Hasteko oharra: “Denbora-pasaren erantzuna bukaeran”.
Lehenik, Guaidóri ez esateko motibo batzuk etorri zaizkit burura. Josep Borrell kanpo aferetarako espainiar ministroak Salvados telesaioan emandako erantzunek ondorio logiko zenbaitetara eraman ninduten. Bere esanean, Trump dago Guaidóren auto-izendatzearen atzean. Ezin argiago iradoki zuen. Trumpek, bestalde, dio aukera guztiak daudela mahai gainean. Beraz, segiziokoek hainbeste badakite: Irak, Afganistan, Libia, Haiti... Eta beraz, Venezuelakoa “gerra zibil” (non AEBek esku-hartzea izango luketen) bilaka liteke.
Bitxia da. Sofan telebistari so gaudenok ia bihurtu nahi gaituzte Venezuelako etorkizunaren erabakitzaile, Guaidó Maduro baino hobea edo txarragoa iruditzen zaigun; hauteskundeak Venezuelatik kanpo balira bezala. Ondorioa: gure iritzi publikoan Guaidó baldin bada presidente zilegi, ezarri dezagun bera, aukera guztiak mahai gainean jarrita. (Bestalde, iruzurtzat salatzen dituzten Venezuelako hauteskunde presidentzialetan Zapatero espainiar presidente ohia aritu zen begirale, eta garden, legezko eta eredutzat hartu zituen).
Baina demagun ezetz. Demagun ez zirela hauteskunde garbiak izan. Nork erabaki beharko luke munduan estatu batek bere mugetatik at muturra sartzeko eskubidea noiz duen? Aski demokraziarik ez dagoen estatuen rankinga osatu beharko litzateke lehenik, eta horren arabera jokatu; eta, bide batez, bermatu demokraziaren babesleak demokrazia eta soilik demokraziagatik sartzen direla hara. Ia barregura demokratikoa ematen du iradokizunak. Izan ere, interbentzionismo demokratizatzaile mendebaldarra pixka bat tamalgarria izan da: Francoren Espainian ez, baina Txilen bai; Iraken bai, baina Arabia Saudin ez; Angolan bai, baina Hegoafrikan ez; Venezuelan bai, baina Kolonbian ez.
Hala ere, Venezuelan agian bai, agian Guaidó ezarri behar da estatuburu, herritarrei bizimodua hobeto joan dakien. Nik zalantza egiten nuen potentzia handi-mandi horiekin, Trump, Macron, Casado edo Sánchezekin.
Zorionez, zalantza itsaso hartan alderrai nenbilelarik, Urkulluk –gorbata eta ikurrinadun-pin– txiokatu zuen, zigun, zidan, Venezuelarako hauteskundeak eskatzen. Orduan, bai. Izan ere, zein helburu izan ote dezake eusko-demokrata batek Venezuelan demokrazia eta bakea, eta ez besterik, ezarri daitezen?
Jainkoa eta Lagi zaharraren izenean, sinetsi diot.