Bakarrik dihardu egun musika egiten, musika ematen. Harat-honat. Baina beti lekuak, denborak eta doinuak partekatzeko xedez. Esperientziak “konfrontatzeak” aberasten du musikari modura.
Lotsatitzat du bere burua Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 1988). Ez oholtzan bakarrik; apal hitz egiten du, intonazio kantari leun batez. Baina ez horregatik konbikziorik gabe. Lau bat hilabete egin ditu Zumarraga-Urretxun bizitzen, Gipuzkoan. Eta hango taberna batean hartu gaitu: “Maite ditut tabernak kontzertuak emateko ere”. Makina bat musika proiektutan aritua da: dozenatik gora –Tud, Zezenaren taldea, Behi Bideko Andere Xuriak...–, baina 2017an plazaratu zuen lehen diskoa bere izenez: Kontsumo produkto. Produktu izatetik urrun, bazter ugari ezagutu, haietan esperientziak bildu eta berea ematea du laket. Europan barrena bidaiatzea eta esperientziak biltzea du orain egitekoa. Bartzelona, Italia, Berlin… Datorrena datorrela.
Musikari alderraitzat duzu zure burua?
Baietz esango nuke. Azkenaldian bakarrik ari naiz musika egiten, ohitura hori hartu dut, eta bakarrik aritzean errazagoa da mugitzea. Ez ditu gauza onak soilik, baina alde on horietako bat da arintasuna, mugikortasuna, ez duzu talde batean aritzeak duen pisua, konplexutasuna.
Batetik bestera joate horretan zer ikasten du musikari batek?
Ezinbestean zure erosotasun eremutik ateratzea dakar, publiko berri eta desberdinen aurrean aritzea, eta horrek esperientzia berriak ematen dizkio musikariari.
Europara joateko asmoa duzu orain. Musika esperientzia berrien bila?
Beno, datorrena datorrela, baina gustatuko litzaidake jende berria, musikari berriak eta musika berriak ezagutzea, bistan da. Gauzak ikasi nahi nituzke, ideiak pilatu eta horrekin guztiarekin disko berri bat atera, zergatik ez. Hori bai, auskalo nola izango den prozesua.
Zuk bezala hainbeste musika instrumentu jotzen dituenak, zer eramaten du kanpora luzerako doanean?
"Saiatzen naiz muga estilistikorik ez izaten, dena sartzen baitugu lauki txikietan"
Bidaia honetarako erosi dut zaku handi bat, eta hor sartzen dut saxofoia, sintetizadorea, mahaia, kableak… Ahal den guztia. Pianoa ez. Baina gitarra bai, beti bizkar gainean.
Zumarraga-Urretxun ibili zarelarik hiruzpalau emanaldi ikus-entzun dizkizugu, eta guztiak aski desberdinak. Txost! taldearekin aritu zara, baita Albarekin ere. Hala ulertzen duzu musika, beste musikariekin kolaboratzea, partekatzea?
Bai. Besteekin aritzea da musika, ikasten dituzu kanta eta molde berriak, eta denbora eta leku bat partekatzen duzu hala. Badira musika batzuk gustukoagoak egiteko entzuteko baino, eta alderantziz ere gertatzen da, baina jende onarekin topatzen zarelarik zergatik ez… Txost!-ekin izugarrizko askatasuna izan dut nire ekarpena egiteko, hasieran gauza txikiak eginez eta poliki-poliki taldearen soinuan sartuz. Haiek ere hala ibiltzen dira, doinuak libreki joz eta ederra da hori. Alba taldearen disko berria aurki aterako da, badituzte bi kanta zeinetan tronpeta agertzen den eta zuzeneko horretan eskatu zidaten tronpetaren zati horiek egin nitzan. Eta asko gozatu nuen, ikaragarrizko kontzertua eman baitzuten.
Dantza ikuskizun baterako musika ere aurkeztu zenuen zinema aretoan. Zuk konposaturiko musika entzun zen, iluntasun erabatekoan, baina ez zuzenean joa.
