Aiarako Kuadrillak martxan jarri berri duen egitasmoa da “Aiaraldea Azokak eta Merkatuak” marka. Eskualdean nekazarien eta artisauen azoka ugari egiten dituzte, baina guztiak logotipo beraren barruan kokatzearekin ekimenei indarra eta ikusgarritasuna eman nahi diete: “Gure azokak ezagutzera ematea eta bertako ekoizle, abeltzain eta artisauak ikusaraztea da helburua”, zioen Maider Basterra Aiarako Kuadrillako lehendakariak Radio Vitoriako elkarrizketan.
Eskualdeko baserritar, ekoizle nahiz artisau asko proiektu eta bide berrien bila ari ziren lanean, bizi zuten egoera zailak horretara behartuta. Aiarako Kuadrillak ere zer egina bazuela ikusi eta Arabako Foru Aldundiaren diru laguntza baliatuta ikerketa abiatzea erabaki zuen: herrietako azoka eta merkatuak aztertzeari ekin zion hutsuneak identifikatu eta horiei buelta emateko. “Lehen sektorearen eta artisauengandik azterketa hori egiteko eskaria genuen: turistak ezezik bertako kontsumitzaileak ere erakartzeko formula berriak bilatu beharra zegoen”, azaldu zuen Basterrak. AMIA analisia –ahulguneak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak– egin dute ikerketan, eta bertan ateratako ondorio nagusietakoa izan da eskualdeko azoka eta merkatuek duten ezberdintzeko beharra.
Proiektuaren inguruko prentsa oharrean azaldu dutenez, ikerketak agerian utzi du erosleak jada ez direla produktuen kalitatearekin soilik konformatzen, eta ezinbestekoa dela produktuok besteengandik bereizteko eta ezberdintzeko tresnak sortzea. “Low cost kulturarantz doan mundu honetan ezin da prezioan lehiatu. Ezberdintasuna markatzea da aukera bakarra”, diote dokumentuan. Kuadrillako lehendakariaren ustez, ezberdintzeko ezezik, kontsumitzaileek produktuok kokatzeko ere balioko du markak.
Bereizteko lehen pausoa izan da denek erabiliko duten marka eta logotipoa sortzea. Baserriko bizimodua berreskuratzeko eta tokiko ekoizpena bultzatzeko Kuadrillaren ekarpena izan da merkatuen gaineko ikerketa egitea eta “Aiaraldea Azokak eta Merkatuak” marka eta logotipoa sortzea. Aurrerantzean pauso gehiago ematen jarraitu beharko dutela argi azaldu zuen Basterrak elkarrizketan: “Lehen sektorearekin elkarlanean jarraituko dugu, jendea berriz ilusionatzeko eta jada lan izugarria egiten ari diren ekoizle horiek babesteko”.