argia.eus
INPRIMATU
Harrikada Eliza Katolikoaren buruan
  • Erroma, 1144ko martxoa. Luzio II.a (Gherardo Caccianemici dal Orso) aita santu izendatu zuten. Izendapenak adoretuta edo, eta, ohikoa zenez, Estatu Pontifikalen boterea handitu nahian, berehala, Roger II.a Siziliakoari aita santuaren mendeko gisa zeuzkan betebeharrak gogorarazi zizkion Luzio II.ak.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko martxoaren 28a
Erromako Komunak SPQR leloa berreskuratu zuen 1144an, Erromako Errepublikaren moldeak berreskuratu nahian.
Erromako Komunak SPQR leloa berreskuratu zuen 1144an, Erromako Errepublikaren moldeak berreskuratu nahian.

Kargu hartzeari erantzunez, Siziliako agintaria armada prestatzen hasi zen eta aita santuak atzera egin zuen orduan; su-etena sinatu zuen, Siziliako erregeak jarritako baldintzak txintik atera gabe onartuta.

Hura pontifize berriaren ahuldade seinaletzat hartu zuten erromatarrek eta, artisau nahiz merkatari aberatsak buru, Luzio II.ari eskatu zioten gai zerutiarretara mugatzeko eta afera lurtarrak haien esku uzteko. Hiriko nobleziak jarrera neutrala hartu zuen une hartan, zer gertatuko zain.

Aita santuak entzungor egin zuenean, hiritarrek Erromako Komuna osatu zuten, Erromako Errepublika zaharraren moduko gobernu bat ezartzeko ahaleginetan, nobleen eta aita santuaren agintearen aurka. SPQR (Senatus Populus Que Romanus) antzinako leloa ere berreskuratu zuten. 56 kidez osatutako Senatua osatu zuten hiriko 14 barrutietan launa ordezkari hautatuta, eta Giordano Pierleoni buruzagi nagusi edo “patrizio” aukeratu zuten –garai hartan “kontsul” izendapenak noblezia kutsu handiegia hartua baitzuen–.

Hasieran, nobleei ondo iruditu zitzaien aita santuari boterea kentzea, haiek ere ahalegin horretan ari baitziren aspaldian. Baina Komuna indartu ahala, Luzio II.arekin bat egin zuten beren interesak babesteko. Batzuen eta besteen aldekoak borrokan hasi ziren orduan Erromako kaleetan.

1145eko otsailean Luzio II.a buru zuen armada txiki bat errepublikazaleek gotorlekutzat hartuta zuten Kapitoliorantz abiatu zen. Baina ez zuten Komuna menderatzea lortu eta, gainera, Dodofredo Viterbokoa kronikariaren arabera, aita santuari harrikada bat jo zioten buruan. Handik egun gutxira, otsailaren 15ean hil zen, kolpearen ondorioz, karguan urtebete baino gutxiago egon ondoren.
Erromako Komuna 1193an desegin zen, hiriko udal araudi zibila ezarri ondoren. Handik aurrera, hiriaren agintea ez zen zuzenean aita santuaren edo goi nobleziaren esku egongo. Praktikan, Erroma aita santuaren kontrolpean zegoen berriro.