Gizarte bakoitza bere zaratarengatik epaitu behar genukeela zioen Jacques Attali pentsalari frantziarrak. Hala bada, zer dio euskal zaratak? Horixe bera izango dugu mintzagai hiru artikuluko serie honetan. Lehenbizikoan, Euskal Herrian izan den talde interesgarri bezain ezezagun baten ibilbidea errepasatuko dugu: Gutariko Bat.
Musikaren inguruan jarduten duen kazetari batek ez du, berez, aitzakia handirik behar Xabier Erkiziarekin elkartzeko. Egiazki, lesakarraren ibilbideak nahikoa helduleku eskaintzen dizkio edonori solasaldi interesgarri bati hasiera emateko: azken aldian idatzi dituen liburuak izan litezke elkarrizketagai –Il Rumore Lontano azken lana, adibidez–, ekoitzi dituen taldeen gainean ere aritu zintezke –Ainara LeGardon edo Grande Days berriki–, komunikabide ugaritan egin dituen kolaborazioei buruz galdegin zeniezaioke edota etengabeko soinu esperimentazioak emandako fruituak aletu. Dudarik gabe, bada nahikoa arrazoi Erkiziari hitza emateko.
Nolanahi ere, guk korapilo beretik datorren beste hari mutur bati heldu nahi izan diogu oraingoan, komisariotu berri duen eta Bilboko Arte Ederren Museoan oraindik ikusgai dagoen Musika Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa abiapuntutzat hartuta. Bertan, azken 50 urtetan gurean jorratu diren doinuen inguruko azaleko azterketa egiteari muzin egin eta euskal musikak egun dituen formak hartzera iristeko egindako ibilbide bihurgunetsuari so egitea lehenetsi du musikari eta ikerlariak. Horretarako, ezinbestean, ertz guztietara zuzendu behar izan du begirada eta, izen entzutetsuez harago, hain bereak dituen musikaren, zarataren eta hotsaren arteko muga lausoetan aritu diren sortzaileei ere erreparatu die. Geuk ere antzeko zerbait egin nahiko genuke, euskal zarataren nondik norakoak hobeki ezagutzen saiatu, alegia.
Gutariko Bat
Gutariko Bat taldea ere inor gutxik sartuko luke horrelako zerrenda batean. Erkiziak ere ez du halakorik egin, apaltasun edo lotsa kontu batengatik agian. Izan ere, Xabier Erkizia bera izan zen talde hartan kantatu baino orro egiten zuena, gitarra jotzeaz eta sampleez arduratzeaz gain. Ohiko genealogietan aipatzen ez den izen honek istorio interesgarri bat gordetzen du, baina. Gutariko Bat euskal lurrazpi ilunean arakatu zalea ez denarentzat izen arrotza izan arren, Frantziako Estatuan gauzak oso bestelakoak izan omen baitziren taldearentzat zenbait urtez.
“Frantziako Estatuan arrakasta handia izan genuen, 300 bat lagunen aurrean jotzera iristeraino. Guk ez genukeen inoiz halakorik aurreikusiko. Bordele, Paue edo Okzitaniako Tolosatik jotzera gonbidatzen gintuzten talde atzerritarrekin batera eta iristerakoan kartelburuak geu ginela konturatzen ginen. Zaleek gure kantak ezagutzen zituzten gainera, bazekiten noiz zetozen erritmo aldaketak”. Etxera itzultzerakoan ingurukoek nekez sinesten omen zituzten kontatutakoak. Izan ere, oso bestelakoak ziren kontuak mugaren hegoaldean, Gutariko Bat taldearen oihartzuna sekula ez baita handiegia izan bertan. Frantziako Estatuan, aldiz, musika aldizkarietan taldeari buruzko artikuluak idazten zituzten eta, orokorrean, sona nabarmena lortu zuen taldeak zenbait zirkuitutan. Erkiziak dio beraiek ere ez zirela guztiz jabetzen gertatzen ari zenaz. “Egin kontu orduan e-mailik ere ez genuela, beraz, geure diskoetxea zen gertatzen zenaren berri izateko iturri bakarra”.
