argia.eus
INPRIMATU
Halabeharraren ezustekoak
BeƱat Sarasola @bsarasola 2019ko apirilaren 03a

Tommy Caldwell eskalatzailea, etikako eskoletan planteatzen zitzaizkigun dilema horietako baten aurrean jarri zuen behin patuak. Kirgizistanera joan zen 2000. urteko abuztuan, beste hiru lagunekin, urruti hartako mendietan eskalatzera. Han zirela, herrialdeko gobernuaren kontrako matxino batzuek bahitu zituzten, eta gertu ikusi zuten beren bizien akabera. Eskalatzaile eskarmentua baliatu zuen Caldwellek bahitzaileetako bat labarretik behera bota eta lagunekin eskapo egiteko.

Utilitaristak berehala onetsiko du Caldwellen ekintza, lau bizik bakarrak baino gehiago balio duela argudiatuta; kantiarrak, ordea, inperatibo kategorikoa gogoraraziko du, gizakia ezin dela bitarteko gisa erabili. Haatik, nire irudiko, historia honetan interesgarriena hauxe da: errealitateak zaila izaten duela eredu teorikoetara egokitzen. Izan ere, Caldwelli zalantza geratu zitzaion, ea bahitzailea hil gabe ere bizirik jarraitzeko moldatuko ziratekeen; horregatik ibili zen denbora luzez kulpak jana. Halabeharrak, baina, bazuen beretzat ere gozorik: urte batzuk geroago, bahitzailea trantze hartatik bizirik atera zela jakin zuen. Printzipio moralak baino aringarriagoak izaten baitira halabeharraren ezustekoak.