argia.eus
INPRIMATU
Apirilak
Itxaro Borda 2019ko apirilaren 30

Badu bulta bat, gure ingurune naturala iratzartzen ari dela. Sapa igotzen doa arbola, zuhaitz eta kaktusen zainetan gora. Goizetan, Eibarren suge-belarra deitzen duten hartz-baratxuri hostoak murtxikatu eta indar hozbera horren eraginak nabaritzen ditugu gure baitan. Udaberriak ez dira isilak. Udaberriak ez dira ahulak. Alderantziz.

Maite dugun poeta handi batek apirila ankerra abestu zuen. Ismael Kadaré albaniarrak ere badu Apirila hautsia izenarekiko aspaldiko nobela bat. Laugarren hilabetea urteko garrantzitsuena da, hunkiduraz eta kemenez betea heldu delako. Polenak sudur zuloak emokatzen ditu, erregina nagiek akuilaturiko erle mehatxatuak kardabera horietan dabiltza lanean, karraskaz, eta jendea, nola jantzi ez dakiela errepikatzen dabil.

Funtsean zer daki jendeak naturaz, glifosatoa sainduz eta eros-ahal handiago nahikundez mozkor, tematzen denean. Segur aski, bestela bizi gaitezke, gutxiagorekin, hobeagorekin. Baina diskurtso horiek ez dira entzungai oraino. Atalante zine-gela berriaren aldamenetik, apiril arrastietako kobre koloreko Baiona gaineko zerua mirestean, etorkizuna eskura dugula espero dukegu.