argia.eus
INPRIMATU
Zuzeneko emanaldia
Gazte bete sormen
  • Topagunea dira lagunak, kontzertuak, txandak, kanpina, hitzaldiak, resakak eta... bai, Euskal Herriko gazte sortzaileak ezagutzeko aukera ere bai. Horretarako zegoen aurten bereziki Lemoan Gazte Sortzaileen Plaza, gazteak sortzen dabiltzana entzun, ikusi eta dastatzeko gunea. Karpatik pasa ziren trap zaleak, txelo jotzaileak, antzerkilariak eta dub bibrazioak. Baina oholtza handiaren bizkarrean, gaztetxeko areto eta geletan ere sortu ziren hainbat proiektu eta emanaldi interesgarri. Hara hurbildu ginen igande bazkalostean, ez egunik onenean (oraindik bizirik?), ezta ordurik onenean ere (siesta, agian?), baina emateko zutena jasotzeko gogoz.

Irati Majuelo Itoiz 2019ko maiatzaren 07a
Argazkia: Laura Moscoso Vila.
Argazkia: Laura Moscoso Vila.

“Tripak: huts bete hots” zioen egitarauak. Huts, nahiko huts zegoen gaztetxea hamar minuturen faltan, oraindik begietako bekarrak kendu eta azken uneko kafea hartzen duten gazteak hartzeko zain. Eserlekuak betetzen joan ziren ordea, eta aretoa txukun geratu zen kortesiazko bost minutuak pasatzerako. Publikoa isilik, artistak noiz agertuko. Haien ordez bideo bat, paper zimurtuz estalitako egitura batean proiektatua. Lanpara itzali bat, aulkitxo bat eta koaderno bat lurrean botata. Edozer pasa liteke, eta publikoa edozertarako prest dago.

Bi lagun agertu dira, naturaltasunez, ohiko kontuei buruz hizketan, erraietatik datozkien oihartzunak taularatzen. Denok berdin ikusten al ditugu koloreak? Ni naiz? Zu? Noraino naiz ni, noraino zu? Elkarrizketa eta poemen bidez nitasunaren eta kolektibotasunaren arteko harremanei buruz hausnarrarazten duen ikuskizuna topatu dugu, non eta gaztetxe batean. Adibide hoberik ezin liteke egon subjektiboa eta politikoaren arteko zeharkaldiak eszenaratzeko. Emanaldiaren hasieran hartutako hari muturretatik tiraka jarraitu dute saio guztian zehar bi lagunek, orain hitzez, orain idatziz, baita ikus-entzunezko eta gorputz adierazpen bidez ere, tripetako hutsak hotsez harilkatzen.

Erabilitako bideo eta grabaketek sorkuntzaren istorioa osatzen dute gainera, eguneroko batetik lapurtutako pusketak eszenaratzean txertatu izan balituzte bezala. Making off-a obran bertan plasmatua. Metaobra bat, azken finean. Bideo, hausnarketa, kanta, poema, keinu, errezitaldi bakoitzak azal bat eransten dio obrari, barnekoak biluztu eta hautemandako hutsuneak janzteko aukera emanez. Korapiloak egin eta desegin, artilezko jantzietan bezala.

“Tripak: huts bete hots” Eguzki Donnellan Armengod eta Haizea Beruete Lopetegi hasiberrien sormen proiektua da. Gasteizko Gazte Sortzaileak bekari esker sortu dute ikuskizuna bi artistek, Itziar Rekalde Luzarragaren gidaritzapean. Duela gutxi egin zuten lehen emanaldia Gasteizen bertan, eta oraindik ere estrenatzeke omen dituzte zenbait eszena. Beraz, hasi berriek hasi berri duten bira segi, eta ea zer oihartzun ekartzen dizuen tripen hotsak.

Noiz: Apirilak 21
Non: Gazte Topaguna, Lemoa