Mayi Pelot idazlea omentzeko ekitaldia antolatu dute elkarlanean Sareinak taldeak, Maiatz elkarteak eta Baionako Zizpa gaztetxeak. Zizpan bertan egingo dute ekitaldia, hilaren 16an, arratsaldeko 5etatik aurrera. Lau lagun hauengana jo dugu xehetasun bila: Amaia Alvarez Uria (Sareinak taldeko kidea eta ikertzailea), Itxaro Borda (idazlea), Arrate Hidalgo (editorea, itzultzailea eta ikertzailea) eta Josune Muñoz (ikertzailea).
2016ko urriaren 6ak ekarri zuen albistea: hila zen Mayi Pelot idazlea, “euskaraz ipuin futuristak idazten aitzindarietako bat”. Peloten ekarpenari buruzko xehetasun gehiago azpimarratzen zituen albiste hark: hastapenetik agertu zela Maiatz elkartean, aldizkariaren sorreran parte hartu zuela, eta Maiatzen bertan argitaratu zituela ipuin futuristen bi bilduma: Biharko oroitzapenak (1985) eta Teleamarauna (1987). Besterik ere idatzi zuen: pentsamendu hinduistari buruzko lan bat eta hainbat olerki.
2019ko martxoaren 16ak ekarriko du omenaldia. Lehenik, mahai-inguruan, Peloten inguruan mintzatuko dira Josune Muñoz –munduko emakumeen literatura aztertzen duen Skolastika guneko zuzendaria da–, Itxaro Borda –bertatik bertara ezagutu zuen Pelot, Maiatzen bilkuretan batez ere– eta Arrate Hidalgo –zientzia fikziozko obrak editatu eta itzuli ditu, eta horri buruzko jaialdi bat antolatzen ibilia da–. Hurrenez hurren, hauexek izango dituzte hizpide: autorearen ibilbidea, lanak publikatu zituen garaiko oroitzapenak eta zientzia fikzio feministaren panorama. Ondoren, "Xerezaderen Artxiboa" literatur podcasteko kideek Peloten testuen irakurketa dramatikoa egingo dute. Bestalde, Peloten obra osoa berrargitaratu du Maiatz argitaletxeak, tomo bakarrean –Borda aritu da, besteak beste, hori txukuntzeko lanetan–, eta aukera aprobetxatuko dute liburua aurkezteko. Amaieran, Amaia Alvarez Uria Sareinak taldeko kide eta antolatzaileak zehaztu digunez, luntxa eskainiko dute, “ordura arte esan eta entzundakoak elkarrekin komentatzeko”.
“Emakume idazleak ahanzturatik berreskuratzeko”
Amaia Alvarez Uria: "Black Mirror telesailak gure garaiko beldur nagusienetako batzuei begiratzen dion bezala begiratzen zioten bere ipuin futuristek eta zientzia-fikziozko istorioek orduko gatazkei"
Pelot omendu ez ezik, urteurrena ospatuko du Sareinak taldeak. Halaxe azaldu digu Alvarez Uriak: “Taldea 2007an jaio zen, euskal literaturari ikuspegi feministaz begiratzeko helburuarekin, eta xede horren barruan dago, besteak beste, emakume idazleak ahanzturatik berreskuratzea”. Adibidez, orain bi urte, Marijane Minaberriri egin zioten aitortza, Baigorriko euskara elkartearekin batera; eta aurten, antzeko zerbait egin nahi izan dute. Alvarez Uriak dioenez, “omenaldi xumeak dira antolatu ditugunak, sortzaile hauek ezagutarazteko eta egindako ekarpena aitortzeko ahalegintxoak”. Edonola ere, horiek prestatzeko prozesua “ederra” izan dela aipatu du, egileen inguruko jendeak jarrera beroa eta esker onekoa agertu baitu. Azkenik, halako ekitaldiak aberasgarriak direla nabarmendu du Alvarez Uriak, aurtengoa antolatzeko prozesuan “duela ia 40 urteko euskal literaturaren argazki panoramikoan ñabardurak egiteko aukera” izan baitute.
