argia.eus
INPRIMATU
Errekorra gastu militarrean
  • Munduan gero eta gose eta migrazio gehiago dago, natura deuseztatzen ari gara eta klima aldaketari ez diogu jaramonik egiten. Eta bitartean, gastu militarra hazi egin da 2010. urteaz geroztik lehen aldiz. Stockholmeko Bakearen Ikerketarako Institutuaren arabera, 2018an %2,6 igo da gastu militarra eta 1,8 bilioi dolarrekoa izan da (1,63 bilioi euro). Fidatzeko moduko datuak ditugunetik –1988. urtetik– ez da halako kopuru handirik ezagutzen.

Juan Mari Arregi 2019ko maiatzaren 08a

Errekor historiko hori AEBek eta Txinak bultzatu dute, hurrenez hurren 694.000 milioi eta 250.000 milioi dolar gastatu baitituzte armetan. Bien artean Defentsarako aurrekontu globalaren erdia baino gehiago batzen dute. Deigarria da Saudi Arabiaren kasua, 67.600 milioi dolarrekin hirugarren postuan jarraitzen baitu eta arma inportatzaile nagusiena baita oraindik. Baina ez gaitu harritu behar, jakinik Yemengo interbentzio militarra gidatzen duela. Gogoan izan, bestalde, arma horien zati bat euskal enpresek produzitzen dutela eta Bilboko Portuaren bidez iristen dela arabiar lurraldera.

Frantziako Estatua bosgarren postuan dago 63.800 milioi dolarrekin eta Espainiako Estatua hamaseigarren, 2018an 18.200 milioi gastatu ondoren; azken honek NATOko kide gisa %7 igo zuen bere aurrekontu militarra iaz.

Beraz, ez da egia estatuen diru-kutxetan sosik ez dagoenik pentsioak, osasuna, hezkuntza, menpekotasuna edo migratzaileentzako babes neurriak hobetzeko. Leporaino armatzeko dirua daukate. Espainiako Gobernuak, bere burua sozialistatzat omen daukan horrek, politika sozialak egingo dituela dio... Ba gastu militar horren aurrean zer egin pentsatu beharko luke lehenik eta behin. Eta gainerako alderdiek, ezkerreko eta progresista direla diotenek, baita herritarrek ere, horixe exigitu beharko liokete.