argia.eus
INPRIMATU
Gaztaina biziberritzeko elkarte berria Bidarrain
Garazi Zabaleta 2019ko otsailaren 15
Beñat Itoiz, atzean gaztainarekin hirina egiteko errota duela.
Beñat Itoiz, atzean gaztainarekin hirina egiteko errota duela.

Azaroan sortu zuten Bidarrain Gaztaina Elkartea, eta urtarrilaren bukaeran egin dute elkartearen lehen biltzar nagusia. Luhuso, Makea, Lekorne, Heleta eta Bidarraiko hainbat nekazari eta auzapezek hartu dute parten, gaztainaren etorkizunaz kezkatuta eta hura sustatzeko xedearekin. “Ari gara pentsatzen mendi zola hauetan zer produkzio sar daitekeen, eta hor bada aukera bat, jada badauden gaztaindegiak zertan diren ikusi, lur eremuak garbitu eta jendeari horiez baliatzeko aukera emateko”, azaldu du Jean Michel Anchordoquy Bidarraiko auzapezak Euskal Irratietan.

Japoniatik Euskal Herrira

Historia bitxia du gaztainak gurean: gaztainondoak bertan ohikoak ziren arren, 1870 inguruan gaitzak jota galdu ziren gehienak. 1909. urtean urrundik iritsi zen egun hemen zabalduta dagoen gaztaina barietatea: Japoniara joandako bi misiolari euskaldunek ekarri zuten gaztaina japoniarra Euskal Herrira. Ipar Euskal Herritik hasi zuen bidea gaztaina iritsi berriak, Sarako eta Zuraideko landaketa handietatik. Gerora, gure geografia guztiko basoetara zabaltzen joan zen.

Gaztaina Elkartearen bultzatzaile nagusietakoa den Beñat Itoiz gaztainarekin esperimentatzen aritu da azken urteetan, eta uste du garai batean gurean izan zuen garrantzia eta ekonomia berreskuratu litekeela: “1958an gaztainaren merkatu ugari izaten ziren astero Bearnon eta Ipar Euskal Herrian. Bistan da bizitzan eta ekonomian egondako aldaketek gaztaina uztea eta ahanztea ekarri dutela, baina jendearen gogoetan beti mantendu da gaztainarekiko lotura“.

Gaztainak forma ugari

Bidarrain duen tailerrean gaztainarekin produktu ezberdinak egiten ditu Itoizek: ogia, irina, krema, baita garagardoa ere. Jaki sanoa eta gure mendiei oso lotua izanik, gaztainari dagokion garrantzia ematea da elkartearen helburuetako bat. Ahaztu gabe gaztainaren ekoizpenak aukera ekonomiko berriak ere ekar ditzakeela: “Interesgarria izan daiteke zenbait gazterentzat gaztainarekin lotutako proiektuak abiatzea”, dio Heletako auzapez Filipe Etxeparek.

Irudia: Maitane Gartziandia.