen gaituzte, esperientziarik gabekoak, berezko tokirik ez bagenu bezala. Bertakoak ez dute kontuan hartzen gure jaioterrian agian ez garela hain txiroak. Horren aurrean, migratzaileok geure buruak balioetsi behar ditugu, pertsonak garela ulertzera eman, gure jaioterrian hemen bezala bizi eta lan egiten dugula ulertarazi. Eta jatorriz bertakoak direnak ohartu behar dira beraiei ematen zaien tratu berbera merezi dugula etorkinok, gure azalean jartzeko ahalegina egin beharko lukete. Bertako jendea konturatu behar da etorkinok pertsonak garela, langileak eta arduratsuak, baita oso ausartak ere honainoko bidea egiteagatik. Desertua bost litroko ur bidoia eta gaileta pakete batekin zeharkatzea ez da erraza, hori egin duen jendea mundu guztiak baloratu beharko luke.

Argazkia: Dani Blanco

Migratzearen ideia buruan dabilkionari ere baliagarri suertatu ahal zaio zuk diozunari arreta jartzea. Ziurrenik han utziko duena Europan aurkitu dezakeena baino hobea dela baitiozu.

Niang: Europaren irudi idealizatua dugulako alde egiten dugu Afrikatik, baina bertara heltzean errealitatea oso bestelakoa da: Europan jendeak Afrikan baino gehiago sufritzen du. Europan lanik egin ezean ez duzu jaten, Afrikan bezala, berdin-berdin, ez dago hainbesteko ezberdintasunik. Telebistak irudi desitxuratuak eskaintzen ditu: Afrikari dagokionez, jendea gosez hiltzen den guneak erakusten diztuzte; Europari dagokionez ostera, etxe eta errepide ikaragarrien irudiak eskaintzen dituzte. Europako irudietan inoiz ez dira azaltzen zabor artean janari bila dabiltzan pertsonak edo etxegabeak. Afrikar gazteek irudi horiek ikusten badituzte, eta Europara migratutako kideek hemen ondo bizi direla esaten badiete, migratzera animatzen dira. Nik ez etortzeko esango nieke.
    Afrikan lan egin eta bizi ahal izateko baliabide guztiak ditugu, kontua da horiek nola antolatu hausnartu behar dugula. Ezin dugu bizi guztia migratzen igaro.

Migrazioa negozio itzela dela diozu.

Niang: Bai, eta galtzen ateratzen den bakarra paterara igotzen dena da. Ostatu ematen dizutenak, zure bila doan kotxe-gidaria, trafikatzaileak, patera abiatzea errazten dutenak… Jende horrek guztiak etekina ateratzen du. Galtzen duen bakarra haiei ordaintzeko dirua luzatzen duen migratzailea da, eta agian iritsi ere ez da egingo Mediterraneo itsasoaz bestaldera. Eta iristekotan, batek jakin herrialdera sartzea lortuko duen: Guardia Zibilak atxilotu zaitzake, eta bueltan bidali zure herrialdera. Zailtasunak gaindituz gero aurkitzen dena ere ez da samurra: ez duzu bertako hizkuntza ulertzen, bere etxean hartuko zaituen ezagun edo lagunik ez izatekotan janaria eskuratzea kosta egingo zaizu… Konplexua da.

Migratzailea izatea umiliagarria dela diozu, are gehiago beltza izanik.

Niang: Ase arte errepikatuko dut: migratzailea izatea umiliagarria da, zer esanik ez Saharaz hegoaldekoa bazara. Hori argi ikusten da lana bilatzean, adibidez: lana lortzeko zortea baduzu, lan hori nolakoa izango da? Agian jarriko zaituzte jatetxe baten atzeko aldean, inork ikusten ez zaituen tokian, platerak garbitzen; edo landan lanean, orduko 5 euroren truke. Horrela jardun nuen nik iaz, eta nagusiarekin liskarra izan nuen: 5,5 euro ordaintzen zidan ordua, eta bederatzi ordu lan egiten nuen egunean, bero itzelarekin eta nagusiaren etengabeko garrasiak jasanez. Hori ez da lana, zeure duintasuna galtzea da. Horregatik diot umiliagarria dela migratzaile izatea. Bost axola zein amets eta zein gaitasun dituzun, beltza zara eta beltz gisa hartzen zaituzte. Beltza besterik ez. Kito.

Pape Niang: "Ez dugu soilik esan behar Mediterraneoan jende asko hil dela, horren zergatia azaldu beharra dago: jende hori bizia aurrera eramateko saiakeran hil da"

Ekonomia sozialean aurkitu duzu migratzaileentzako aterabide posiblea.

Niang: Bai, migratzaileoi lan merkatuan sartzea kostatzen zaigunez, aukera bat eskaintzen digu. Bartzelonako manteroen esperientzia ezagutzean ohartu nintzen horretaz: beren egoerari aterabide bat bilatzen zioten migratzaileek kooperatiba bat abiatu zuten, eta beraiek ziren beren egoeran zegoen jendea, ezer ez zuena, kontratatzen zutenak. Bartzelonan ikusitakoa asko gustatu zitzaidan, neu bezala esku-hutsik heldutako jendeak arropa eta zaharberritze kooperatiba bana abiatu zituztela ikusteak antzerako zerbait egitera animatu ninduen. Benetan uste dut alternatiba bat dela. Hori bai, zailtasun asko aurkitzen ditugu bidean, administrazio kontuak-eta.

Izatez zailtasun horiek eragin dute zuen hasierako kooperatibaren ideia eta amaierakoa ezberdinak izatea, ezta?

Niang: Egiatan, kontua ez da hasierako garbiketa kooperatibaren ideia alde batera utzi dugula, baina beste aukera bat jarri zaigu bidean: nekazaritza kooperatiba. Garbiketa kooperatibaren proiekturako Arteako [Artea herrian migratzaileei aterabideak eskaintzen dien sarea dago] Mikelen babesa bilatu genuen. Bilerak igaro ahala, eta ikusirik kooperatiba martxan jartzeko prozesua trabatuta zegoela, Mikelek esan zidan: “Etorri Arteara egiten ari garena ikustera, migratzaileentzat kooperatiba bat sortzen ari gara”. Hara joan nintzen, eta egin nahi zutena azaldu eta lursaila erakutsi zidan. “Zuena martxan jarri bitartean, sartu hortxe nahi baduzu”, luzatu zidan gonbita. Hala bada, garbiketa kooperatiba martxan jartzera heldu ez garenez, hortxe sartu gara. Egunen batean garbiketa kooperatiba martxan jartzea lortzen badugu ondo; eta ezin badugu, saiatu garela esan ahalko dugu.

Nekazaritza kooperatiba honek badu funtzio sozial oso garrantzitsua migratzaileentzat.

Niang: Arteako Mikelekin adostu bezala, kooperatibak honetan datza: lehen urtean prozesuan bidelagun izango ditugu Arteako sareko kideak, eta behar dugun ororekin lagunduko digute; pixkanaka, kooperatiba geure kabuz eramaten joango gara, eta beraiek erretiratu ahalko dira. Hasieran lursailaren jabea arituko da gurekin, nekazaritzaz asko dakien gizona bera.
    Bertan ari garenak migratzaileak garenez, kooperatibako paperetan gure izenik ez da ageri, nahiz eta bertan lan egin eta erabakitzen dugunak migratzaileak garen. Helburua da enplegua eta errolda izanik, denbora batera paperak lortzen joatea.

Pape Niang: Hasiera berri bat liburua lotura honetan eskuragarri.