Jérôme Baschet (1960) historialaria da. Frantziako EHESS Gizarte Zientzien Goi Ikasketen Eskolan irakasle eta ikertzaile aritu ondoren, gaur egun irakaslea da Chiapaseko unibertsitate autonomoan. San Cristobal de Las Casasetik kontatu du matxinada zapatistaren 25aren ospakizun mingotsa.
Chiapaseko zapatistek ospatu berriak dituzte 1994ko urtarrilaren 1eko matxinadaren 25 urteak. Altxamendu armatu harekin “Ya basta!” esan zioten herri indigenek bostehun urtez jasandako menderakuntza kolonialari, Partido Revolucionario Institucional alderdiaren sei hamarkadatako diktadura perfektuari, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Itunak ekarritako politika neoliberalei eta, era zabalago batean, erakutsi zuten gezurra zela kapitalismo ahalguztidunaren eta pentsamendu bakarraren propagandistek aldarrikatutako historiaren amaiera delakoari.
Matxinadak autonomia politikozko esperientzia oso nabarmen bat eraiki du, 1994ko abenduan 30 udalerri autonomoren aldarrikapenetik abiatu eta 2003an erregio mailako Gobernu Oneko bost Kontseiluen osaketarekin. Geroztik zapatistek beren gobernu eta justizia eredu propioak garatu dituzte, osasungintza eta hezkuntza sistema propioak eta produkzio jarduera propioak ere bai; lurraren jabego kolektiboan eta auzolan modu berrien garapenean oinarritu dira autonomiaren antolaketarako sostengu materiala lortzeko.
Zapatistek autonomiarekin berresten dute beren autodeterminaziozko bizimodua, komunitatearen izatea sendotu eta hori ukatuko luketen erabaki kapitalisten arbuiatuz. Autonomia da ere autogobernu herrikoiaren moduak Estatu mexikarretik erabat etenda garatzeko ahalegina.
Esperientzia hau burutzen ari dira Bretainia adinako zabalera daukan lurralde batean [Euskal Herriaren lurraldea baino handixeagokoan] eta etengabe garatuz doa duela mende laurdenetik hona.
Motiboak baditugu, beraz, esateko esperientzia zapatista dela izar oso distiratsu bat gure itxaropenen eta desioen ortzian –gehituz, izar hori behatzez ukitu eta bere biztanleekin topo egiteko modukoa dela–. Horregatik, bide luzea eginik Lakandonako oihanera, La Realidad caracol-eraino 25. urteurrena ospatzera iritsi zirenak prest zetozen gozatzera denen poza, esperientzia errebelde honek hainbeste eraso gainditu ahal izan dituelako, denboraren higadurari aurre egin diolako eta ezin ukatuzko sormena erakutsi duelako gaurdaino.
Alabaina, egunok ez ziren inondik ere izan hain festazkoak. Moisés komandante-ordeak aho-bizar barik esan zuen: “Ez daukagu 25. urteurrenaren ospakizunetarako betarik”. Hain zuzen ere, egoeraren mamia ez zuten azaldu zapatisten bozeramailearen hitzek baizik eta EZLNk bere izaera militarra gogorarazteak: armada zapatista ez baita desagertu, azken bi hamarkadotan bigarren plano batera gibelatu arren.
Komandanteak iritsi zirenean beren zaldietan, konta ezin ahala zapatista uniformedun sartu ziren caracol-ean plaza nagusia bete arte, eskuetan zekarzkiten makilekin zarata handia eginez, urratsen erritmo berean. 3.000 zapatista denetara, bost eskualde autonomoetatik etorriak, EZLNren erreserbisten zati bat. Zapatisten lurraldeetara lehenbizikoz etorritakoek pentsatuko zuten 1994ko altxamendua ospatzeko errito ezagunen bat ote zen. Ez zen batere hori, ordea: abenduaren 31ko festak militarren presentziarik gabe egin ohi dira, zapatisten elkarretaratze gehienak bezala.
Uniformedunak noiz edo noiz ikusten ahal dira segurtasun lanetan, batik bat La Realidaden, 2014ko maiatzean Galeano asasinatu zutenez geroztik, baina abenduaren 31 honetako erakustaldi militar baten parekoa aurkitzeko historian atzera egin beharra dago 1994ko udaraino, Guadalupe Tepeyacen Biltzar Nazional Demokratikoa bildu zenekora –egia da orduan soldadu zapatistek arma eta guzti desfilatu zutela, ñabardura inportantea–. Ospakizun zapatisten izaera ez-militar hori logikoa da, zeren eta 1994ko urtarrilaren 12ko su-etenaz geroztik EZLNk erabaki baitu armak modu erasokorrean ez erabiltzea, horren ordez lehentasuna emanez autonomiaren eraikuntzari, eta ahalegindu da ez erantzuten armada federalak bezala talde paramilitarrek eginiko probokazioei.