Senpereko dantza konpainia bat da Elirale, eta Artha dantza ikuskizuna ondu zuten. Galdegin zidaten soinu banda sortzea eta musika hori sortu nuen iaz. Ikusgarriarendako musika da, zuzenekoetarako. Nik disko batean ere bildu nahi nuen, ohitura hori baitut. Ez dakit erabaki ona den edo ez hori gaur egun, baina… nik hala nahi nuen. Urtebetez-edo aritu nintzen musika bat sortzen eta gero ez da interneten entzuteko aukerarik ere. Eta beharra sentitu dut erakusteko egin dudan lana. Gaur egun ikusgarriarekin batera entzuten ahal da, eta horregatik egin genuen zinema aretoan musikaren beraren entzunaldia, ilunpetan. Urruñan eman genuen Zinegin festibala kari, eta Zumarragan ere bai, Kalegorrian elkartearen laguntzarekin.
Halako emanaldiak errepikatzea gustatuko litzaizuke?
Bai, baina interneten egotea nahi nuke. Internet da musika zabaltzeko manera onena. Eta era berean da manera onena diskorik ez saltzeko. Zineman entzutearena izan da tarteko zerbait baina jakinik ez dela manerarik onena diskorik saltzeko. Baina bada manera berri bat musika entzuteko. Egun sakelakotik entzuten baitugu ia dena, eta kalean, alboan trafikoa dugula eta jendea builaka…
Zineman ez, gaztetxean baizik, eman duzu berriki Josu Martinezek berreskuratutako Gure sorlekuaren bila filmari zuk jarritako musika. Hori bai zuzenean emana.
Iazko urrian eskatu zidaten hari musika jartzeko. Filmaren bertsio laburrago bat musikatu nuen, eta pentsatu nuen ondo legokeela zuzenean ere ematea, irudiekin batera eta hara…
Beste batean maitasun kanten zure moldaketekin osatu zenuen kontzertua, taberna batean. Egun ez dira boga oneko maitasun kantak…
Tira, maitasun kantak baino gehiago izan ziren emozionatzen gaituzten kanten bertsioak; baina egia da horietako asko maitasun kantak zirela. Badira kanta batzuk denok hasten garenak boz goran abesten. Horietan jarri nahi nuen fokua. Taldetasunean abesten diren horietan, nahiz eta ez diren hit izateko sortuak izan. Eta halakoak taberna edo giro batean ematea da konfrontatzeko modu bat, ea jendeak zein erreakzio…
Musika ulertzeko zure ikuspegi zabalaren seinale da hori guztia.
Saiatzen naiz muga estilistikorik ez izaten, dena sartzen baitugu lauki txikietan. Eta hitz batek hainbeste gauza esan ditzake era berean. Rocka hartzen badugu; denek egiten dute, dugu, rocka. Rockak zer esan nahi duen ere ez daukat garbi egun.
"Niretzat garrantzitsuena ongi pasatzea da. Eta hori baldintza ekonomikoez haragokoa da"
Baina saiatzen zara estilo anitzetara zabaltzen…
Joera dugu gaztetatik estilo bat edo beste ez zaigula gustatzen esateko, eta agian da ez dakigulako sartzen estilo horretan, ez dakigulako dantzatzen edo hura jotzen… saiatzen naiz belarriak irekita izaten, besterik gabe.
Zure kontzertuetan jendeak dantza gehiago egitea gustatuko litzaizuke?
Bai, nire musikan alde hori nahiko nuke landu, ezbairik gabe, jendea horrantz eramateko poliki-poliki. Dantzari talde batekin ibili naiz dozena bat urtez, eta anitz egiten dute dantzan, taldean, bakarrik, bikotean… nahi duzun moduan. Festa egiteko manera onena da.
Berdin jotzen duzu tabernan, gaztetxean, kalean, zinema aretoan?
