Testuingurua eta mentalitateak aurka izanda ere, gauzak alda daitezkeela frogatzen digun pertsona dugu Jean-François Caron. 1855ean herriko lurpeetan ikatza kausiturik, hamarkada luzeetan meatze-industriari osoki bideratua izan da Frantzia iparreko Loos-en-Gohelle herria. Ekonomiaren izenean, ingurumena eta meatzarien osagarria suntsituz. Bertako auzapeza dugu Caron, herritarrak konbentziturik, hauekin eskuz-esku trantsizio ekologikoa errotzen dabilena.
Meategien erreinuko auzapez bat zara.
Aspaldiko militante ekologista bat izaki, erabat itxuragabea da auzapez izatea, meatze-sistemaren baitako historiaren hutsegite bat naiz! Eskualdeko kontseilari hautatu ninduten hori aitzin. Berehala, meategi lurraldeak birmoldatu eta arraberritzearen erronkan zentratu nintzen. Iraganetik irakaspenak ateratzen dakien eskualdea izan beharko ginela argi nuen.
Arraberritzeari nola lotu zineten?
Garenaz kontzientzia harrarazi nahian, galdera kulturalei lotu ginen, hortik burua altxatu eta alternatibak eraikitzen hasteko. Ez geneukan arras argi nora joan nahi genuen, baina arazoei erantzuteko esperimentazioak biderkatzen hasi ginen. Adibidez, isolamendu txarreko etxebizitzak ukanki, zaharberritzeetan inbertitu genuen, energiarik ez galtzeko. 1997tik aitzina, hots, aldaketa klimatikoa oraindik aipatzen ez zen garaian.
Nola lotu aldaketari 7.000 herritarrak?
Hau genuen erronka, gehiengoak iraganera itzuli eta meategiak ireki nahi lituzkeelako. Guk ordea, ekonomia eredu berri bat garatzeko hautua egin genuen. Ekonomiak garrantzia handia du eta behin eta berriz azpimarratu izan dut ekonomia eredu bat genuela esku artean. Natura berreskuratzeari lotu ginen ere. Zein ez da ongi sentitzen naturan? Europako diru-laguntzak energia berriztagarriei loturiko lanbideetan inbertitu ditugu.
Herritarrak dinamikan sartu dira?
Berritzaile eta dinamiko gisa definitu izan da udala, komunikabideek interesa adierazi digute. Hori gustuko dute herritarrek!
Izugarria da errango dudana baina sostengua usu sostengua dutenei doa; winner izatea errazagoa da loser izatea baino. Erran behar dut 25 urtetako ekintza politikoaren emaitza dugula.
Guztiak zuen ondareaz harro.
Noski. UNESCO erakundeak herriko meatze-hondakin metak jendartearen ondare izendatzeko eskaera abiarazi nuen, eta 2012an lortu genuen. Meatzarien familiak oso oso harro daude!
Aldaketa kulturala da.
Aldaketa kulturala baita herritarren inplikazioa ere. Elkarrekin gogoetatu dugu, egindakoaz sistema bilakarazteko asmoz. Berpizte demokratiko bat behar dugu, hori gabe transiziorik ezin izango da egon.
Desobedientziarekin lotzen duzu berrikuntza.
Pentsamendu bakarra urratu dute berrikuntza bat egin duten guztiek. Lehen etxalde biologikoa, lehen eguzki-instalazioa... Zerk egiten du lurralde bat ezberdintasun hauek errezibitzeko prest egotea? Konfiantzak. Deleuze filosofoak zioen “kolektiboen kalitateak du berezitasunen adierazpena segurtatzen”. Begira gure auzo herriari, Hénin-Beaumont eskuin-muturraren manupeko herria da, boterean dira. Bi herrien arteko aldea ikaragarria da, karrikan ibiltzearekin sendi duzu ezberdintasuna.
Zein joera da nagusi?
Maluruski, Frantziaren drama handiena hau dugu: mesfidantza orokortuta daukagu. Fidagaiztasunarekin ez dugu berritzen eta pentsamendu bakarrean gelditzen bagara, sistema etengabean errepikatzen gabiltza.
Nola orokortu aldaketa?
Bestela egin daitekeela erakusten diguten frogak baditugu mundu mailan. Lurralde horiei begiratu behar diegu, ikusteko zer den tokiko errealitateari lotua eta zer den ezaugarri orokor, batetik bestera aldatuko ez dena. Hortik estrategia orokor batzuk planteatu behar dira.
Ingurumenaren eta Energiaren Institutuari zein Estatuari erraten diet esperimentazio eskubidea uzteko. Energiari dagokionez mila aterabide daude, Estatuak orokortzeko hautua eginen balu, konpondurik genuke arazoa.
Nola lortu eragina?
Erantzuna ez dator tokian-tokitik ez-eta globaletik, bien arteko topaketatik dator. Kapitalismoaren joko-arauak ez baditugu aldatzen, galdua dugu eta ez du balio gehiago horretaz gogoetatzea.
Urgentziazko afera dugu.
Erlojupeko lasterketa dugu, heriotzaren kontrako lasterketa, zeinetan gu aitzina goazen baina sistema kapitalista ere bai. Eror gaitezke eta segur da istripu larriak biziko dituela gure jendarteak. Agian piztuko gaitu eta garapen berrirako ditugun aterabideek lekua irabaziko dute.
Bihotzez espero dut irabaziko dugula. Espero dut elkartasunak irabaziko duela. Aldaketara goaz, baina zein aldaketarantz? Faxismoaren igoera ere hor dugu. Espero dut elkartasunak eta alternatibek irabaziko dutela.