argia.eus
INPRIMATU
Jantokitik jangelara
Hainbat egile* 2019ko martxoaren 12a

Eskoletako jangelak, elikadura burujabetza sustatzeko espazio gisa hartzen ditugu. Bertan bat egiten dute justiziak, hezkuntza baliabideek, ekonomia zirkularrak, zaborren kudeaketak eta praktika egokien defentsak; eredu sozialaren aldaketa iruteko tresna bikaina dira.

Jangela ereduaren gaineko gure ardura ez da gaur goizekoa. Egungo eredua agortuta zegoela ikusita, duela bi urte Jantokitik Jangelara lantaldea martxan jarri genuen sindikatuan. Garai berean catering enpresen iruzurraren kasua irten zen argitara; ez gintuen harritu, bagenekien negozioa egiten ari zirela eskoletako haurren kontura eta administrazio publikoaren konplizitatearekin.

Catering enpresen iruzurraren kasua irten zen argitara; ez gintuen harritu, bagenekien negozioa egiten ari zirela haurren kontura administrazio publikoaren konplizitatearekin

Jangelen ereduan aldaketa beharra agerikoa zen eta da. Aliantzen bidetik gauzatuko den aldaketa, hain zuzen ere. Ikasleen, irakasleen, familien, jangeletako langileen, arrantzale eta baserritarren, administrazioaren... Komunitate oso baten apustua izan behar du. Eta asmo horrekin, gure ikuspegia zabaltzeko eta diagnostikoa osatzeko barne jardunaldi batzuk ere egin ditugu. Ikasle, irakasle, guraso, arrantzale, baserritar eta jantokietako langileekin batera aritu gara eta ekarpen ezberdinak uztartzetik proposamen integral bat landu dugu. Hiru oinarri ditu:

– Eredu berriak elikadura burujabetza ardatz izan behar du, zein elikagai eta nola produzitu erabaki behar dugu. Gure aukera, bertoko eta sasoiko elikagai agroekologikoak dira. Baserritar eta arrantzaleen lan eta bizi baldintzen alde egin behar dugu, eta lehen sektoreak kalitatezko enplegu sortzaile izan behar du.

– Eredu hezitzailea izan behar da, ikasleentzat jangelak gune atsegina izan behar du, nutrizioaz, elkarbizitzaz, abeltzaintzaz, itsas espezieez, eskualdeko ekonomiaz... Ikasteko gune, eta zentroko curriculumean jasota egon behar du.

– Eskola jangeletako langileen lan baldintzek kalitatezkoak izan behar dute, gaur egun dauzkatenekin alderatuta.

Bat ala beste: edo jangelen ereduaren gaineko burujabetza dugu, edo eredu neoliberalak jarraituko du elikadura sistema baliatzen, eskola jangeletakoa barne, negozioa egiteko. Multinazionalek gobernuen konplizitatea alde dute, ez dezagun ahaztu.
Eusko Jaurlaritzak arlo honetan ere bizkarra ematen digu. Aldebakarreko erabaki arduragabea hartu du; aukera berdintasuna desagerrarazi eta desarautzeari ateak parez pare zabaltzen dizkion erabakia. Posizio hori inposatzen badute, ez da inongo kontrolik izango, eta segurtasun falta erabatekoa izango da. Bere langileenganako ardurei uko egiten ari da Eusko Jaurlaritza.

Kalitatezko eredu publikoa da LABetik aldarrikatzen duguna, eta bide horretan neurri zehatzak proposatzen ditugu: eskola guztietan sukaldeak jartzea, langile guztiak izatea Hezkuntza Sailaren baitako langile, hezitzaileentzat ere horretara iritsi bitarteko plangintza bat garatzea; berme guztiak jasoko dituen subrogazio prozesu bat sustatzea.

Eztabaida ez da amaitu, beraz. Eskola jangelak aldaketarako gune eta tresna izan daitezen borrokan jarraitzen dugu.

 

Aitziber Uriarte.
Urtzi Ostolozaga.
LAB sindikatuko kideak.