Oraingoan hautatutako ‘eszenografia’ eta lekuarekin zapatistek beren abentura modu publikoan hasi zuten garaira itzultzea adierazi zuten. Moises komandante-ordearen mintzaldi zorrotz eta gordinak gauzak bere lekuan jarri nahi izan zituen, Mexikoko gobernu berriaren aurrean EZLNk daukan jarrera azalduz. Andres Manuel Lopez Obrador lehendakari hautatzeak sortutako egoeraren analisia ez da inorentzako ezustekoa, egia, joan den abuztuan aurreratu baitzuten. Baina oraingoan mezua bidali diote joan den abenduaren 1az geroz agintean dagoen botere berriari. EZLNk ez dauka inolako itxaropenik lehendakari berrian: gero eta hacienda handiagoa den kapitalismo globalizaturen kontramaisu bat gehiago baizik da, 30 milioi boto emaile mexikarrari alderantzizkoa sinetsarazi arren.
Moises komandante-ordeak bere kritikak zentratu ditu lehendakari berriak aurrekoek baino kemen handiagoz sustatzen dituen proiektuetan. Lopez Obradorrek proiektuok justifikatzen ditu aurrerapenaren, enpleguaren eta txirotasunaren aurkako borrokan, bere erretolika ezagunarekin: kontra egiten dioten guztiak omen dira kontserbadoreak, atzerakoiak, ongizate kolektiboaren etsaiak, ez bada primitibista anakronikoak. Baina herri indigenentzako –eta ez soilik haientzako- horrelako mega-proiektuek funtsean dakartzate beren lurren lapurreta eta beren bizimoduen suntsiketa azkarra. “Ohartzen gara oraingoan gu suntsitzera datozela, herri indigenok suntsitzera”, laburbildu du Moisesek.
Proiektu handiotako batek ukitzen du Tehuantepec istmoa. Honen baitan, haize-erroten parkeak zabaltzea, baina baita gune ekonomiko berezi baten sorrera eta ozeanoen arteko garraiobide multimodal batena ere, Panamako kanalari konkurrentzia egiteko –antzinako proiektu bat gobernurik neoliberalenek ere sekula gauzatu ezin izan zutena–.
Beste proiektu batek aurreikusten du landatzea milioi bat hektarea fruitu arbola eta zuhaitz, batik bat Mexikoko hego-ekialdean (Oaxaca, Chiapas, Tabasko eta Yucatan). Honek piztu ditu susmoak Adolfo Romorekiko: Lopez Obradorren eta patronalaren arteko harremanen giltza dauka eta Mexikoko agro-industriako gizon ezaguna da, eta Chiapasen dauka urtean 20 milioi papaiondo ekoizten dituen mintegi bat.
Baina Moises komandante-ordeak batik bat nabarmendu du Tren Maya delakoa, Chiapaseko Palenque eta Yucatango gune turistiko eta arkeologiko nagusiak lotuko lituzkeena. Proiektuarekin areagotu nahi dute baliabide naturalen ustiapena penintsulan –jadanik 2000 eta 2016 artean 14.000 kilometro koadro oihan eraitsia dute bertan– eta gune turistikoak biderkatu nahi dituzte, horrek dakartzan pribatizatze, lurraren hormigoiztatze eta itsas hegiaren kutsatzearekin.
Lopez Obrador kexu baita turismoa orain artean Cancun inguruetan kontzentratu delako. Proiektua berez suntsitzailea izateaz gain –“bat, bi, hiru… ehun Cancun” ei da lehendakari modernizatzailearen eslogana–, hori iragartzeko modua probokazio ezin jasana da zapatistentzako. Izan ere, abenduaren 16an lehendakari berria Palenqueraino etorri, Roberto Barrios caracol zapatistatik oso kilometro gutxira, eta obraren hasiera ospatzeko Ama Lurraren omenezko sasi-errito maia bat egin zuen. Moisesek ironiaz esan zuen Lopez Obrador etorri zela Ama Lurrari bera suntsitzeko baimena eskatzera eta honek erantzun ahal izan balio pikutara bidaliko zuela… Proiektuari beren arbasoen izena ematea irain bat da zapatistentzako, eta errito maiaren parodia, iseka eta umiliazioa: Ama Lurrari egin zioten ezkutatzeko proiektuaz bertako biztanleei ez zitzaiela galdetu ere egin.
