Nazio Batuen Erakundeak bildutako aditu talde batek txosten berri batean plazaratu du Lurra planetan bioaniztasunean "aurrekaririk gabeko" atzerakada gertatzen ari dela: milioi bat animalia eta landare espezie gal daitezke datozen hamarkadetan, esan du IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak. Aspalditik jotako alarmei berme akademikoa ezarri dien arren, ez da segurua munduak norabidea aldatuko duen.
IPBESek, 50 bat herrialdetako 145 adituk osatu duten gobernu arteko plataformak, hiru urtetan osatu du 1.800 orrialdeko txostena, egunotan entzundako mezu larria daramana: milioi bat animalia eta espezie dago epe laburrean desagertzeko arriskuan, Lurrak dauzkan zortzi milioi espezieetatik bat. Baina txostenak kalkuluetatik bazter utzitako xomorroak gehitzen badizkiegu, orduan planetako lau espezietatik bat dago galzorian. Esan nahi baita, horiek denak galdu egingo direla, ez delako batere probablea munduak industrializazioarekin eta globalizazioarekin daraman martxa ondoko urteetan aldatzea.
Robert Watson IPBES erakundeko zuzendariak esan du: “Gure eta gainontzeko espezieen bizitzak baldintzatzen ditu ekosistemen osasunak, eta inoiz baino azkarrago ari gara hondatzen ekosistema horiek”. Alegia, espezie bizidunen desagertze edo extintzio masibo batean murgilduta gaudela, dagoenekoz.
Biodibertsitatearen galeraren erantzukizuna ez dagokio soilik ingurumenari: garapenarekin, ekonomiarekin, segurtasunarekin eta balio sozial eta moralekin ere lotuta dago, adituen esanetan.
Aurreko txosten zientifikoek bezala, IPBESen honek ere lehen mailako erruduntzat dauka gizakiok lurzoruak hondatzeko daukagun jokabidea: soro eta zelaiak hormigoiz estali, oihanak eraitsi, padurak lehortu… Horatara garamatzate populazio handitzeak eta gizakien bizi mailaren hobetzea asetzeko planeta osoan nagusitu den nekazaritza industrialak.
Extintzio masiboaren beste lau zio nagusi ere aipatu dituzte adituek: natur baliabideen (meategiak, arrainak, oihanetako zuhaitzak) gehiegizko ustiatzea, kutsadura orokortua (kimikoa batik bat), leku bakoitzeko espezieak suntsitzen dituzten exotiko inbaditzaileak eta, azkenik, klimaren aldaketa. “1980tik –diote adituek– negutegi eragineko gasen isurketak bi halakotu egin dira, Lurreko batez besteko tenperatura gutxienez 0,7ºC berotu da eta plastikoen kutsadura hamarrez biderkatu da. 300-400 milioi tona metal astun, disolbagarri, lohi toxiko eta bestelako hondakin isurtzen dira munduko uretan”.
Gainbehera larri hau gelditzeko oraindik aukera badagoela esan du IPBESeko buru Watsonek aurkezpen ofizialean: “Txostenak dio ez dela berandu auzi honetan gauzak beste modu batera egiten hasteko, baina orain hasi beharra dago, bai maila lokalean, bai globalean”.
Hala ere, hori gerta dadin bete beharreko baldintzak kunplitzen zailak dirudite: “… baldin eta eraldaketa ekarriko duten aldaketak egiten badira, sistema osoa eta faktore teknologiko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartuko dituztenak».
Baina, gainera, orain arteko oharrei munduko aginte nagusiek jaramonik egin ez dietenez –honetan bezala klimaren aldaketaren alorrean eta beste askotan-, herritarrak motibo gutxi dauka itxaropenerako.
