argia.eus
INPRIMATU
Garazi Albizua. Sorkuntza bizibide
“Ni ez nengoen literaturan, beraz zein nintzen ni? Hutsune horrek tristetu ninduen”
  • Komikigintzan zein literaturan aritua da Garazi Albizua (Santurtzi, 1985). Nola egiten dute dortokek? (2015, Denonartean) eta Kemena (2018, Denonartean) lanen egilea dugu, eta egun Ahire Munduak zientzia fikziozko trilogian dihardu lanean. Honen lehen atala, Izadia (2018, Denonartean), kalean da dagoeneko. Idazketaz gain, tailer eta ikastaroak ere gidatzen ditu.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko apirilaren 12a
“Ikusi nuen irakurrita nituen liburu gehienak gizonezkoenak zirela, eta soilik emakumeek idatzitako lanak irakurtzen hasi nintzen”.

Izadia eleberria kaleratu berri duzu. Zeri buruzkoa da?

Izadia hiri baten izena da, zeinetan gogortasun, zapalkuntza eta sexismo asko dagoen. Guzti horren kontra egiteko bilduko dira hainbat norbanako, eta beraien artean harreman bereziak eraikiko dituzte.

Lana trilogia baten parte da.

Bai, liburu bakoitzean gauza batean jartzen dut arreta. Lehenbizikoa da agian pizgarriena, bortizkeria aurkezten baitu. Bigarrenean bortizkeria horren berri badu jada irakurleak, beraz beste gai batean jarriko da arreta, eta hirugarrenean beste horrenbeste. Nahiz eta gai berberen ertzak ukitu, azken finean, hiru liburuetan.

Nor da protagonista?

Hainbat protagonista daude, eta horien izenak daramatzate kapituluek. Atalburuka, pertsonaia bakoitzaren errealitatea azaltzen da, beren ikuspuntutik. Badago lider moduko bat, baina bere ekintzak burutzeko besteak beharrezkoak dituenez, protagonismoa banatuago dago. Hala ere, Katixa izango litzateke pertsonaia nagusia.

Ezagun dut txikitan emakumezko erreferenteak faltan jotzen zenituela liburuetan.

Irakurtzea gustuko nuenez, irakurketan bilatzen nituen erreferenteak, baita nituen arazoen aurrean nola jokatu jakiteko argibideak ere. Baina aurkitzen nituen pertsonaiak gizonezkoak zirenez, ez nuen behar nuena topatzen. Zentzu horretan emakumezko asko dago nire lanean. Identitate anitzeko pertsonak agerrarazteko xedea izan dut.

Zientzia fikzioa lur emankorra da helburu horri begira.

Bai, horretarako genero ezin hobea da. Oso tranpatia ere bai. Zeren hasten naiz otutzen zaidan oro paperera iraultzen, eta adibidez asmatu dezaket gailu bat, egiten duena ez dakit zer, eta nik bakarrik dakidana zer den. Okurrentzia horiek nola azaldu ez zait erraza egiten.

Txikitatik zara zientzia fikzioaren zale?

Fantasia irakurtzen nuen zientzia fikzioa baino gehiago. Irakurri nuen lehenbiziko liburua Sorgin txikia izan zen, izebak oparitu zidan. Ordura arte komikiak irakurtzen nituen. Horrekin estreinatu nintzen fantasian, eta sekulako deskubrimendua izan zen emakume protagonista batekin topo egitea, komikietan gizonezkoak baitziren protagonista. Fantasiaren munduan barneratzean, baina, beste emakumezko protagonistarik askorik ez zegoela ikusi nuen. Erreferente horren beharra sumatu nuen luzaroan.

Nola gogoratzen duzu erreferente falta sentipen hori?

Tristeziaz. Nerabezaroan, ohi baino tristeago egoten zaren momentuan, halako hutsune bat sentitu izana gogoratzen dut. Asko gustatzen zitzaidan irakurtzea, baina ikusten nuen bazegoela salto bat nire errealitatearen eta liburukoen artean. Ni ez nengoen literaturan, beraz zein nintzen ni? Hutsune horrek tristatu ninduen.

Santurtzi eta Erandioko literatura taldeak, eta Bilboko Louise Michel liburutegiko sormen tailerra gidatzen dituzu.

Oso gustuko ditut tailerrak, baita hauek prestatzeko prozesua ere. Informazio bilketan asko ikasten da, sarri oso lan tristea ere baden arren. Zeren ikusten duzu, denboran atzera gehiegi  joan beharrik barik, zein zaila den emakumeek idatzitako zeozer aurkitzea. Eta eskuratutako idatzietan bizi zituzten egoerak zein ziren ikusten duzu: askok beren buruaz beste egin zuten, bortizkeria asko pairatu, basakeriaz betetako biziak izan… Hala ere, hauen bizitzak klasean azaltzea asko gustatzen zait, disfrutatu egiten ditut tailerrak. Gainera, beti dago norbait zerbait dakiena eta gehitzen duena, eta hor komunitate moduko bat sortzen da.

Emakumeen etxeetan ere ematen dituzu tailerrak. Ahalduntzera ere bideratu duzu zure jarduna.

Irakurtzen dituzun hainbat literatur lanetan, zeuk bizitakoak ere aurkitzen dituzu. Beste emakume batzuekin bazaude, eta bakoitzaren bizipenak ozen kontatzen badira, bakarrik ez zauden sentimendua, ahizpatasuna, azaleratzen da. Ederra da!

Emakumeen idatziek pisu nabarmena dute zure bizian.

Ikusi nuen irakurrita nituen liburu gehienak gizonezkoenak zirela, eta soilik emakumeek idatzitako lanak irakurtzen hasi nintzen. Horrela daramatzat urte batzuk, eta iruditzen zait beste urte batzuk falta zaizkidala balantza orekatzeko.

Literaturan ere, ez da gauza bera idazle gizonezkoa ala emakumezkoa izan.

Ikusgaitasun faltaren kontuak frustrazioa eragiten du, hainbat emakume idazlek aditzera eman bezala. Zer esanik ez idazketa ofizioa izateko trabek. Virginia Woolfek aldarrikatu bezala, etekina eta lekua izatea ezinbestekoak dira. Baina batez ere agerpen faltak sortzen du frustrazio moduko bat, eta ez dauka zerikusirik ospetsua izatearekin.

Aitorpen minimo bat izatearekin, akaso?

Bai. Nik emakumeen lanak editorial txikietan bilatzen ditut. Eta joe, ze zaila den! Lana eskatzen du emakume idazleen lanak aurkitzeak, eta horrek frustrazioa sortzen du. Idazle jardunak baditu halako gauza tristeak, baina merezi duenez, idazten jarraitzen dut.

Ni idazlearen bila
“Irakurle fina izanik, noizbait idazlea izateko erronka jarri nion nire buruari. Berehala antzeman nintzen trakets, idazten nuenak ez zuen ahoskatzen nuenaren erritmoa, xarma eta doinua. Baldar lotzen nituen letrak. Txipa aldatu eta emakume idazleen eleberrietan barneratzen hasi nintzen, eta hortxe hartu zuen arrotza zitzaidan nire ahotsak bestelako itxura bat. Besteen literatura lanak irakurriz aurkitu nuen ni idazlea, eta hortik idazten dut”