Egoera ekonomikoan eta enpleguaren kalitatean ez bada funtsezko aldaketa bat gertatzen, egungo gazteria pobrezia eta bazterkeria sozialean eroriko da seguru. Azkenaldian Espainiako Estatuan agertu diren estatistika eta ikerketek hala diote. Tamalez, ez ditugu Hego Euskal Herriko egoerari buruzko datu zehatzak.
Estatistikek diote Estatu mailan enplegu tasa hazten ari den arren, belaunaldi berriek ez dituztela kontratu eta berme hobeak izaten, eta independizatu ezinean jarraitzen dutela. Kontratuak egun batekoak edo, gehienez, astebetekoak izaten dira, eta prekarizatze giro horretan saiatzen dira bizirauten. 16 eta 29 urte bitarteko herritarren artean ordainsariek beherakada itzela izan dute, eta bizi-proiektu bat egitea eragotzi diote jende horri, batez besteko soldatak 8.000 eta 16.000 euro artekoak baitira. 20 eta 24 urte bitartean dituzten gazteen %8 baino ez da etxetik joaten, Europan batez bestekoa %30 izanik. 25-29 urteen mugan daudenen artean %39 dira etxetik joaten direnak, Europan aldiz %59. Eta okerrago dena, sei milioi pertsona baino gehiagok osaturiko kolektibo hau, atzean geratzen ari da sozialki. Hamar gaztetik ia lau pobrezia arriskuan daude.
Egoera larria da eta botere publikoek konpromiso gehiago erakutsi beharko lukete konponbide bat aurkitzeko. Gazteria indartsu, dinamiko eta berritzailerik ez duen gizarteak ez du etorkizunik, are gehiago desoreka badu oinarri. Gizartea bera aldatu behar da, gazteek honen baitan aurrera egin dezaten. Horretarako, justizia, berdintasuna eta elkartasuna defendatuko dituen sistema ekonomiko eta politikoa eraiki behar da.