Euskal jostun garrantzitsuenaren lanak kaltetu edo “desagertu” zituzten, hari eskainitako museoa hasieran kosta behar zena baino bost aldiz garestiago atera zen, lagunkeriaz kontratatu zuten eta diru publikoa barra-barra erabili zen gastu pribatuetarako ere –bidaiak, auto-konponketak, senideei egindako transferentziak–. Horiek dira, besteak beste, apirilaren 9an abiatu zen Balenciaga auziko epaiketan aztertuko diren lege-hausteak. Eskandalua lehertu zenetik hamar urte baino gehiago pasata, akusatuen aulkian eseri da Getariako alkate izandako Mariano Camio (EAJ) eta badirudi inork ez dakiela non dagoen Julian Argilagos arkitekto kubatarra, kasu honetako beste inplikatu nagusia, zeinak nazioarteko atxilotze agindua daukan bere kontra.