argia.eus
INPRIMATU
Zer aldatu da, zer alda daiteke?
Karmelo Landa @karmelolanda 2019ko martxoaren 15a

Sendo itxura ematen duten egitura politikoak ere ez dira betiko izaten. Europar Batasuna kilin-kolon dabil. Espainiako Estatua, berriz, zalantza-balantzan. Zer aldatu da, bada? Euskarriak.

Estatu espainiarrari begira, 78ko Erregimena deituak bi operazio nagusi burutu zituen finkatze-bidean. Bata, langile mugimendua integratzera abiatua, ezkerreko alderdiekin eta sindikatuekin itunak egin,  haiek estatu zaharberrituaren muga estuetara erakarriz. Bigarrena, aldiz, estatu barruko nazioak guztiz aintzat hartu gabe ere, autonomia anitzen sarean atxiki, beti ere zentruaren aginte nagusiaren mende.

Bi operazio horietarako, Estatuak ezinbesteko zituen euskarriak, bai langile-mugimendu barruan, baita nazio aspalditik zapaldu-ukatu-txikituetan ere; lehen kasuan, ezker espainiarra gogotsu egokitu zen, beren alderdi eta sindikatuekin, Estatu-itun berrietara. Nazioen kasuan, aldiz, zertxobait konplikatuagoa gertatu zaio Estatuari. Galizatik hasita, han frankismoak sustrai sakonak utzi zituen gizartean, baita inolako disimulurik gabe erregimen zaharretik itxuraberritura agintean mantendu zen politikari ospedunik ere. Era gordin horretan neutralizatu dute Galiza gaur arte.

Katalunian eta Euskal Herrian ez zen antzekorik, eta bi hauetan oso konplikatua zitzaion Erregimenari bere kabuz legitimazioa lortzea; izan ere, lehen ahaleginetan (Erreforma politikoa, Konstituzioa, NATO...) Estatuak  kale egin zuen, hein handi batean. Zer egin orduan? Estatuaren kudeaketan inplikatu tokiko ordezkari moldakorrenak. Bigarren mailako egitura politiko autonomoak haien eskuetan jarri zituzten, estatu-egitura nagusiekiko fideltasunaren truke. Horrek balio izan die azken hamarkada luzeetan, bai jeltzaleek baita pujolismoak eskema autonomiko hori probetxugarri kontsideratu izan duten bitartean.

Hori horrela dela ikusita,
zer alda daiteke orduan?  Bada, 78ko Erregimen horrek bere euskarriak gal ditzakeela, bai Katalunian, bai Euskal Herrian.
Lehen arrakala larria
Katalunian agertu zaio

Hori guztia aldatzen ari da, neurri handi batean Estatuaren amarrua nabarmendu delako balizko autonomiaren azpian: Estatuak ez ditu sekula naziotzat hartu ez Katalunia ez Euskal Herria; itunen araberako ahalmenak ere “orraztu” , murriztu edo ukatu egin ditu lotsarik gabe; era horretan, agerian utzi du autonomia itun haietan klabea zen kontzeptu bat: “elebitasun” kontzeptuak, praktikan, Estatuaren botereek bi ele oso desberdin erabiltzen dituztela agertu du. Bata itxura ematekoa; bestea, aldiz, beren boterea benetan bermatzekoa. Ez dago aldebikotasunik inon, ele bakarrak agintzen du.

Hori horrela dela ikusita,  zer alda daiteke orduan?  Bada, 78ko Erregimen horrek bere euskarriak gal ditzakeela, bai Katalunian, bai Euskal Herrian. Lehen arrakala larria Katalunian agertu zaio. Eta hantxe gertatzen da une honetan sokatira: alde batek, Kataluniatik bertatik, Errepublika propioa lortzearen aldera tiraka. Besteak, Estatutik bertatik, zentrorantz tiraka.
Sokatira horrek merezi digu arreta orain. Ikusi, adibidez, Madriletik tiraka dabiltzanen jokabidea; ez dira joko garbiaren aldekoak, eta indarrak kataluniarren alde susmatzen badituzte, soka bera mozteko gauza ere badira. Edo jokaldia amaitu gabe utzi eta beraien mesedeko beste joko-eremua inposatu, Estatu mailako hauteskundeak kasu.

Baina zer esan Katalunian bertan, edo are Euskal Herrian, agertzen diren jarrera desberdinen aurrean?  Halakoetan komeni da argitzea norantz tiraka ari garen, zein den gure jokoa eta zein gure aldea. Sokatira horretan ez baitago bitartekorik.