argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistak geldiarazi nahi dituzte
  • Emakumeenaz gain, pasa den urteko Hego Euskal Herriko mugimendu sozial garrantzitsuena, zalantzarik gabe pentsionistena izan da, Espainiako eta erkidegoetako gobernuak mugiarazterainokoa. Mobilizazio horiei esker pentsioak balioz handitzea lortu dute, batez ere baxuenak. Baina aldarrikapen nagusia betetzeke dago oraindik: 1.080 euroko pentsio duina izatea, Europako Karta Sozialak ezarritako gutxienekoa hain zuzen. Gobernu guztiak, izan Madril, Gasteiz zein Iruñekoa, derrigortuta daude zuzenean edo zeharka halako sektore bati erantzuna ematera. Horregatik jarraitu dute mobilizazio jendetsuek.

Juan Mari Arregi 2019ko otsailaren 06a

Mobilizazio horiek geldiarazteko erasoaldi baten aurrean gaude orain, ez baitira gobernuen eta Kapitalaren gustuko. Fronte mediatikoa dute lagun, eta honek bere gerra partikularrari ekin dio, oraindik hasi besterik egin ez dena. Kapitalisten zerbitzura dagoen El Correok Bizkaiko pentsionisten talde baten salaketa puztu du, esanez ez diotela “Bilduren eta Podemosen hauteskunde kanpainari ekarpenik egin nahi”. Baina Bizkaiko pentsionistek –Hegoaldeko beste pentsionistekin batera– kalera hainbesteko jendetza atera badute, hori izan da denoi eragiten digun aldarrikapen orokor baten alde ari direlako, talde batekoak zein bestekoak izan.

Pentsionisten mugimendu barruan, jakina, jatorri ugaritako jendea dago, eta ondorioz alderdiek edo sindikatuek ez lukete mugimendua bereganatzeko jolasean ibili behar, are gutxiago hauteskunde bezperan gaudenean. Horrela jokatzea, gobernuen eta Kapitalaren fronte mediatikoari bazka ematea litzateke, nola edo hala gelditu nahi baitituzte pentsionistak.