Oso disko polita plazaratu du Maite Larburuk. Kantetan, nagusiki, folk eta pop kutsuko melodiak entzuten dira, baina rock eta jazz ukitu batzuk ere antzeman daitezke. Baina, batez ere, jolasa, umorea, naturaltasuna eta grina. Kanta atseginak dira, gertukoak, gustura entzuten direnak. Gona abestiaren bideoklipak apur bat laburbiltzen du hori guztia.
Harmonia, melodia eta erritmo politak jarri dizkie hitzei, eta oso ongi josi eta osatu du dena. Kantak haien artean desberdinak dira, baina denetan Maiteren nortasun handia nabari da.
Grabazio saioetan, Maitek biolina jo eta abesteaz gain, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa, xilofonoa eta zintzarriak erabili ditu. Harekin batera, musika hauek aritu dira: Carlos Taroncher (klarinete baxua), Aida Torres (perkusioak) eta Beñat Iturrioz (perkusioak). Halaber, hitzak idazteko garaian Harkaitz Canoren laguntza estimagarria izan du.
Hamabost urte Herbehereetan igaro ondoren, Hezurren azpian diskoarekin Larburu Hernanira bueltatu da, bere jaioterrira. Horrela, kanta guztiak euskaraz sortu ditu –Neighbor taldearekin egin dituen bi diskoetan euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz aritu da–.
Biolina jotzea du ogibide, antzinako musika jotzen duten Europako zenbait talderekin. Musikari bidaiaria da, nomada moduan lan egiten baitu Erdialdeko Europan, antzinako musikaren zirkuituan.
Bizitza osoa musikaren munduan murgilduta egon dela esan daiteke. Zazpi urterekin hasi zen musika ikasketak egiten bere herrian, eta ondoren Madrilen eta Amsterdamen ere ikasten aritu da. Master bat egin zuen antzinako musikan espezializatuta, eta horrela abiatu zuen bere ibilbidea.
Amsterdamen Neighbor taldea sortu zuen duela urte gutxi batzuk, Josh Cheathamekin, eta harekin batera ondu ditu Ura patrikan (2013) eta Hau (2016) lanak. Neighbor taldearekin bi disko horiek plazaratu ondoren, Hezurren azpian da bere lehendabiziko bakarkako lana. Esan bezala, lan horrekin etxera bueltatu da. Baina seguruenik bidaiako geltoki bat izango da, geltoki eder bat. Bidaiatzen jarraituko baitu, etengabe mugitzen, eta musikazaleak harritzen, luzea eta oparoa –orain arte bezala– izatea espero dugun ibilbidean.