Iban Zalduak behin galdetu zidan ea zer nuen nahiago, idaztea edo idazle izatea. Seguru nago idaztea esan niola, ego handi(egi)a agertzearen beldurrez. Eta bada egia hein handi batean. Niretzako idaztea ez da gauza terapeutiko bat, ez da hondoratuta nagoenean egiten dudan zerbait, ez da hobeki sentiarazten nauen zerbait. Pozik egiten dudan gauza bat da, aztoratuta idazten dut beti. Haatik, idazle izateak gauza asko eman dizkit. Nire lagunik onenak, esate baterako, literaturari esker ezagutu ditut. Eta arriskatuko naiz esatera idatzien bitartez seduzitu dudala bat baino gehiago, edo bederen erakargarri egin zaiela nire alderdi hori. Tarteka sare sozialen bidez maitasun/miresmen mezuak jasotzen ditut, eta ez dakit askotan zer erantzun. Laguntasun hitzak besarkatzen dituen era guztietako harremanak egin ditut literaturari esker. Etxeko tiradera batean oparitutako boligrafo, luma eta kaierak gordetzen ditut. Azkenekoa kutxatik atera gabe daukat, paperen gainean, eta ez dakit oso ongi zer egin berarekin. Poltsan sartu eta galtzera arriskatu, edo ezagutzen ez dudan pertsona horren keinu ederra niretzako gorde.