argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Gure baxua zein ote
  • Noizbehinka, Nafarroan ale gehien saltzen dituen egunkariak erreportaje bat eskaintzen die Opusek gurean dituen ikastetxeei, Unibertsitateari edo Klinikari: zer-nolako emaitza onak lortzen dituzten ikasleek; puntako tresna bat ekarri dutela ez dakit zein eritasun inon baino hobeki artatzeko; zenbat jenderi ematen dieten lana erakunde horiek eta, oro har, zeinen etekin ekonomiko handiak ekartzen dizkioten Nafarroari.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko otsailaren 19a

Argudio teknikoak izaten dira nagusi kazetaritzatik baino publizitatetik gehiago duten erreportaje horietan, eta, horrela, Opusi propaganda egiteko egiazko motiboak –ideologia erlijioso ultrakontserbadorea hedatzen duen erakunde batekin adostasuna– gibelean gelditzen dira, ikusezin. Halere, ustez teknikoak diren argudioak aski ideologikoak ere badira, lanpostuak sortzen dituen oro ez baita nahitaez ona edo onargarria.

Euskarak ere lana ematen dio hainbat jenderi, baina hori ez da sekulan nafar egunkari zaharrenarendako aintzat hartzeko argudioa izan. Aurrematrikulazioa dela-eta, joan den larunbatean azalera zer ekarri eta lerro-buru hau: “Eskaerak goiti egin du itunpeko eskoletan, eta beheiti, D ereduan”. Lehengo lepotik burua, Diario de Navarrak; iaz, hau izan zen albistea: “Nafar familiek berriz ere PAI hautatzen dute”. Datu objektiboen azpitik –betiere objektiboak badira–, askatasunaren gaia; alegia, nafarrek, aukeran, D eredu publikoa ez bertzelako ereduak nahiago dituzte; alegia, itunpeko irakaskuntzak askatasuna bermatzen du, are gehiago erdaraz bada.

Datuen musikaren azpitik, askatasunaren baxua aditzen da, hain zuzen ere erregimen zaharraren prentsari sendotasuna ematen diona. Gu maiz borrokan aritu gara datu teknikoen inguruan, baina ez dakit gure baxua zein den, zein nahi dugun izatea, benetan finkatu dugun.