Portobello Bones taldearekin Bermeon eskaini zuten kontzertuan hasi zen dena. Zuzenekoa amaitu bezain laster, oraindik eskenatokian zeudela, gainera igo eta disko bat grabatzeko eskaini zieten zuzenean. Horrenbestekoa izan zen beste musikariengan sortutako lilura. Hazparnen kokatuta zeuden Amanita estudioetan grabatu zituzten lehen kanta horiek, aipatutako talde frantziarrarekin elkarbanatutako singlean kaleratu zituztenak, 1997. urtean. Egin zuen bere ibilbidetxoa single hark. Egun batean Amanita zigilu eta banatzaileko buru zen Stephan Kriegerrek bilera bat egiteko beharra adierazi zien, garrantzitsua omen zen eta. Kontua zera zen, grabatu zituzten abesti haiek garaiko rock munduko izen handienetako batzuen interesa piztu zutela: Ian McKayek (Dischord Records, Fugazi) eta Jello Biafrak (Alternative Tentacles Records, Dead Kennedys) taldearengatik galdetu eta informazio eske idatzi zuten. Steve Albini (Big Black, Shellac) are urrunago joan zen eta beraien disko bat grabatzeko gogoa adierazi zuen singlea entzutera iritsi zenean. Ez sinestekoa zen, baiki.
Gutariko Batek zazpi hazbeteko beste lan bat (Ama 41, 1998. urtekoa) eta hainbat bildumatan agertutako beste hiru abesti kaleratu zituen soilik, ez gehiago. 2006an Arto Artian kolektiboak Gutural eta Akauzazteren disko bana biltzen zituen bilduma batean batu zituen azkenik taldearen kanta guztiak CD formatuan. Zortzi abesti guztira. Grabatu omen zituzten abesti dezente gehiago halere, bai entsegu lokalean, baita estudioan ere. Nolanahi ere, abesti horiek disko gogorren batean gordeta daude egun, Iban Zubieta baxu-jotzailea zendu zenean taldekideen lehentasunak goitik behera aldatu eta proiektuaren akabera iritsi baitzen. Kanta horiek gure eskura ez daudenez, soilik irudimenaren bidez epai genezake zer egiteko gai izango ote ziren. Nork daki lehen zortzi hazi horietatik zerk loratu ahal izango zukeen taldearen ibilbidea horren azkar amaitu izan ez balitz.
Desioaren ordua
Gutariko Bat taldeak egiten zuena ez zen, berez, entzuteko erraza. Oso musika indartsu eta oldarkorra zen, formula identifikagarriei era kontzientean muzin egiten ziena gainera. Askok zaratatzat joko luke egiten zutena eta segur aski garai haietan –taldea 1993an sortu zen– ez ziren asko halakoak egiten ausartzen zirenak. Erkiziak aitortu digu formula identifikagarri batera heltzen zirenean, moztu eta beste zerbaitekin hasteko joera zutela. Erosotasunari uko egin nahi zioten. This Heat, US Maple edo Laddio Bolocko bezalako taldeek nola txunditu zituzten gogoan du, adibidez, entseatzeari utzi eta diskoak aho-zabalik entzuten amaitzeraino. Ezin zezaketen musika hori nola eginda zegoen ulertu. Berria zen, forma zehatzik gabekoa, okerra eta deserosoa batzuetan.
Zarataren kontzeptuak berak ere badu jarrera honekin loturarik, Erkiziaren arabera. “Zarata kanonaren kontra egiten duena da, zerbait izatekotan. Horrexegatik da tokiaren eta garaiaren araberakoa. Horretan ari direnak gutxiesteko inongo asmorik gabe, noski, baina ez du eragin bera noise-rocka 90eko hamarkadan edo gaur egun egiteak”. Zarata sortzea eredu edo arauaren kontrakoa izan da beti, dela estetikoa, ideologikoa edo politikoa. Beti adierazi izan du akatsa eta bestea, eta horrek hamaika oihartzun eta erabilera ezberdin izan ditzake. Potentzialtasuna ia amaigabea da, gaitzespena eta izan daitekeen guztia gordetzen baititu bere baitan, aldi berean.
