argia.eus
INPRIMATU
Zezeileko lurrin dema
Jakoba Errekondo 2019ko martxoaren 17a
Magnolia soulangeanaren lorea.

Bero-beroa joan da otsaila. Lehen hiru egunetan hotzak ebaki beharrean ibili baginen ere, handik atzera nire goraintzian otsailik beroena izan da. Aurreko hotzek zenbait loraldi atzeratu egin zituzten: mimosa (Acacia dealbata), hurritza (Corylus avellana), neguko jasmina (Jasminum nudiflorum), ote loretxikia (Ulex parviflorus), txilar zuria edo zurikatxa (Erica arborea) eta abar. Gero latz berotzeak ondorengo loraldiak hauspotu ditu, besteak beste: aranondoa (Prunus domestica), aranondo japoniarra (Prunus cerasifera “Pissardii”), elorri beltza (Prunus spinosa), magnoliak (Magnolia soulangeana, M. Stellata...), sahatsak (Salix spp), irasagarrondo japoniarra (Chaenomeles japonica), bioleta usainduna (Viola odorata), marrubi basatia (Fragaria vesca) eta pinuak (Pinus spp.).

Nire goraintziko otsail beroena, baina baita ere usaintsuena eta koloretsuena joan da. Beste urteetan baino kolore biziagotan jantzi dira loraldiak, edo egun horietako argitasun distiratsuak piztu ditu, aurten bereziki. Begiak jotzeaz gain sudurra ere usainolde trinkoago batek hartu dit aurtengoan. Batez ere magnolien lurrinak harrapatu nau, txoratzeraino. Etxearen atzeko zein aurreko atarietan bi desberdin ditut, eta zein baino zein den gehiago borrokan ari dira, lurrin dema.

Gure atarietan ohiko bisitariak ditugu bi haize: hegoa eta mendebala. Eta, lurrinen apologia horietan aliatu bada ere, haizeek bere burua dute, arina baina burua. Eta mendebalak ikaragarrizko ikuskizuna eratzeko ganora du. Hegoaren txakalaldiak baliatuz, zakar punttua hartzen du. Eta dakarren kresala magnoliek adarrak zabalik hartzen dute. Haizearen astinduak loreak dantzatzen ditu, eta petaloek haizearen zirimolari eusten diote, loreak soilduz, erantziz, petalotuz. Petaloen euria da. Oso une jakinetan, bakanetan izaten den naturaren ikuskizuna.

Otsailari zezeila esaten diote Diman, eta han izan naiz otsailaren amaierarekin batera. Bertako eskolako haurren baratzea eta baratzeko haurrak zaintzeko asmotan. Ikaragarri ikasi dut. Irakasle rola eman diet, eta hor ikasi dut zer den lupetza, mihimena, satsa... Eta han ere bizitu dugu petalo euria. Han baratze inguruan ez zen magnoliorik, baina sahats euriak busti gaitu. Jakintzaz blai ibili gara.

Han freskura zen nagusi; etxera bueltatutakoan, itsasaldeko epelera, haritza (Quercus robur) hosto berriz janzten eta zumarra (Ulmus sp.) loratzen ari zirela jabetu naiz, eta martian sartu gabe!

Irudia: Maitane Gartziandia.