argia.eus
INPRIMATU
Ohiturez
Castillo Suárez @casti_suarez 2019ko maiatzaren 29a

Aurreikusten erraza naiz. Elizondon nagoen ala ez jakin nahi baduzu, esne makinaren ondoan begiratu ea nire autoa dagoen. Hara joateko tunelak alde batera utzi eta portutik joateko ohitura dut Cigarrettes after sex entzuten. Katakrakera joaten baldin banaiz beti eskatzen dut kafesnea eta brownia, eta zuzenean igotzen ditut eskailerak poesia sailera joateko. Nordés gin tonica ateratzen didate tabernan zuzenean marka galdetu gabe, baina gehiago maite dut txanpain frantsesa, eta oraindik Kotto Altzuguren gogoratzeko edaten dut, eta ez dakit negar edo barre egiten dudan orduan; irri, seguruena, ligatzen zuenean ukatzeko zuen irri murritz berberarekin. Donostiara beti noa bide luzeenetik, Joxemiel Bidadorrekin handik joaten nintzelako eta nire modua delako hura akordura ekartzeko. Rufik badaki goizeko kafea ateratzen didanean belarritakoekin eta amerikanarekin baldin banoa saraoa dudala arratsaldean. Konturatzen ari naiz geroz eta ohitura gehiago dudala pentsatzeko, gutxiago pentsarazten didatelako eta gehiago sentiarazten, kontrakoa irudi dezakeen arren.