argia.eus
INPRIMATU
Plastikoaren arrasto ikusezina
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2019ko apirilaren 10

Martxoaren erdialdean, Grande America kargaontzia hondoratu zen euskal kostaldetik hurbil. Lehen berriek, gure ingurunea fuel orbanaz salbu izango zela zioten arren, Hendaiako hondartzan petrolioz bustitako hegazti bat atzeman izanak, kaltearen dimentsioa handiagoa izan zitekeen alerta piztu zuen.

Halako gertakariak ez zaizkigu arrotzak, tamalez. Itsasoan sortutako istripuen ondorioak ikusi eta pairatu izan ditugu azken urteotan. Nola ahaztu Prestigeren hondamendia eta plastilina itxurako haritxoekin egindako konparaketa penagarri hura! Hala ere, Europako Ingumen Agentziaren arabera, itsasoan metatutako zaborraren %20 besterik ez omen da itsasoko jardueretatik sortua, gainerako %80 ibaietatik datorrela diote datuek. Are gehiago, dirudienez, itsas zaborraren %80 plastikoek osatzen dutela estimatu da. Polimeroz osatutako uharteak diruditen eta zazpigarren kontinentea deitu izan zaion Indiako Ozeanoko irudiek oihartzun handia izan dute mundu mailan; gurean ere, Zumaia inguruko flyschetan pilatutako hondakinak erakusten zituen bideoa ere biral bilakatu zen.

Pixkanaka zabalduz doa gai honekiko kontzientzia, eta hainbat ekimen daude begiz hautemangarria den zaborra biltzeko. Haatik, bada begietara ikusezina den mikroplastiko edo nanoplastikoa deituriko zaborra ere. Hasiera batean, plastiko zatiak txikituz zihoazen heinean, plastikoa deuseztatu eta ingurumenak xurgatzen zuen ustea nagusitu zen; baina denborak, uste okerrean geundela erakutsi du: hondakin horiek zuntz mikroskopikoak izatera igarotzen dira.

Ekoizle eta erakunde publikoek gaiaz har dezaketen jarreraz gain, bada kontsumitzaileon ohituretan dagoen beste eremu bat ere, norberarena, pertsonala

Horrek guztiak ondorioak ekar ditzake egoera konpontzeko neurririk hartu ezean. Estimaziorik latzenek diotenez, 2050. urterako itsas bizidunen gehiengoak plastikoa irentsita izango du. Saihestezina izango da, beraz, giza osasunean kalteak eragitea. Oraingoz, airean, gatzean, ur-kaniletan eta giza gorotzean ere aurkitu dira plastiko zantzuak.

Zinez konplexua da egoera, eta baita konponbide posibleak ere. Ezin ahantzi alde batetik, plastikoaren lobby indartsua. Zuzenean edo zeharka, petrolio sektoreari loturik dago, eta jakina da, munduko petroleo erreserben %90 baino gehiago hamasei lurralderen eskuetan dagoela. Gainera, 1980tik gaur egun arte, %500 igo da plastikoaren ekoizpena, eta ez dut uste ekoizleek atzera pausoa emateko desira izango dutenik. Beste aldetik, plastikoaren ekoizpen eta kontsumoa murriztu nahi duten erregulazio, debeku eta zigorrak datozkigu erakundeetatik. Plastikozko poltsen erabilera jaisteko kopuruaren neurria martxan dugu dagoeneko, eta datozen urteetarako, erabilpen bakarra duten plastikozko produktuen gutxitzea eragingo duten debekuak aurreikusten dira Europatik.

Ekoizle eta erakunde publikoek gaiaz har dezaketen jarreraz gain, bada kontsumitzaileon ohituretan dagoen beste eremu bat ere, norberarena, pertsonala. Oro har, erlojupeko bizitza erritmoa dugu egunerokotasunean, eta kontsumo kontziente bat egiteak denbora eskatzen du. Azken batean, bizitzaren oinarrizko beharrizanak erdigunean jartzea suposatzen du, horiei denbora eskaintzea, arduraz kontsumitzea, eta ingurumenarekiko begirada izatea, alegia. Zaborrik onena, sortzen ez dena omen da.
Ziurrenik ere, Grande America itsasontziaren arrasto ilunak ikusi ahal izango ditugu gure kostetan datozen hilabete hauetan, eta egoerak ezinegona eta alarma sortuko du. Baina ez dezagun ahaztu isilean lanean ari den hondakin ikusezina. Guk sortutako zaborrak jango gaituela entzun izan dut maiz, baina ez al dugu guk bera irentsiko?