Hainbat esparrutan historia egin duten emakumeak itzalpetik atera nahi izan dituzte Parean elkarteko Miren Lanz Solbes, Oihana Llorente Arretxea eta Ainara Lopez Zarcok. Beste askok ere gogo bera zuela erakutsi du Irungo emakumeak plazara! dokumentalaren harrera beroak. "Estreinaldira ama-alaba ugari etorri ziren batera; polita izan zen".
Nola sortu zen dokumentalaren ideia?
Llorente: 2010ean, Bilgune Feministakook ikusi genuen Irunen zeuden 350etik gora kaleetatik bik baino ez zutela emakume izena, eta beste bik emakumeei loturiko kolektiboen izena. Hori horrela, Mertxe Tranche historialariarekin batera Irungo historiatik emakumeak berreskuratzeko lanari ekin genion eta kaleak izendatzeko hamar izen propio eta kolektibo proposatu genizkien alderdi politikoei. Emaitza: bederatzi urteotan lau izatetik hamaika izatera igaro direla genero ikuspegia aintzat hartzen duten kale izenak gure herrian.
Lopez: Eta ikusgarritasun horrek badu bere garrantzia, pertsonaia jakin batzuk iruditegi kolektiboan kokatzeko balio duelako, eta kaleen izenak ere badirelako politika egiteko modu bat.
Lanz: Lanketa horren bigarren buelta izan da dokumentala. Kaleen izenak hor daude, baina herritarrek badakite zeintzuk izan ziren emakume horiek? Hari horri tiraka zazpi historia osatu ditugu.
Irungo 350etik gora kaleetatik, emakume izena bik baino ez zutela ikusteak abiatu zuen abentura hau, “kaleen izenak ere badirelako politika egiteko modu bat”
Harrigarria da dokumentalean ageri diren emakumeetako batzuk ezezagunak izatea askorentzat. Zeinek idatzi du gure historia?
Llorente: Historia idatzi da garaileen eta nobleen ikuspegitik, eta emakumeek betetzen zituzten rol eta espazioei ez, beste rol eta espazio batzuei eman zaie garrantzia. Adibidez, dokumentalean ageri diren mandatugileak [Irundik Donostiarako joan-etorria oinez egiten zutenak] literaturan aurki ditzakegu, baina erroldetan agertu ere ez dira egiten. Funtsezko lanbidea zen garai hartan, baina historia idazterako orduan ez ziren futsezko, antza.
Lopez: Inudeekin berdin. Beste batzuen seme-alabei bularra ematen zieten inude asko izan zituen Irunek, kohesio eta zaintza ikuspegitik sekulako garrantzia zuten, baina apenas dagoen dokumentatuta, esparru horiei ez zaielako inportantziarik eman.
Mertxe Tranchek ez zuen erraza izango dokumentatzeko…
Llorente: Berak beti dio ez dela batere erraza dokumentuetan emakumeak aurkitzea. Mertxek urtetako lana eta jakintza dauka, eta arrasto bati tiraka, hemendik eta handik lortutako hariak lotuz… egin ahal izan du hain dokumentazio lan handia, baina oro har ez da emakumeen inguruan idatzi.
Lopez: Informazio asko adibidez elkarrizketen bidez lortzen du. Eta hain juxtu dokumentala horretarako aitzakia izatea ere nahi dugu. Estreinaldira etorri zirenen artean solastatzeko gogoa antzeman genuen, ama poxpolo-egilea zuela kontatu ziguna, ezagutzen zituzten historiak partekatu nahi zituztenak… Ahoz aho familia barruan transmititutako jakintza asko dago oraindik plazara atera ez dena, emakume asko azaleratu gabeak; balio dezala dokumentalak horretaz guztiaz hitz egiteko.
Lanz: Aperitiboa eta abiapuntua baino ez delako dokumentala, jakin-minerako nahia ireki nahi duen eta osatzeko dagoen tresna, testigantzekin, herrikoek egin ditzaketen ekarpenekin… Ikasleei zuzendua jaio zen dokumentala eta ikastetxeetan jorratzeko eta sakontzeko diseinatu genuen, ez genuen datu zaparrada izatea nahi.
"Historia idatzi da garaileen eta nobleen ikuspegitik, eta emakumeek betetzen zituzten rol eta espazioei ez, beste rol eta espazio batzuei eman zaie garrantzia"
Zein ezaugarrik batzen ditu dokumentaleko protagonistak?
