Ingeniaritza agronomoan doktoratua eta Lleidako Unibertsitateko irakaslea da Jose Ramon Olarieta Alberdi, baita Som lo que Sembrem elkarte katalaneko kide ere. Transgenikoen inguruan liburua argitaratu zuen iaz: Transgenikoak, benetan dira seguruak eta beharrezkoak? Leitzan eta Elizondon (Nafarroa) hitzaldiak eman ditu apirilean, LeitzEKO Kontsumo taldeak eta Hazitik Hoziek gonbidatuta. Transgenikoek osasunean, ingurumenean, alor sozialean nahiz ekonomikoan eragiten dituzten kalteen inguruan solastatu zen Olarieta. Beharrezkoa da, haren ustez, genetikoki eraldatutako organismoen erabileraren kontrako argudioak zabaltzea, zientziaren mundutik gehienetan aldeko diskurtsoa soilik entzuten baita.
Elikagai edo produktuak merkaturatzerako zentzuzkoa dirudi horiek hainbat froga pasatu behar izatea, ingurumenean edota osasunean izan ditzaketen kalteak aztertzeko. Olarietak salatu du transgenikoak merkaturatu baino lehen ez dela eraginen inguruko inolako ikerketarik egin. “Behin eta berriz diote ez dela frogatu transgenikoak osasunerako kaltegarriak direnik, baina benetan lotsagarria dena da produktuok merkaturatu aurretik osasunean duten eragina ez aztertu izana”.
Hiru motatako transgenikoak daude egun merkatuan: herbizidei toleranteak, intsektiziden ekoizleak eta aurreko bi ezaugarriak batzen dituztenak. “Inoiz ez dizute esanen artoak intsektizida bat daramala, baina horrela da benetan: artoa jaten baduzu intsektizida ere jaten ari zara”, azaldu zuen agronomoak NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren webguneko elkarrizketan. Nafarroan 7.200 hektarea inguru arto transgeniko daude landatuak.
Transgenikoei ezetz esateko arrazoi oinarrizkoena, Olarietaren ustez, hauxe da: ezertarako ez ditugula behar. Munduko goseari aurre egiteko teknologia direla diotenei, zera erantzuten die: gosea ez dela arazo, arazo orokorrago baten sintoma bat baizik. Alegia, gosea ez dela existitzen munduko biztanleak asetzeko adina janaririk produzitzen ez delako, aberastasuna banatzen ez delako baizik.
Zein da, orduan, transgenikoen alde egiteko arrazoia? Argi du Olarietak: “Haziak patentatuz, horien merkatua kontrolatzea da helburua”. Milioiak mugitzen dituen negozioa dago transgenikoen atzean, eta hor nagusi dira multinazional gutxi batzuk. “Kapitalismoak garamatzan nekazaritza, ikerkuntza edo kontsumo eredu horretarako pauso bat gehiago dira transgenikoak”.