Ez bortxaz. Niretzat garrantzitsuena ongi pasatzea da. Eta hori baldintza ekonomikoez haragokoa da, nola zaintzen zaituzten, errespetatzen den zuk egiten duzuna, baldintza teknikoak… Baldintza ekonomikoek ez dute beti asebetetzen, nahiz eta garrantzitsuak izan. Beste zerbaiten bila ere ibiltzen gara. Leku batzuetan isiltasunean entzuten zaituzte, eta ederra da hori, baina batzuetan publikoaren isiltasuna gehiegizkoa ere izan liteke.
Aitzitik, gaur egun musikariak asko kexatzen dira publikoaren isiltasun ezaz.
Normalean gure proiektuak nahiko errespetatuak izan dira, intimistak izan direlarik. Beste batzuetan hain intimistak izan gabe isiltasun larregizko bat nabaritu dugu. Baina isiltasuna bilatu dugunean halako espazioetara joan gara; eta hala ere izan dugu esperientzia txarren bat edo beste, baina guk geuk ere ikasi dugu gauzak hobeto hartzen eta hobeto lantzen.
Kontsumo produkto zure lehen diskoak oihartzuna izan zuen. Musika, kultura, kontsumo produktu soil bihurtu dugu?
Bihurtu badugu, aspaldi bihurtu genuen, baina gehiago ari ginen internetek musikan izan duen eraginaz. Badira musikan gauza eder harrigarriak egiten direnak, eta maleruski horien berri internetez jasotzen dugu. Hori da kontradikzio nagusia. Badok atarian egunero ibiltzen bazara, topatzen dituzu musika talde eta doinu harrigarri batzuk, eta ez dut uste hori kontsumo produktu soila denik.
Internet bizi duzu kontraesan handi modura?
Bai. Izugarrizko tresna da, baina ikusten duzu gauzak aldatu direla eta aldatuko direla… Eta, teknologia nola erabiltzen dugun da kontua. Askotan hor ikusten dut jendea zuzenekoetan sakelakoari begira, edo irudiak atera eta atera…
Ez zaizu gustatzen batere irudiak atera diezazkizuten, ezta?
Ez, batere ez. Esan izan dut mikrofonotik ere, baina ez dakit hori den bidea. Batzuetan emanaldiaren aurretik egiten nuen performance txiki bat, eta mezua beste era batera pasatzen saiatzen nintzen. Zenbaitzuk gaizki hartu izan didate. “Nor zara zu hori esateko? Askatasun bat kentzen diguzu...”, halakoak. Orain noizbehinka esaten dut eta noizbehinka paso.
Badok askotan aipatzen duzu. Tresna garrantzitsua iruditzen zaizu?
Bai, behar zen halako tresna bat. Badok-en bazen artikulu bat esaten zuena gutxi asko betikoa: “Izan zen Ez Dok Amairu, izan zen RRVa… noiz izango da hurrengo iraultza?”. Niretzako Badok izan da, horrelaxe. Internet sartu den moduan hura izan da iraultzarik handiena munduan azken hamabost urtean; gizarte guztia irauli du. Eta euskal musikan izan den gauzarik onena izan da Badok. Bestela interneten galdua zen euskal musika.
Batez ere euskal musika entzuten duzu?
Azkenaldi luzean bai. Atzerriko musika bat entzuten baduzu, gehienetan izaten da makinaria handi batek bidea prestatu diolako zuk entzun dezazun. Eta sarri makinaria horren atzean dagoena ez da bortxaz kanta den bezain polita. Munduan musika on asko dago, ez da dudarik, baina gure belarrietara iristen bada… horretarako bidea izan duelako da gehienetan; begien parera iristen zaizkigun politikarien irudiak bezala. Hala ere gauza batzuk beti entzuten ditut, garai batean entzuten nituenak, esaterako Björk.
Europan zehar bidaia egin eta gero zerekin zinateke gustura?
Gustatuko litzaidake konfrontazio berriak gainditzea, leku eta jende berriaren aurrean. Musikalki eta eszenikoki konfrontazio batzuk gainditzea. Lotsa geruzaz geruza kentzen den zerbait da. Oraindik lotsa handia sentitzen baitut agertoki gainean. Denborarekin okertu ere egin zait, gainera.
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]