argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Mapak
  • Beharbada lehenago izanen ziren, baina hauteskundeak ailegatzearekin batera erreparatu diet nik sare sozialetan. Mapak.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko ekainaren 04a

Espainiako mapak hain zuzen ere, hauteskundeetako emaitza orokorrak edo alderdi jakin batek izandakoak erakusten dituztenak. Bi koloretan izaten dira normalean: kolore batek Galizia, Hego Euskal Herria eta Katalunia hartzen ditu, eta bigarrenak, Estatuko gainerako lurraldeak. “Hego Euskal Herria” idatzi dut, baina zenbaitetan EAE izaten da; are gehiago, tarteka hirugarren kolore bat gehitzen dio Nafarroak irudiari; eta “Katalunia” idatzi dut, baina horren etiketapean Printzerria ulertu behar genuke, maiz Valentziak eta Balear Uharteek Espainia espainolaren kolorea hartzen baitute.

Ikusi dudan hondarreko mapak, adibidez, Voxen emaitzak erakusten zituen: boto kopuru ttikiena aipatu hiru herrialde horietan –Nafarroa eta EAE bat eginik honetakoan, Valentzia eta Balear Uharteak Espainia aldera lerratuak– lortu baititu. Bertze mapa zenbaitek bezala, honek ere hausnartzeko gonbidapena zekarren. Aski hausnarketa gidatua: zeinek eman dion botoa faxismoari eta zeinek ez, eta, ondorioz, gora gu eta gu bezalako demokratak.

Bertzelako irakurketak ere posible dira, nire ustez. Adibidez, Espainia “jokoan” dagoen tokietan, eskuin espainolistak badakiela pragmatiko jokatzen, eta hark baino indar handiagoa biltzen duten bertze aukera unionista batzuei ematen diela botoa. Bertzalde, Vox ez da gorrotoaren adierazpen bakarra, plataforma digitaletako zenbait erantzunetan ikusten den bezala.

Datuetan oinarritzen diren heinean, mapa horiek zer pentsatua eman beharko liguketen tresnak dira. Baina helburua baldin bada zeinen onak garen erakutsiz plazera ematea, orduan alferrik ari dira datuak biltzen. Onanismorako aukera eraginkorragoak eskaintzen ditu sareak aspalditik.