Llorente: Isilaraziak izan diren irundarrak dira, emakume borrokalariak, bakoitza bere esparruan. Aldi berean, ezberdinak izatea ere bilatu dugu: bi mendetako emakumeak, esparru eta maila ugarikoak, pobre eta burges, kirolaren, artearen edo enpresa munduaren arlokoak… Emakume anitzak.
Lanz: Bai, isilaraziak emakume guztiak izan dira historian, eta hain juxtu hauek borrokalariak izan zirelako iritsi zaizkigu beren aztarnak gaurdaino.
Lopez: Eta uzten duten gogoeta da ziurrenik Julia, Vicenta, Dolores… gehiago egon zirela, ez direla adibide isolatu eta bakanak, baina ez ditugula ezagutzen. Zergatik da iritsi zaigun errelatoa, duela gutxira arte emakume guztiak zirela etxeko-andre? Ez, denak ez zeuden etxean gordeta, eta historia ez da zerbait lineala izan, garai aurrerakoiagoak eta atzerakoiagoak bizi izan ditugu, eta beti izan dira bestelako bizimodua eraman duten emakumeak. Historia deseraikitzeko ere balio behar du ikus-entzunezko honek, historiari eta gure nortasunari beste begi batzuekin begiratzeko, emakume erreferentzialak ere baditugulako gure historian.
"Aperitiboa da dokumentala, jakin-minerako nahia ireki nahi duen eta osatzeko dagoen tresna, testigantzekin, herrikoek egin ditzaketen ekarpenekin…"
Ikastetxez ikastetxe mugitu zarete dokumentalarekin.
Llorente: Irungo zazpi ikastetxe publikoetara jo dugu, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleengana. Bertaratu eta galdetzen genien ea 350 kaleetatik euren ustez zenbatek zuten emakume izena 2010ean. “100” zioten, “50”… eta 2 esaten genienean, zur eta lur geratzen ziren. Hamaikara iristeko egin dugun bidea azaltzen genien, eta segidan dokumentala ikusten zuten.
Lanz: Ondoren, hiru hilabeteetan zehar ikastetxe bakoitzak dokumentaleko emakume bana landu du, ikus-entzunezkoa abiapuntu hartuta.
Llorente: Gogotsu heldu diote gaiari: Mertxe Tranche eskolara eraman dute batzuek, dokumentaleko emakumearen semearekin harremanetan jarri dira beste batzuk… Gainera, martxoaren 16ko paseo historikoan euren ekarpena egingo dute ikasleek, hilabeteotan landutakoarekin.
Lanz: Gustatzen zaigu ikastetxeekin aritzea, oraindik sobera kutsatuta ez dauden haurrengan balore hauek guztiak transmititu asmoz, eta hezkuntza delako gizarte honen eta gure etorkizunaren oinarri handietako bat. Esperantza dugu belaunaldi berriengan. Eta aurrera begira, proiektuari segida ematea da helburua: historiatik emakume gehiago berreskuratzea eta beste molde batzuen bidez horiek guztiak plazara are gehiago ateratzea, ikusgarriago egitea.
Bera (Nafarroa), 1924ko azaroaren 7a. Anarkista talde bat Beran sartu zen goizaldean, Primo de Riveraren diktaduraren aurka egin eta Espainiako Estatuan iraultza abiatu asmoz.
Espainiatik eta Hego Euskal Herritik Baiona, Hendaia eta Donibane Lohizunera ihes egindakoen artean... [+]
Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak
Berlingo Unibertsitate Libreko eta Zuse institutuko diziplinarteko ikerlari talde batek eredu matematiko konplexua garatu du Afrika iparraldean erromanizazioa nola hedatu zen hobeto ulertzeko.
Plos One aldizkarian argitaratutako ikerlanaren arabera, eredua osatzeko galtzada... [+]
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Hezbollah jokoz kanpo uzteko aitzakiapean, Israelek Libanori eraso dio. Horren ondorioz, Ekialde Hurbileko Suitza txikia foku mediatikoan kokatu da, baina herrialde ezezaguna da oraindik. Antzinaroan, Feniziarren zibilizazio garrantzitsuaren sorburua izan zen, eta baita... [+]
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
Normandiako erromatar garaiko aztarnategi batean lanean ari zirela, arkeologia ikasle batzuek aurkikuntza bitxia egin dute berriki: buztinezko eltze baten barruan kristalezko flasko txiki bat topatu zuten, XIX. mendean emakumeek lurrina eramateko erabili ohi zuten... [+]
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]