argia.eus
INPRIMATU
Azpikontratazioa kulturaren kaltean
  • Azpikontratazioak kulturaren arloko profesionalen lan-baldintzei ere eragiten die, nahiz eta beste sektore batzuekin konparatuta, ez den gaiaz hainbeste hitz egiten. Problema ikusgarriago bihurtu dute azken hilabeteetako bi gertakarik: euskal bikoizleen plantoak eta Tabakalerako Ubik liburutegiko langileen grebak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko otsailaren 20a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

“Lan baldintza duinak Tabakalerako langile guztientzat” idatzita zeukan pankartarekin, elkarretaratzea egin zuten joan den asteazkenean Donostiako kultura garaikideko nazioarteko guneko hainbat langilek. Bi hilabete pasa dira zentro horretako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariak greban hasi zirenetik, beste zenbait arazoren artean salatuz soldata baxuak dauzkatela eta kontziliaziorako aukerarik ematen ez duten ordutegiak.

Ez dirudi soluzioa hurbil dagoenik eta bitartean, Tabakaleraren zerbitzu izarretako bat itxita dago, kontratua eskuratu zuen Sedena enpresak planteamendu “iraingarriak” jarri baititu momentuz negoziazio mahaian grebalarien ustez –soldata igoera baten truke datozen lau urteetan mobilizaziorik ez egiteko konpromisoa eskatu zien–. Lan-gatazka hau agerian uzten ari da Ubiketik harago doan problema, zentro bereko beste zenbait zerbitzuk ere azpikontratazio bidez funtzionatzen baitute. Liburutegitik landa ere bada prekarietaterik.

Beste sektore askotan ikusi duguna errepikatzen ari da kulturaren arloan. Diferentzia batekin: langile kulturalen prekarietatea erdi-ezkutuan eraman dela orain dela gutxi arte

Historia ezaguna egingo zaie azken asteetan zeresana eman duten beste langile kultural batzuei: pelikulen euskarazko bikoizketak egiten dituzten aktoreek urtarrilaren amaieran iragarri zuten ez dutela film gehiago doblatuko Zinema Euskaraz programaren barruan. Joan den irailean Mixer enpresak irabazi zuen bikoizketarako ETBren lehiaketa publikoa, “prezio merkeena eskainiz” Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak azaldu duenez. Gero soldata jaitsi zien bikoiztaileei –berriz jaitsi, izan ere, bost urtean %35 murriztu die–. Eta profesionalen gehiengoak beherapenari uko eginez, lanuztea abiatu zuen.

Kontua ez da berria, sektore askotan gertatu denaren errepika baizik: instituzioek enpresa pribatuen esku uzten dituzte zerbitzu publikoak; enpresok ukondoka aritzen dira adjudikazioa lortzeko, prezioak lurretik botatzen; langileek pagatzen dute lehenbizi, euren kondizioak beheitituz; eta herritarrek gero, zergekin ordaindu dituzten zerbitzuen kalitatea jaisten delako edo, sortzen diren lan-gatazkak medio, eten egiten direlako.

Diferentzia bat egon da duela ez askora arte, ordea, beste alorretako langileen eta sektore kulturaletan zebiltzanen artean: hauen prekarietatea erdi-ezkutuan egon dela, ez zela publikoki adierazten, akaso beraien ogibideak ez duelako bat egiten normalean langile klasekotzat jotzen dugun horrekin. Ubikeko eta bikoizketako profesionalen aldarriek konfirmatzen dute muga hori desplazatzen ari dela. Eta azken urteetan ugaritzen ari diren zerbitzu hauetako langileen borrokak kontuan izanda –Bilboko Guggenheim eta Arte Ederretako musetako grebak, Azkuna Zentrokoa, Euskaldunakoa, Irungo CBA kulturguneko langileek lortutako hobekuntzak…–, beste batzuk ere sor daitezke, indarrean den eredua aldatzen ez bada.