argia.eus
INPRIMATU
Kontzeptua, gogoa eta intentsitatea
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko otsailaren 12a
This is fine. GIANTE. Cosmic Tentacles, 2018.

Gasteizko laukote honek harrituta utzi nau post-hardcorea biziberritu izanagatik; energia biziko kontzertuak egiteagatik; eta estreinako lana disko kontzeptuala delako. Historiako gertaera latzak aukeratu eta bakoitzari kanta bana idatzi diete: 12 guztira, Gernikako bonbardaketa, Gasteizko Martxoak 3, Leningradoko guda, Srebrenica zein Malaga-Almeria, besteak beste. Hori guztia This is fine izenburu ironikoarekin.

Asier, Mikel, Koke eta Okik 2016an sortu zuten taldea eta, konturatu orduko, estreinako disko oso txukuna dute kalean, bi sari garrantzitsu eskuratu dituzte –Bilbo Hiria lehiaketan Azkena Rock eta Kultura Live sariak jaso dituzte–, eta ikusleen harrera oso beroa jaso dute. Eta beraiek esker onez eta ahalik eta kontzerturik borobilenak ematen bizi dute hau guztia.

Taldearen emaitzak batez ere 90eko hamarkadan AEBetan aritu ziren hainbat talde gogora ekartzen badigu ere, diskoan “Diska hau Vitoria-Gasteizen egina da. Eskerrik asko” leloa jaso dute eta, hain zuzen ere, hiri arabarreko Sagasound SLL estudioan grabatu dute Koldo Sagaskumeren gidaritzapean.

Diskoa zabaltzen duen Fat boy piezak emo eta post-aren arteko orekan, erritmo bizian eta ahots indartsuz men egiten dio hainbeste maite duten At The Drive In-i. Jarraian dator Unit 731, hardcorearen adiera zabal eta bizi horretan, Rites Of Spring bailitzan. Defense of van-ek denetik dauka: post-hardcore labela, intentsitatea, dotorezia, tempo erdiak eta giro bereziak. The beziers of knife massacre gordinagoa da, zuzenagoa, nahiz eta erritmo aldaketekin ere jolasten duen. Azoka Eguna ilunagoa da, makurragoa, Lisabö eta enparauen girokoa. Eta A aldea ixten duen Leningrad blokada noisearen eta post-hardcore zapalgailuaren aliantza.

Paperak die Fugazieroagoa da, nahiz eta lelo eta gitarra rockeroak ere badituen. Operation vegetarian Fugaziren tempo erdian kokatzen da, baina Make Up eta Zen Gerrilla xuxurlari zein psikodelikoenak agurtuz. Machete girl ere koktela da: pop-etik abiatuta Placebo gordinenera arte. 3 de marzo instrumental itogarria. Srebrenica erritmo aldaketekin aberastutako suziria. Eta, azkenik, Malaga-Almeria muturrean jarritako post-hardcore urgentzia. Ipini ezazue arreta!