Izan ere, herri indigenen bizilekua diren eremuetan egin nahi dituztenez proiektuok, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 69. itunak aurreikusten du –eta Mexikok berak berretsia dauka– bertako jendeei aurretik galdeketa libre eta informatua egin behar zaiela. Bestela esanda, aginte berriak Ama Lurraren aurrean makurtzeko itxurak egiten ditu gero hura hobeto arpilatzeko eta Mexikon bertan ere lege diren jatorrizko herrien eskubideen nazioarteko akordioak urratzeko.
Olagarro kapitalistaren mehatxu latz honen aurrean, nahiz eta progresismo itxuraz mozorrotua etorri, zapatistek jarrera oso zorrotza erakutsi dute: “Ez diegu nahi dutena egiten utziko”, “Gu probokatzera baldin badatoz, geure buruak defendituko ditugu”, “Gure buruak defendituko ditugu, borroka egingo dugu behar baldin bada”. Aginte berriari igorritako ohartarazpena oso argia izan da eta horrek ematen dio esanahia hitzaldiaren aurreko erakusketa militarrari: gure aurrean desfilatzen ikusi ditugun 3.000 jende horiek esan nahi dute prest daudela bizia emateko beren lurraldea eta eraiki duten autonomia defenditzeko.
Mezutik ez da ulertu behar borroka armatura itzultzen direnik. Orain beren buruak defenditzeaz ari dira, proiektu zapatatistaren muinean dagoen autonomiaren eraikitze zibila defenditzeaz. Moisesek esan du: orain arte lortu dugun guztia gure ahaleginaren eta esperientziaren emaitza da eta “eraikitzen jarraituko dugu”. Autonomiaren esperientzia zibila jarraitzea da erronka, baina horretarako orain derrigorrezkoa ikusten da gobernu berriagandik datozkien mehatxuetatik defenditzea, behar diren baliabide guztiekin.
Moisesen hitzaldiko beste zerbaitek ere eragin du hainbat esames. Zapatisten bozeramaileak behin eta berriro errepikatu du “bakarrik gaude” eta hori askorentzako muturreko gogorra izan da. Zer esan nahi zuen, EZLNk mende laurdenez bere inguruan josi dituen aliantza guztiak, Congreso Nacional Indígenaren bidez, Gobernuaren Kontseilu Indigenarekin, Mexikoko eta planeta osoko borroken sare izan nahi duen La Sexta-rekin, mundu osoan sortutako solidaritate talde guztiekin… hori guztia deusetan geratu dela? Ez dela lortu inertziak eta zatiketak gainditu eta Mexikon bezala nazioartean “matxinada eta erresistentzien sareak” osatzen aurrerago iristerik?
Hitzaldi osoaren testuinguruan ulertu behar da zer nabarmendu nahi duen: batetik, zapatisten erabaki estrategikoa gobernu berriaren aurrean eta, bestetik, une erabakigarria dela esperientzia zapatistaren bidean. Mexikoko boto emaileek gehiengoz erabaki dute [Lopez Obrador hautatu dute lehendakari] eta ez diete kasu egin zapatisten ohartarazpenei. Baina “gaur bakarrik gaude” horrek oihartzun egiten dio “duela 25 urte matxinatu ginenean bakarrik geunden” esaldiari. Alegia, orduko erabakia EZLNek bakarrik hartu zuela eta gaurkoa ere bai, Mexikoko aginte berriaren kontrako borrokarako prest egoteko erabakia soilik EZLNri dagokiola.
Baina zer dela eta erabaki hori? Zapatisten analisiaren arabera, Mexikoko aginte berria proiektu kapitalistaren sakontzea da, eskrupulurik gabe onartutako desarroilismoa dela tarteko, ez ikusia eginez klimaren beroketak eragindako kezka gero eta handiagoari eta argudio ekologikoez ia sekula kezkatu barik. Lopez Obrador ez den arren klima aldaketaren negazionista, bere jokabidea ez dabil urruti Trumpenarenetik; bide batez esan behar da harreman oso adeitsuak dauzkatela biek.
Dudarik gabe, analisi horretan beren lekua daukate Latino Amerikan –batik bat Brasil, Bolivia, Ekuador eta Argentinan– azken hamabost urteotan gobernu progresista deituek erakutsi dituzten jokabideek. Hauetan badiren arren zenbait alderdi positibo, bi baieztapen nagusi egin daitezke: alde batetik ekarri dutela mugimendu sozialen ahultzea eta nabarmenki indigenen borrokena, horretarako erabiliz kooptazioa, autonomia galtzea, zatiketa eta autozentsura, eskuinari edo ultraeskuinari jokoa ez egiteko aitzakiarekin; beste aldetik, dena salgai bihurtzeko erasoa, inoiz ikusi ez bezalakoa –azpiegitura handi alferrikako eta kaltegarriak, estraktibismoa, lur lapurretak, harreman kapitalistek aski kontrolatzen ez dituzten bizimoduen suntsitzea, eta abar–. Argi esateko, progresismoa bihurtu dela eredu politikorik eraginkorrenetakoa –aldi baterako bederen– olagarro kapitalistaren indarra sendotu eta bere gose ezin aseari erantzuteko.
