argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismo morerik ez, eskerrik asko
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko martxoaren 20a

Ikusi dugu lehenago. Ekologismoa da adibide paradigmatikoa. Halaber, pink washing-a edo gaypitalismoa. Merkatuak gure borrokak irentsi, digeritu eta gorotz moduan produktu kapitalista bat iraizten digu, salmentarako prest, sistemari funtzionala egiten zaiona.
Hedabideek soldatari, goi-mailako enpresari eta politikariei, emakumezkoen futbol taldeei, zientzialari edota artista famatuei erreparatzen diete. Euskal Herrian greba feministaren antolakuntzan ibili direnek aldiz, migrazioa, arrazionalizazioa, presoak, neskameak, dibertsitate funtzionala, disidentzia sexuala, landa eremua, hau da, margena eta aniztasuna, kokatzen dituzte diskurtsoaren ardatz.

Feminismoak desboteretze prozesuak dira ahalduntze prozesu izatearekin batera. Helburua ez da historiak ukatu digun boterea geureganatzea, epikoki. Iraultza beste toki batetik egiten da, sakonago. Hegemonia suntsitu behar da. Margena zentrora eraman baino, zentroa bera desboteretuko dugu.

Feminismoaren hipermediatikotasunaren aroan, erradikaltasuna ozen mantendu da martxoaren 8an. Oraindik ere, kapitalismoari feminismoa kontrako eztarritik sartzea badago.