Gutariko Batekoek ez zuten 80ko hamarkadako punk-rock talde bat gehiago izan nahi. Jaialdi aldarrikatzaile handietan parte hartzeak ere ez zituen bereziki kitzikatzen, ez ideologikoki urrunekoak izan zitezkeelako, ez zutelako halako makineria baten parte izan nahi baizik. Ibilbide markatuak ez zituzten gustuko. Protesta leloak baztertu eta ahotsa instrumentu gisa erabili nahi zuten gehiago, bolumena beste instrumentuen maila berean ezarri eta hitzen perkusibitateari jaramon gehiago egin mezuari baino. Ohiko egiturei erreparatu beharrean, isiltasunarekin eta abiadura aldaketekin jolasten zuten halako collage bat osatuz. Kanonetik ihes egiteak erdibide iradokitzaile batean kokatzen zituen eta hori, arazo bilakatu beharrean, plazer iturri izan zen Berako taldearentzat.
Urte haietan, Amanitak banatzen zituen diskoak noiz iritsiko zain izaten ziren Erkizia eta lagunak. Rock aldrebesa zen hasieran nahi zutena, jazz askera eta elektronika abstraktura jo zuten gero. Mugalaria bailitzan, Hazparneko estudioetara joan eta kaxa bete disko mugaz bestalde pasatzean sentitzen zuten irrika gogoan du Erkiziak. Bilbo, Azkoitia, Donostia eta Beran egiten zituen geldialdiak, zekartzan disko haiek banatzeko. Askotan, baina, aduanan bertan izaten zituen lagunak zain eta Bilbora ia esku-hutsik heltzen zen, disko gehienak salduta. Halakoa zen doinu berriekiko gosea. Gogoan du, halaber, Durangoko Azokan Akauzazte taldea ezagutu zuenekoa. Musika lata itxi baten barnean zekartela ikusi bezain pronto piztu omen zitzaion desira: ez zekien zer egongo zen hor barruan, baina entzun nahi zuen. Egun hartan, barruko kasetea hondatu gabe lata hura nola ireki ez zekiela gora eta behera aritu ostean, entzutea lortu eta gauean loak ezin hartu egon zen.
Tresna intuitibo bat omen da zarata, desioak gidatzen duena. Anbiguoa eta zikina izanagatik desira hori. “Eredutik ihes egin eta musika bere jatorrizko izaerara itzultzeko irrika dago zarataren atzean, reset egin eta norbere sena azalaratzekoa”. Irrazionaltasuna eta probokazioa bere-bereak ditu zaratak, mutur parodikoetara heltzeraino batzuetan. Dena dela, desioa lehenestean dago gakoa Erkiziaren aburuz, ezezagunaren barnean murgildu eta hautu guztiz kontzienteak egin gabe gogoak gidatu zaitzan uztean.
Gutariko Batek ez zuen, segur aski, kanon imitagarririk ezarri gurean, baina gerta zitekeen. Logika arrazionalaren detritu moduan ere uler omen dezakegu zarata eta etengabeko ihes horretan sedimentatutakoek badute eraginik inguruko sortzaileengan ere. Erkiziak aitortu digu, bere ustez, beste hainbat lurraldetan gertatu den gisara, euskal diskogintzak ere “ez duela jakin zarata metabolizatzen” eta batzuetan “patrimonialki eta nahiko era miopean” jokatu duela proposamen berriak onartu eta bultzatzeko orduan. Aitortza, beraz, beste bide batzuetatik etorri izan da. Horren adibide da, esaterako, Lisabö taldearen Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak lana. Disko koral hura prestatzen ari zirela, Erkiziari ea parte hartzeko prest egongo zen galdegin zioten, honek baiezkoa eman eta Deliberazio kanta sortu zuten. Abestiak Gutariko Bat taldeak zuen soinutik edateaz gain, letra labur bezain argigarria zuen: “Tarteka, bortxatze honetan, desioari hozka egingo diot, neria baita –bederen– zati bat, neria da! –bederen– zati bat”.
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]