argia.eus
INPRIMATU
Zuzeneko emanaldia
Neguko orbainak
  • Punto de Vistan, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian, estreinatu zuen Jorge Moneo Quintanak Orbainak filma. Ekainaren hasieran Madrilgo Filmadrid zinemaldian jarraituko du bere bidea. Gure historia hurbilak denboran zehar utzitako arrastoak miatzen ditu 29 minutuko lanak.

Ainhoa Gutiérrez del Pozo 2019ko maiatzaren 22a
"Orbainak" filmaren fotograma. Martxoaren 12an Ikuspuntu jaialdian eman zuten, Iruñean.

“Historiaren izaera krudela eta zentzugabea ulertzen ez duenak, historiari zentzua emateko grina ere ez du konprenituko”: Nietzscheren zitak zehazten du zuzendari gasteiztarrak bere lana begiratzeko egiten digun proposamena, eta bide batez, printzipioen aitorpena. Esaldiaren lehen taldekoak bagara, akaso ez dugu filmaren beharra gorpuztuko; talde horretakoak ez garenok, ordea, gure ‘orbainak’ biluzteko premiak hartuko gaitu. Zentzua eraikitzeko bada ere.

Osaba, Aita eta Semearen inguruko testigantzen bitartez josten dira filmeko irudiak, off-ean. Artxiboko materialak nahiz zuzendariak ekoitzitako bideo irudiek eszenatoki bera dute objektugai: azken mendeko gertaerek eraldatu duten Goierriko paisaia, zentzu fisiko eta psikologikoan. Irudiak ikusten denetik abiatzen dira; ahotsak, ikusten ez denetik. Batak besteari gehitzen dionarekin sortzen du Moneok kontatzeko gailua. Ardatz moduan harturiko hiru pertsonaiak gure familietan bahituak, torturatuak, erailak, salatuak edo desjabetuak izan diren senide berberak dira; badugu, hortaz, nola irudikatu testigantzak. Gatazkak utzitako haragi bizian, nola jarri irudi berriak zaurien gainetik? Gutako bakoitzak soinean daramatzan ‘artxiboekin’ osatzen da filma, eta proiekzio bakoitzarekin berreraiki.

Negua. Elurturik ageri dira filmaren lehen irudiak, zuritutako mendi eta harrobiak. Negua kanpoan eta barnean. Eta giro hotzak filma bera hartzen du, eta ikuslea. Tartean azaltzen dira udako festak, dantza eta kantuak: identitateaz aritzeko ezinbestekoak direnak. Baina udari ez dario berorik, eta kantuei ez giro alairik. Jaiek airea dakarte, atsedena. Testigantzen su-etena, nahi bada. Baina negua berriz jasateko adina, soilik. Negutik negurako pasartea. Negua bera bermatzen duena. Eta, gero, berriro hotza.
Laboaren negu gorria datorkit gogora, Brecthen Broadway eta 26. karrikaren artean. Eta bertako gizonaren saiakera gauero aterpe bila “bilutsirik daudenentzat”. Ondoren datozen hausnarketak: munduak berdin jarraitzen duela, baina gau batez behintzat, gutxi batzuek lo egiteko tokia dutela. Nik ez dakit orbain hauek estalgabetuz ere horrelako aldaketarik eman daitekeen. Beharbada, ez. Bai, ordea, gau baterako aterpe gisa, biluzteko espazio bat sortu. Zauriak erakutsi eta oroitzapenak bildu. Nahiz eta ‘bereri zijoakien elurra oraindik karrikan ari da’n.

Goierriko atzo eta gaurko paisaietatik haratago, iraganaren zentzu bilaketak agian etorkizuna pentsatzeko balio lezake; eta hala izanda, gure hurrengo ‘artxiboekin’ jabetzeko bultzada eman. Filmetik abiatuta. Eta horrela Iloba, Biloba eta ondorengoak izan.