argia.eus
INPRIMATU
Estatista xaloak
BeƱat Sarasola @bsarasola 2019ko otsailaren 19a

Azken urteotan, Espainiako Estatuko lehia politikoan –Euskal Erdikoan bezalaxe–, boladan da pragmatismoaren aldarria. Trantsizioan hausturatik erreformarako bidea egin zuten saldoari egungo lau xentimoko populistak gehitu zaizkie, Iñigo Errejon buru dutela. Alabaina, egoera aski absurdua da, Espainiako panorama politikoan ezer ez baitago xaloagoa pragmatista eta errealista izatea baino.

Pragmatista eta estatista autodenominatu askok aipatu izan dute maiz independentzia desira zilegi izanik ere, gertakari burugogorrek erakusten dutela ez dagoela proiektu politiko hori baino gauza zentzugabeagorik. Egungo mundu globalizatuan independentzia absurdua dela, eta gainera, estatuen Europak sekula ez duela utziko barneko lurralde bat zatikatzen. Argudio pisuzkoak dirudite, baina berriki Kataluniako auzian errelatorearen karietara sortutako espektakuluak ere beste zerbait erakusten digu, burugogorki horrek ere; hots, independentziaren proiektua ameskeria hutsa den neurri berean dela wishful thinking-aren emaitza Espainia autonomikoaren erreforma demokratizatzaile eta askatzailearen posibilitatea.