“Independentismo katalanak faxismoa itzarri du”. Esaldi bakarrarekin, nola zuritzen diren jarrera batzuk, nola banatzen diren ardurak: faxismoa indar naturala da, lo arina duen dragoi bat, Katalunia aldeko aldarrikapen neurrigabeek zirikatu dutena. Gauzak nola kontatzen diren.
Nola kontatzen den Espainiako trantsizioa ere. Eta nola konta litekeen. Eredu negatiboen bidez, konparaziora: ez Grezian bezala (han erreferenduma egin eta monarkia kanporatu zuten), ez Portugalen bezala (han iraultza izan zuten), ez Espainiako II. Errepublikan bezala (orduan ere faxismoa itzarri eta Espainia salbatzera behartu zuten). 19. mendeko berrezarkuntza bezala, hori bai: bi alderdi nazional handi –kontserbadorea eta ez hain kontserbadorea–, monarkiaren begiradapean.
Frantziako iruditeri politikoan, herritar guziak ibili ziren lasterka herria gidatzen zuen askatasunaren gibeletik, herritar guziak aritu ziren nazien kontrako erresistente. Mitoak dira, jakina. Gezurrak, nahiago bada. Baina kultura politiko jakin bat osatu dutenak. Espainian, herritar guziak ardi beldurtiak dira, agintean daudenen ardurapean jostetan aritzen ahal diren haurrak, baina ez sobera ozen, piztia itzarriko baita bertzenaz.
Muturreko eskuinak ematen du beldurra Frantziako kultura politikoan; Espainiakoan, ezkerrak. Eta horrela, edozein keinuk balio dezake herritar patriota normal anitzek barnean daramaten piztia esna dadin. Gogoz kontra, betiere. Ezker erradikalak behartuta. Muturreko eskuinik inon ez den bezala, muturreko ezkerra zentrotik hurbil-hurbil hasten baita, eta, tarteka, alderdi ez hain kontserbadore hori kutsatzen baitu.
Ardi beldurti nahi gaituzte. Baina zenbaitek larrua bertzerik ez dute arditik. Gizotso ugari daude hemen. Eta autoritarismoaren ilargia, bete-betea Europako zeruan.