Euskarazko zientzia fikzioaren aitzindaria
Euskal literaturan zientzia fikzioa lantzen aitzindarietako bat izan zela, horixe azpimarratu zaio, batez ere, Peloti. Alvarez Uria: “Black Mirror telesailak gure garaiko beldur edo kezka nagusienetako batzuei begiratzen dion bezala begiratzen zioten bere ipuin futuristek eta zientzia-fikziozko istorioek orduko gatazkei. Edo The Handmaid’s tale distopia emakumeen zapalkuntzaz eta genero arauez aritzen den moduan, bere narrazioek gizon eta emakumeen arteko harremanak eta boterea hartzen duten emakumeak erakusten dizkigute”.
Edonola ere, artikulu honetara ekarri ditugun ahotsek bestelako ezaugarriak ere azpimarratu dizkiote. Muñozek esan digunez, adibidez, Pelotek “euskara berria, batua, edozein gaitan erabiltzeko erreparoa” gainditu zuen, “Ekialdeko espiritualitatea hurbiltzeko ahalegina” egin zuen, eta “mundu klasikoa eta mitologia” berrirakurri zituen. Itxaro Bordak berriz, haren “umiltasuna eta bere bidean tematzeko jaidura” aipatu dizkigu. Eta hauxe gehitu du: “Deigarria egiten zait eta zitzaidan orduan ere, bere fantasiak sortzean, nola euskara asmatzen zuen, eliptikoa, espazioan aditza desagertuko balitz bezala. Hasieran zaila da leitzeko, baina gero, ohitzen joanez, giro berezia hazten da irakurlearen gogoan”.
Hidalgok, Bordak bezalaxe, hizkuntzaren lanketa aipatu du: “Niretzat oso nabarmengarria da, euskarari dagokionez, neologismoekin egin zuena. Elkarrizketetan argi utzi zuen euskara gai zela zientziaren eta, ondorioz, zientzia fikzioaren hizkuntza izateko, ingelesa eta grekera nagusi izan arren. Beraz, bere ipuinetan hamaika neologismo daude, etorkizuneko munduak deskribatzeko erabili zituenak, bere irudimenaren eta irakurlearen arteko gune ulergarri eta interesgarriak sortuz. Pelotek Ray Bradbury izendatzen zuen bere iturrien artean, eta nabaria da, nire ustez, bere ipuinetako une poetikoenetan. Eta nik biziki eskertzen dut zientzia-fikzioaren alde poetikoa esploratzen dutenen ekarpen bakoitza”.
Ondo baino hobeto ezagutzen du Hidalgok zientzia fikzioaren mundua, baina 2010ean ezagutu zuen estreinakoz Peloten obra, “emakumeek eta feministek ingelesez idatzitako zientzia fikzioa” deskubritzen ari zela. Izan ere, garai hartan Erresuma Batuan bizi zen Hidalgo, eta ez zuen bilaketarekin jarraitu. 2017an, baina, Bilbora “eta euskarara” itzuli, eta bilatzeari ekin zion berriro: “Biharko oroitzapenak interneten zegoela ikusi nuen eta irakurtzen hasi nintzen, Zarauzko zientzia fikzio taldearekin batera. Oso esperientzia berezia izan zen niretzat, baita taldekoentzat ere, zeren haren fikzioan ispilua gugandik oso gertu kokatuta dago: esperientzia diferentea izan zen, AEBetako idazleen AEBetako arazoentzako ispiluetan hainbeste begiratu ondoren”.
Peloten amarauna
Emakume autoreak beren garaitik eta testuingurutik kanpo irakurtzen dira sarri, eta isolamendu horrek kalte egiten dio beren obraren interpretazioari eta aitortzari. Ez da nik esana, ezpada Joanna Russek, zeinak emakumeek idatzitako literatura suntsitzeko mekanismoak aztertu baitzituen orain ia 40 urte –eta, bide batez esateko, zientzia fikziozko lanak ere idatzi baitzituen–. Isolamendu horri iskin egin nahi eta Peloten inguruan amaraun bat josteko eskatu diegu gure hizlariei.
