argia.eus
INPRIMATU
Ez da ezer aldatu?
Arantza Urkaregi Etxepare 2019ko maiatzaren 29a

Hiru Batzar Nagusietako emaitzak ikusita, ematen du ez dela ezer aldatu, baina herrialdez herrialde aztertuta, aldaketa batzuk ikus ditzakegu.

Araban PPren jaitsiera azpimarratu behar, 12 mila boza gutxiago, herena galduta. Baina baita Ahal Duguk eta Irabazik zuten botoen erdia baino ez duela Elkarrekin Podemosek lortu. PSE da gorakada handiena izan duena, EAJren aurretik. EH Bilduk batzarkide bat irabazi du, nahiz eta boz batzuk galdu. Aldaketa hauen arrazoia? EAJk oso ondo erabili du beldurraren boza, EH Bilduren kontra. PP kanporatu bai, baina Espainiako hauteskundeetan gertatutakoa (EH Bilduk PP kanporatu) errepikatu gabe.
Gipuzkoan, EAJ eta EH Bilduren artean zegoen lehia EAJk irabazi du. Bozetan diferentzia txikia izan arren, EAJk bi batzarkide irabazi ditu. PSEk 4 mila boza irabazi ditu, baina oso urrun geratu da Bizkaian eta Araban lortutako igoeratik. Zergatik ez du lortu EH Bilduk EAJ gainditzea? Gipuzkoan ere EAJk oso kanpaina erasokorra egin du EH Bilduren kontra, baina hainbat udaletan gertatutakoaren kontra, Aldundia gobernatzeko konfiantza nahikorik ez du EH Bilduk lortu. Zergatiak azterketa pausoagoa eskatzen du.

Esango nuke Bizkaia dela gutxien aldatu dena. EAJk bi ezarleku gehiago, PP eta EH Bilduri bana kenduta, baina ez du gehiengo osoa lortu, eta PSEk bat gehiago PPri kenduta.

Aurrera begira zer? Ez dut uste ezer aldatuko denik; EAJ eta PSEren arteko akordioa berretsiko dute hiru aldundietan. Hauteskunde gauean EAJko buruzagiei entzun diet alderdi guztiekin hitz egingo dutela, guztiokin akordioak egiteko prest. Ez diet sinesten. Aurreko legegintzaldian bestelako akordioak posible ziren eta EAJ eta PSE ez ziren atera zuten gehiengotik. Ez diet sinesten, gehiengo handiagoak lortzeko aukera egon arren, ez dituztelako gustuko, euren nagusitasuna kolokan jartzeko arriskuaren beldur baitira. EAJ eta EH Bilduren balizkoa akordioaz ari naiz.