argia.eus
INPRIMATU
Ikaskuntzaren funtzioa
Mikel Irizar @mirizarintxaus 2019ko otsailaren 19a

Bere mendeurrena zela-eta, Eusko Ikaskuntza (EI) erakundeak bi urte luzeko prozesua burutu zuen 2018an, unibertsitateetan, erakunde publikoetan eta gizartean dauden milatik gora aditu eta ariturekin. Helburua zen Euskal Herriaren etorkizunerako egitasmo bat zirriborratzea, 20/25 urteko perspektibarekin.

Prozesuaren emaitza Oñatin gizarteratu zen iazko azaroan, eta Euskal Herriko hiru erakunde nagusietako agintari gorenek eman zioten babesa aurkeztutako egitasmo partekatuari. Ez dago une honetan maila bereko definizioa eta legitimitatea biltzen dituen herri proiekturik (Ikus http://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/kongresua/dokumentazioa/eik-53/).

Mendeurreneko kongresuan, EIk bere burua eskaini zuen duela ehun urte “sorreran eman zitzaion eginkizuna molde berrituekin betetzeko: herri garapenerako begirada luzea lantzea, ezagutza eta berrikuntza erabilita, lankidetza estuan erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, eta herritarrekin, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan”.

Kongresura iristeko prozesuan EIk lortu duen partaidetza bikainak erakusten du lidergo hori aitortzen zaiola, eta sinesgarria dela erakundea biziberritzeko egin den apustua. Orain eskura dauka aliantza sistema oso bat eraikitzea, egitasmo partekatua garatzen lankide izan ditzakeen erakunde eta eragileekin, gizarte antolatuak eskatu ahala erantzunak garai eta molde egokietan eman ahal izateko.

Garrantzitsua da EIren funtzio berritu honen onarpena erabat barneratzea erakundeen eta eragileen partetik, funtzio banaketa logiko baten baitan: EIri dagokio epe luzeko markoak eraikitzea, eta haietatik abiatuta ekarpenak egitea exekuzioan dabiltzanei, hauen egitekoan sartu gabe. Zenbat kasutan jardun-esparruen arteko muga lausoa izango da, baina ezinbestekoa da funtzio banaketa argitzea konfiantza eraikitzeko, hori gabe ezin baita lankidetza iraunkorrik sortu.

Maila politiko-administratiboan joera izan badaiteke egungo hiru esparruak finkatzea eta horietatik abiatzea ekimen politikoak (EAEko autogobernu ponetziarena, esaterako), joera horren arriskua sahiestuko litzateke Euskal Herri mailako herrigintza dinamika indartsu bat eraikita; hau da, EIk ondutako egitasmo partekatua garatuz eta gauzatze bidean jarriz, behar diren lankidetza-sare publiko eta sozialak ehunduta. Kongresuan abiatu den dinamika indartzea eta egonkortzea da Euskal Herria eraikitzeko apusturik eraginkorrena.