argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Geografia eta Historia
  • Ez dakit aste honetan zenbat txiste egin diren sare sozialetan honen kontura: Pablo Casado PPko hautagaiak ez daki non dagoen Getxo, Gipuzkoan edo Bizkaian. Hau idazten hasitakoan, erratekotan egon naiz segur aski ni ere larri ibiliko nintzatekeela Euskal Herriko herri anitz kokatu beharko banitu: Gipuzkoan edo Bizkaian? Lapurdin edo Nafarroa Beherean? Tira, Iruñerrikoak ezagutzen nahiko lan. Baina gero ohartu naiz nire ezjakintasuna nire problema dela, eta ez duela inolaz ere politikariarena zuritzen. Bertzalde, Getxo ez baina Gernika ezagutuko ote du Casadok?

Santi Leoné @ororostorm 2019ko martxoaren 27a

Vox alderdiak Albaceten (Gaztela-Mantxa, Espainia) izan behar zuen hautagaiak errana du Gernikako bonbardaketa ingelesek asmatutako propaganda izan zela. Horrek eta adiedazpen homofobo batzuek zalaparta sortu eta haren dimisioa ekarri dute. Ongi da. Baina beharbada komeniko litzateke gogoratzea, hain gordin adierazten ez badituzte ere, ideia horiek aski zabalduak daudela eskuineko alderdietan. Urteak baitira Getxon non dagoen ez dakien politikariak frankismoan fusilatutakoen arrastoak bilatzen ari direnei irri egiten diela. Urteak, Ciudadanoseko hautagaiek erraten digutela frankismoaz mintzatzea iraganeko zauriak berriz irekitzea dela. Urteak, Pio Moaren sasi-ikerketak liburu salduenen artean daudela, eta, horren harira, irratietan eta telebistetan zenbait elikatzen tematu diren munstroek azaltzen dutela Espainiako Gerra Zibila 1934an hasi zela, Errepublika izan zela benetan gaitzestekoa, anaien arteko gatazka batera eraman baikintuen.

Getxo non dagoen aise ikasiko du Casadok. Batek baino gehiagok Gernikakoa ikastea, berriz, zailxeagoa izanen da, hain zuzen ere sekulan ikasi nahi izan ez zutelako eta orain, Albaceteko dimisioa gorabehera, horren berri ez izatea cool bihurtzen ari delako.