Izaki bizidunen hondamendiari buruzko ohartarazpenak –zientziaren ikuspegi zorrotzetik egindakoak, alegia, bestelako katastrofismoak alde batera utzita- aspaldikoak dira. Askok ekologismo modernoaren amandretzat daukaten Rachel Carsonek 1962an “Udaberri isila” antologikoan azaldu zuen ordurako abian zegoela extintzio masiboa: “Amerikako Estatu Batuetako eremu gero eta zabalagoetan, hegaztien itzulerak iragarri gabe iristen da orain udaberria, eta, goizean goiz, isiltasun arrotza da nagusi lehen txori-kantuen edertasunak betetzen zituen egunsentietan. Txori-kantuen bat-bateko isiltze hori, gure munduari hegaztiek ematen dioten kolorearen, edertasunaren eta onuraren deuseztatze hori, bizkor eta maltzurki jazo da, eta eragin hori oraindik jasan ez duten herrietako biztanleak konturatu gabe”. Baina munduak business-as-usual jarraitu du ondorengo 60 urteetan eta gaur txorien kanturik ezari gehitu zaio arrainik eza, erleen desagertzea, xomorroen suntsitzea…
Epeak agortuta, kalteak agerian
Egunotan hedabide nagusiek grafiko eta irudi beldurgarriz beteta aipatu dute IPBESen txostena –astebeteren buruan ikus-entzuleei beste irudi are deigarriagoz ordezkatuta ahantzaraziko dizkietenez–; Le Monde Diplomatique aldizkariak halako oroimen ariketa etsitu bat egin du bere webean, irakurgarritzat ekarriz aldizkarian bertan duela 50 edo 10 urte antzeko ohartarazpenez publikatutako artikuluak.
1970ean Jean Dorst ornitologoak Diplo-n plazaratu zuen “Animalia eta landare espezie gehienak mehatxupean daude gizakiaren jokabidearen ondorioz” eta bertan alarma jotzen zuen planetaren hondamendi biologikoaren aurrean, nabarmenduz fauna basatiaren atzerakadak adierazten zuela gizakiari ere helduko zitzaion hondamendia: “Horren azken biktimak geu izango baikara. Gure espeziea da, epe luzera, denetan mehatxatuena. Espero dezagun ez egia bihurtzea J.H. Fabre naturalistak esan zuen hura, gizakia desagertuko zela berak zibilizazio deitzen dion horren gehiegikeriek hilda”.
Egoerak okerragora eginik, askoz geroago, 2007an, Alain Zecchinik idatzi zuen aldizkari berean: “Biodibertsitatearen galerak mehatxatzen du gizadia”. Tartean hau: “Baina gizakiak pleonexiak jota daude, behar dutena baino gehiago edukitzeko irrikak. Irrazional eta berekoiak dira, zeren eta naturaren ustiatzea ez baita oihaneko bilketaren pareko –honek baimentzen du baliabideen iraupena– baizik eta extraktibismoarena, meategi bat alea erauzi arte ustiatzea”.
Extintzio masiboan murgilduta gaude, eta horren lekuko da adin bateko edozein herritar, umetan ikusitako hainbat txori edo xomorro bere begien aurrean desagertzen ikusi duelako. Euskal Herrian ere bai. Hedabide nagusiek IPBESen txostena ahotan zerabilten egun beretan Gaindegiak berretsi zuen hartako puntu oso inportante bat, hemen bertan gertatzen ari dena: “Azken 28 urteetan aurreko historia osoan bezainbat lurzoru artifizializatu da Euskal Herrian”. Baina nori axola dio?
Egia da, Extinction Rebellion mugimendua hedatuz doa munduan: Frantzian pestiziden kontra Mitxoletak nahi ditugu kanpaina; ekologistek borrokan darraite; baserritar txiki asko hasi dira beren soroen bioaniztasuna sustatzeko ahaleginean... Baina IPBESeko adituen kontrara, askok uste dute hondamendia saihesteko beranduegi dela, biodibertsitatearen krisia datorrelako klimaren aldaketaren eta energia krisi sakonari eskutik oratuta eta, ondorioz, horien kontra borrokatzea utzi barik, martxan diren kalteetara egokitzen hasi behar dela: Deep Adaptation, sakoneko egokitzapena.
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]
Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]