Muñozek hainbat saretan kokatu du: “Kronologikoki, 70eko eta 80ko hamarkadetan hizkuntza zein literatura bide eta molde berriak zabaldu nahi zituzten idazleen artean dago. Landu zituen literatur genero eta gaiei dagokienez, berriz, irudimen handiko idazle ausarten artean kokatuko nuke. Azkenengoz, berreskuratu eta aldarrikatu behar ditugun emakume idazleen adibide argia dela esango nuke”.
Hidalgok azaldu digunez, Peloten zientzia fikziozko erreferente gehienak gizonak izan ziren, hala kontatu omen zuen autoreak berak elkarrizketetan. Horrez gainera, mendebaldeko 80ko hamarkadako giro politikoa ere oso nabarmena ei da bere fikzioan, “bereziki, Gerra Hotzaren ondoriozko gatazka atomiko baten izua eta kutsadurarekiko kontzientziaren garapena”.
Arrate Hidalgo: "80ko hamarkadako giro politikoa nabarmena da Peloten fikzioan, bereziki Gerra Hotzaren ondoriozko gatazka atomiko baten izua"
Edonola ere, bestelako sare bat ere irudikatu digu Hidalgok: Pelotek berak aipatzen du “80ko hamarkadan modan jarritako Heroic Fantasy-aren estetika eta nola islatzen duen hori Plist-plast ipuinean. Nik Ursula K. Le Guin-en eskua ikusten dut ipuin horretan, baita emakumeen lan eta emakumeen arteko gatazka ikusezinak lantzen dituen beste gaurko idazle batena ere: Laura Ponce argentinarraren eskua. Sare hau nik susmatua edo asmatua izanagatik, ez da derrigorrez irreala. Azken finean, Peloten fikzioa beti eta betirako arituko da elkarrizketetan gaurko eta etorkizuneko fikzioekin. Hori da nire itxaropena, behintzat”.
Bidea urratu, bideari jarraitu
“Euskarazko zientzia fikzioa garatzen eta konplexutasuna lortzen hasten den neurrian, Mayi Pelot ‘euskal zientzia fikzioaren emakume aitzindari’ gisa ikusia izateaz gain, bere fikzioak merezi duen arreta jaso dezan espero dut: bai zientzia fikzioan bai literatura orokorraren arloan”, horra hor Hidalgoren hitzak.
Bordak ere aipatu du historiografiaren premia hori, eta Peloten lan osoaren bilduma nabarmendu: “Interesatuak diren irakurleek bilduma hori eskuratzen eta literaturaren interes sareetan berriz kokatzen ahalko dute, mugarri izan zelako, noizbait euskarazko zientzia-fikzioaren historia egin behar balitz”.
Atzera ez ezik, aurrera begira jarrita, Muñozek azaldu digu “nolabaiteko oasi batera heldu garela”. Aurten, bi emakumek argitaratu dituzte zientzia fikziozko lanak euskaraz: Maite Darcelesek Bihotzean daramagun mundua (Alberdania) eta Garazi Albizuak Izadia (Denonartean). Zerbaiten hasiera ote? Halaxe uste du Muñozek, eta susmoa berretsi digu Hidalgok, aurten beste bi argitalpen oso berezi iritsiko direla aurreratuz. “Euskarazko zientzia fikzioaren oso garai ernagarri baten atarian gaudela uste dut, eta Mayi Peloten fikzioaren berragertze hau seinale ezin hobea da”, laburbildu du.
Beraz, irakurle hori, badakizu, Peloten obraz gehiago jakin eta etorkizun posibleak irudikatzeko gogoz bazabiltza, Baionako Zizpa gaztetxean daukazu hitzordua, larunbat honetan, arratsaldeko 5etatik aurrera.