argia.eus
INPRIMATU
Emakume meatzariak eta immoralitatea
  • Britainia Handia, 1842ko maiatza. “Enplegu Batzordearen haurren lanari buruzko txosten” osatu berria argitaratu zuten eta berehala eskandalua zabaldu zen gizartean, komunikabide nagusien bidez.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko apirilaren 11
Zer da immorala irudi honetan? Viktoriar gizartearen ustez, 
emakumea gerritik gora biluzik jardutea. (arg: The British Library)
Zer da immorala irudi honetan? Viktoriar gizartearen ustez, emakumea gerritik gora biluzik jardutea. (arg: The British Library)

Txostenaren helburua, berez, haurrek meatzeetan lanean zeuzkaten muturreko baldintzak jasotzea eta salatzea zen. Baina viktoriar zintzoak asaldatu zituena ez zen hori izan, meatzeetan lanean ari ziren emakumeak gerritik gora biluzik aritzen zirela jakiteak baizik; meatze zuloetako tenperatura jasangaitzak eraginda, ohikoa zen meatzariak ia biluzik jardutea.

The Times eta The Morning Chronicle egunkariek emakume horiek irudikatzen zituzten grabatuak argitaratu eta meatzeetan lan egin zezaten debekatzeko kanpaina abiatu zuten. Anthony Ashley-Cooper Shaftesuryko kondeak zera bota zuen Parlamentuko hitzaldi batean: “Neska horiek lanean ikustea baino irudi lizun eta higuingarriagorik ezin da imaginatu. Ezta burdeletan ere”.
Baina Lord Ashley ez zen sekula meatze zuloan sartu hura egiaztatzera. Jelinger Symons eta Samuel Scriven  Enplegu Batzordeko kideek txostena egiteko hainbat meatze bisitatu zituzten, baina haiek ere ez zuten frogarik bildu. Scrivenek txostenean jaso zuen behin “emakume” bat ikusi zuela alkandorarik gabe Hopwood (Yorkshire) meatzean; Susan Pitchforth zen, 10 urteko neskatoa.

Hala ere, dozenaka lekukotza jaso zituzten emakume haien aurka, frogarik gabekoak baina iritzi sutsukoak: immoralitatea erabat zabaldua zegoen, emakume meatzariek ama eta emazte zintzoak izateko grina baztertzen zuten eta horren froga garbia zen igandean mezetara joateari utzi izana.

Emakumeak beren burua justifikatzen saiatu ziren. Batzuek zioten etxera iristean nekatuegiak zeudela etxea garbitzeko edo haurrak zaintzeko, baina ahalegina egiten zutela. Beste batzuek igandeak erabiltzen zituzten astean zehar etxean pilatutako lan guztia egiteko. Margaret Baxter 50 urteko meatzariak azaldu zuen, goizeko lauetan sartzen zela meatzean eta eguerdian irteten zela gaixorik zegoen senarra zaintzeko eta alabei josten irakasteko. Ann Fern eta Bessy Bailey gazteek kozinatzen eta josten ikasten eman behar zituzten igandeak eta horregatik ezin zuten mezetara joan…

Alferrik. 1842ko udan bertan, eskandalua piztu eta bi hilabetera, Meatzarien eta Ikazkinen Legea onartu zuen Londresko Parlamentuak, 10 urtez azpiko haurrei eta emakumeei meatzeetan lan egitea debekatzeko. “Meatzean lan egitea ez da atsegina, baina okerragoa da gosez hiltzea” esan zuen emakume meatzari batek.

Eta, hala, batzuk meatzean lanean jarraitu zuten, onuragarria baitzen familientzako –diru-sarrera urriak zertxobait gizentzeko– eta, batez ere, ugazabentzako; emakumeei soldata erdia baino gutxiago ordaintzen zieten. Gainera, isunak ez ziren oso handiak eta gehienetan emakumeei beren soldata kaxkarretatik kentzen zieten ordaindu beharrekoa.