argia.eus
INPRIMATU
Galileoak, upel borobildua
Jakoba Errekondo 2019ko otsailaren 22a
Seguin Moreau upel enpresak sortu du esfera formako upela. “Galileoak” izena eman dio, Galileo mundua borobildu zuenagatik eta “oak” ingelesez haritza delako. 1.500 litro hartzen ditu. Argazkia: @seguinmoreauusa
Seguin Moreau upel enpresak sortu du esfera formako upela. “Galileoak” izena eman dio, Galileo mundua borobildu zuenagatik eta “oak” ingelesez haritza delako. 1.500 litro hartzen ditu. Argazkia: @seguinmoreauusa

Zura gogorrak, iraunkorrak, tentsio eta indar handiak jasan behar izango dituztenak, ilbehera hauetan botako dira, nioen lehengoan. Deskuiduan horrelako zuren bat eskuratzeko zuhaitzen bat moztekotan bazara, otsaileko ilbehera hilabetearekin amaituko da, eta egun horiexek dituzu onenak, 21a, 22a eta 23a. Ustekabean harrapatu eta ezin moldatu bazara, urteko egunik onenak joan zaizkizu. Dena dela, toki hotzetan, berandu mugitzen diren zuhaitzak martxoko ilbeheran bota daitezke, 16tik 28ko eguerdira arte, alegia. Orduan ere egunik onenak 21, 22 eta 23 izango dira. Hala eta guztiz ere, zuhaitza nirea balitz, hurrengo negura arte bakean utziko nuke; behin martxoa jaten hasita, izerdia mugitua izatearen arriskua handia baita.

Haritza (Quercus robur), neguan bota ohi dugunetako bat da. Gure kulturan, eraikuntzan garrantzi handia izan du, baina baita ontzigintzan ere. Ontzietan, bai ur gazi eta gezetara ateratzen diren ontzietan, baita beste ur edo likido batzuk barruan jasotzen dituztenetan ere.

Udazkenean sagar edo mahats muztioz betetako ontzietan mama gozoa ontzen ari da. Barrikote, barrika, bukoi eta upeletan ere haritzak du sona. Orain eraisten den haritzak. Haritz horren enborkiz egindako ontziak edariari erantsiko dion sainetean bi eragin sumatuko dira: zuhaitz biziaren genetika eta bizi baldintzak batetik, eta akabatu ondorengo langintzak bestetik. Material onena eskuratuta, bizitoki zuen lurretik hilerri izango duen upategira egingo duen bideak zeresan handia izango du. Noiz epaitu eta lepoa moztuta akabatu, garraioa, nola zerratu enborra, nola lehortu eta nola borobildu ontzia, barrika ala upel ala... Geurean jakintza itzela izango zen upelgintzan, duela mende bat arte. Frantzian, aldiz, ikaragarrizko garrantzia du gaur egun ere. Mundu osoan dute sona hango ontziek, baita hariztiek ere. Ontzigileak ez dira inor-ez batzuk, ez alajaina!

Seguin Moreau enpresa ezaguna da langintza horretan. 1838an sortua, iaz bere 180. urteurrenerako ardogileak egur eta zur utzi dituen berrikuntza bat aurkeztu du: etekin borobila ekarriko dion upel borobila. Borobil-borobila, esfera formakoa, alegia. “Galileoak” izena eman dio, Galileo mundua borobildu zuen polimatarengatik eta “oak” ingelesez haritza esateko hitzarengatik. 1.500 litro hartzen ditu, eta birakatu daiteke. Esfera da erresistentzia fisikoak eta inertzia termikoak maximotzen dituen forma naturalena. 55 milimetroko upolen artean beirazko leiho borobil bat ere jarri diote, ardogintza erraietik ezagutzeko.

Hau irakurtzen duen bateren baten eskubiko eskuko behatz ttikiaren azkazala jokatuko nuke, upol horiek egiteko haritza noiz moztu erabakitzen duenak ilargiaren eta planeten mugimenduen egutegia ondo berea duela...