Publikoaren arteko askok pentsatu zuten mikromatxismoei buruzko performance bat izan behar zuela. Tantaka telebistaren aurkezpen ekitaldian, hiru kazetarien arteko solasaldi elebidunean parte hartu nuen. Gizon bat eta bi emakume ginen. Hasi aurretik, bi neskok urduri ginela onartu genuen; bera jendaurrean gaztelaniaz okerrago moldatzen omen zelako eta ni euskaraz ez nintzelako nahikoa trebe sentitzen. Hara gizonaren erantzuna: “Nik, ordea, konturatu gabe egiten dut salto bi hizkuntzen artean”. Bere doinuagatik igartzen zen jatorriz atzerritarra zela, hau da, euskaldunberria. Eta hala ere, txikitatik elebidunak ginen bi neskak baino konfiantza gehiago zuen bere hizkuntza gaitasunean.
Komentario hori bere harropuzkeriaren lehenengo seinalea izan zen. Erdian eseri zen, hankak oso irekita, ozenago eta luzeago hitz egin zuen… Nik mintzatzea baino nahiago dut eguneroko esperientziez aritzea, hortaz, Pikara-n ikasitakoak (hanka sartzeak barne) kontatu nituen. Tipoak jarraian sastada bota zidan: “Ni ez naiz ‘nire liburuari’ buruz hitz egitera etorri”. Ziztadaren pozoiak nire baitako ahots patriarkala elikatu zuen. Jendaurrean astero hitz egiten dudan arren, ahots horrek beti boikoteatzen nau. “Iruzurtiaren sindromea” deitu omen zaio: Eneida Iturberen hitzetan, “[emakumeak] eurak berez ez direla hain onak konbentzituta, jendea noiz konturatuko ote den zain daude”.
Espazio publikoa gizonena dela ikasi dugu bai eurek zein emakumeok. Euskaltzaindiak aurten gehitu du “plazandre” sarrera, feministok aspaldi erabilitako hitz esanguratsua. Misoginoek uste dute oholtzaren gainean edo kameren aurrean erraz utz gaitzaketela jokoz kanpo. Hark ez zuen lortu, baina etxetik nekarren beldurrei beste bat gehitzea lortu zuen: “Guri begira dauden ehunka lagunek pentsatu ote dute nartzisista naizela?”. Oholtzatik jaitsi ginenean, beste emakumezko kazetaria elkartasunez hurbildu zitzaidan eta ezin izan nien malkoei eutsi.
Kazetari askok aitortu didate hedabideetan parte hartzeko prest dauden andreak topatzea oso zaila dela, eta hizkuntz gaitasunekiko konfiantza urriagoa dela arrazoietako bat. Euskaltzaletasunak feminismotik “ahalduntze” kontzeptua hartu duela nabarmendu dute bi mugimendu horien arteko harremana aztertzen duten adituek (Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban, Bilgune Feministako kideak…). Jakin aldizkariak, UEUk eta Gabriel Aresti euskaltegiak gai honi buruzko ikastaroa antolatzen ari dira. Bigarren saioan, euskalduntze prozesuetan generoak duen inpaktua aztertu zuten Aizpea Otaegi eta Jaime Altuna ikerlariek. Besteak beste, andreak direla euskaltegietako ikasle gehienak, eta hala ere gizonek baino autopertzeptzio negatiboagoa adierazten dutela euskararekin duten harremanaz galdetzen zaienean.
Ikastaroan matrikulatuen partaidetza urria izan da: emakume gutxi ausartu dira Bilboko Kafe Antzokia bezalako areto batean iritzia ematera. Hirugarren saioan, bi gizonek hartu zuten hitza, feminismoa kritikatzeko gainera. Ozen hitz egin zuen emakume bakarra kazetaria eta euskarazko literatura idazlea zen. Nik post-it batean idatzi nuen nire galdera.
Interesgarria da ingelesezko empowerment euskaratzeko aukeren artean –jabekuntza, boteretzea, ahalduntzea–azken hori gailendu izana. “Ahal dut, ahal dugu”, gogorarazi behar diogu plazandreok gure buruari uneoro, gure baitako ahots patriarkala baina ozenago, eta hizkuntza askotan.