Zapatistek erabaki dute aurrea hartzea eta ez egotea zain politika horiek pixkanaka beren eragin hilgarriak noiz erakutsiko –edo, behar bada, mexikarrak ere noiz desengainatu eta hurrengo etapak irekiko, Argentinako edo Brasilgo ereduei jarraituz, bidea irekiz aukera ultra-liberali edo eskuin muturrera makurtuz–. Zapatistek desafio egiten diote aginte berriari, aukeratu dezan hauteskundeetan hartutako bi konpromiso solemneen artean: bat, iragarritako azpiegitura proiektu handiak aurrera ateratzea; bi, inoiz ez zanpatzea herri mexikarra. Bakoitza zein aldetan dagoen aukeratzera behartzen dute. Eta, azkenik, zapatistak prestatzen dira defenditzera mende laurdenez eraiki dutena, autonomia errebelde baten esperientzia zeinaren handitasunak eta erradikalitateak ez baitute pareko handirik munduan.
Eta guk, zer? Konformatuko gara erreakzionatu gabe ikustera esperientzia hau nola mehatxatzen eta behar bada erasotzen duten? Arrisku hau, gainera, gertatzen ari da Siriako Kurdistaneko esperientzia ere larriki mehatxatzen dutenean AEBen erretiratzeak eta Erdogan-Trump ententeak. Lagun argentinar batek idatzi duen moduan, zapatismoa gabe –eta gehitu dezagun, Rojavako konfederalismo demokratikoa gabe– mundu hau gaur dena baino ere askoz beldurgarriagoa bailitzateke. l
1994ko urtarrilaren 1ean, ehunka indigenak aurpegia estali zuten, Mexikori eta munduari esateko: “Nahikoa da!”. Ordutik mundu osoan eredu bihurtu da EZLN, autonomiaren eraikuntza helburu, herri indigenak bizi daitezen, kapitalismotik at. Egungo egoera, ordea, inoiz... [+]
1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua... [+]
Munduko “gobernu txarrei” erantzuteko ekintza proposatu du EZLNk, bizitzaren alde eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurka borrokan egiten jarraitzeko deiarekin batera.
Euskal Herrian izan da María de Jesús Patricio Martínez Marichuy, Lumaltik Herriak ekarrita. Bere bizipenak eta ordezkatzen duen Kongresu Indigena Nazionalaren (CNI) proiektu politikoa ezagutarazi ditu hainbat fakultate eta kulturgunetan. Nahua jatorriko... [+]
“Ez da gizonen eta sistemaren lana guri askatasuna ematea; kontrara, sistema kapitalista patriarkalaren lana gu menpeko egitea da”, esan zuen emakume batek zapatistek antolatutako emakumeen lehenengo Nazioarteko Topaketaren irekiera ekitaldian, Desinformémonos... [+]
Sistema kapitalista, matxista eta patriarkalaren aurka ari diren emakumeen nazioarteko topaketak deitu dituzte EZLN eta Batzar Klandestino Iraultzaile Indigenak. Martxoaren 8, 9 eta 10ean egingo dituzte Txiapasko Tzotz Choj eremuan, Morelia Karakolan. Harrera martxoaren 7an... [+]
EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak antolaturiko V. Indigenen Kongresu Nazionalean 2018ko estatuko hauteskundeetan parte hartzeko asmoa azaldu dute. Hautagai independente bat aurkeztuko dute horretarako, emakumezkoa.
Txiapasen Aldeko Taldeak, Esko Zap %100 amets haziak lelopean, egitarau zabala prestatu du aste zapatistarako.
Sylvia Marcos-ek “Más allá del feminismo. Caminos por andar” liburua aurkeztu du Mexikon. 20 urte bete dituen mugimendu zapatistan emakumeek eginiko lorpenez eta feminismoa deskolonizatu beharraz dihardu.
“EZLN ez da mintzatuko gehiago nire ahotik” esanaz amaitu zuen hitzaldia Marcos azpikomandanteak maiatzaren 24an mila indio zapatista eta beste hainbeste kanpotarren aurrean. Bere izarra itzali aurretik, Marcosek azaldu zituen Mexikoko Chiapasen burutzen den... [+]